Bizitzaz adina naturaz

Gazteei begira idatzi ditu Antton Kazabonek 'Ilunpetik argira' liburuko poemak. Jon Zabaletak irudiz jantzi du lana, eta Maiatzek plazaratu du

Jon Zabaleta marrazkilaria eta Antton Kazabon idazlea, Donostian, liburuaren aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Irakaslea da lanbidez Antton Kazabon, eta haurrei poesia hurbiltzen dieten hainbat liburu plazaratu izan ditu orain arte. Oraingoan, baina, gaztetxoei begira idatzi ditu Ilunpetik argira lan berriko poemak, eta 12 eta 16 urte bitartekoei idatzi dizkie bizitzari buruzko bere gogoetak. Poesia bihurtutako gogoetak baitira liburuan jaso dituenak. Jon Zabaleta marrazkilariaren irudiek jantzi dute lana, eta Maiatz argitaletxeak plazaratu du.

«Animikoki baxu samar nengoenean hasi nintzen idazten halako pieza batzuk, poemak... ez dakit zein izen jarri, besterik gabe gogoetak dira», azaldu zuen Kazabonek liburuaren aurkezpenean. Baina Ilunpetik argira jarri dio titulutzat liburuari, eta, beraz, izenburutik bertatik suma daiteke poema baikorragoak ere badirela. «Ilun samar gaudenean poemak eta gogoetak ere ilun samarrak izaten dira. Gero ez dakit nola izan zen sinbiosi hori; gogoetak argitu ahala ni ere barrutik argitzen hasi nintzen, edo alderantziz, ni barrutik argitu ahala poemak ere argitzen joan ziren». Nolanahi den, bizitzaren gorabeherak dira nagusi liburuan, baina naturak ere protagonismo handia du poemetan. «Ni naturatik nator, baserritik, eta gogoetak lantzeko naturako elementuak erabiltzen ditut etengabe».

Bertso idatzia ere jorratu izan du Kazabonek, baina «kortse estuegia» begitantzen zaio aspaldian, eta, oraingoan, libre aritu da neurriz eta errimaz. Kantu itxurako poema bat sartu du lana ixteko, Xabier Lete omentzeko; haren olerki eta kantuetako esaldiak lotuz osatu du pieza. Formari garrantzia eman dio, baina edukiari ere xede bat jarri dio idazleak: gogoeten bidez, irakurleari gogoeta eginaraztea. «Uste dut poema estetikoki zaindu behar den zerbait dela, baina, eduki mailan, baita pentsaraziko duen zerbait ere».

Haurrentzat dozena bat liburu ondu ditu Kazabonek, baita poesiazkoak ere. «Halakoetan ez dira gogoeta hain serioak izan, hitz jokoak baizik, errima gehiagorekin, jolas egitekoak». Oraingoak idaztean bere ikasleak izan ditu gogoan, 12 eta 16 urte artekoak. «Uste dut haientzat elikagai samurra izan litekeela poesia mundu hori lantzeko».

Poesiaren «bekatu txikia»

Jon Zabaletaren irudiek laguntzen dituzte liburuko poemak. Badira hogei urte bi sortzaileak elkarrekin lanean hasi zirela, eta ordutik zortzi bat lanetan jardun dute batera. Zabaletaren lana goraipatu zuen idazleak.

Euskarazko poesia argitaratzearen alde mintzatu zen Maiatz argitaletxeko editore Luzien Etxezaharreta. «Egun, poesia espazio inportante bat da euskal literaturan. Badu bekatu txiki bat: gutxi saltzen dela, eta argitaletxeak askotan ez dira ausartzen liburuak argitaratzen. Baina, aipatuko balitz poesiak adierazteko eta hizkuntza apaintzeko duen indarra, horrek beharbada emanen lioke behar duen tokia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak