Bilboko Arte Ederren Museoak eta Eleiz Museoak Bizkaiko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Bizkaiko ondare artistikoa ikertzeko eta ezagutarazteko datozen bost urteetan. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Joseba Segura Bilboko elizbarrutiko gotzain administratzaileak, Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak, Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendariak, Gorka Martinez BBKren zuzendari nagusiak eta Begon?a de Ibarra Zuazo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak aurkeztu zuten akordioa, atzo.
Azaldu zutenez, hitzarmenaren helburua da museoen bildumen eta lurraldearen historiaren epe jakin batzuen inguruko ezagutzan sakontzea. Lan ildo nagusien oinarriak kontserbazioa eta ikerkuntza, erakusketak eta kultur bitartekaritza izango dira.
Bilboren eta Bizkaiaren historiari lotutako aztergaien artean izango dira XVI. eta XVII. mendeetan Flandriarekin (Belgika) egindako arte trukeak, Bilboren eta Bizkaiaren aldaketak XVIII. mendean, eta arte erlijiosoaren garapena XIX. eta XX. mendeetan.
Paretekin Bilbon zehar
Elkarlanaren lehen emaitza Luis Paret Alcazar margolariaren omenezko erakusketa bat izango da. «Pareten bidez, eta hark Bilbon egindako egonaldi labur baina distiratsuaren bidez, azalduko da zer testuingurutan sortu zen modernotasuna, pentsamolde ilustratu berria sustatu zuten erakundeen eraginez», azaldu dute.
Erakusketa bi museoetan jarriko dute, udan: Arte Ederren Museoan gai laikoak jorratzen dituzten artelanak izango dira, eta Eleiz Museoan, berriz, erlijio gaiak ardatz dituztenak. Ibilbide bat ere antolatuko dute, Bilbon zehar, Pareten obretako gertaleku nagusiak elkartzeko.
Bizkaiko ondarea ikertuko dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Eleiz Museoak
Hitzarmen bat sinatu dute bi museoen bildumetan eta lurraldearen historian sakontzeko. Luis Pareten erakusketa bat egingo dute udan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak