Rock, pop-rock, post-punk, noise-rock eta musika elektronikoko doinuak bi egunez. Hamabi musika talde eta eszenatoki bat. Irungo (Gipuzkoa) Bloody Mary disko denda eta kontzertu sustatzaileak 35 urte bete ditu aurten, eta «musika alternatiboko jaialdi berri bat» prestatu dute urtemuga ospatzeko: Bolo-Bolo Weekend. Donostiako kultur bizitzan «erreferentziazko ekitaldi» gisa finkatzeko gogoz jarri dute martxan, eta gaur eta bihar egingo dute estreinako aldia, Intxaurrondoko kultur etxean, 19:00etan.
Hamabi talde arituko dira denera jaialdian, euskal eszenakoak eta haragokoak, eta jatekoa eta edatekoa ere eskainiko dute. Oholtzara igotzen lehena Zeba taldea izango da gaur, eta, ondotik arituko dira, hurrenez hurren, Adios Amores (20:00), Lukiek (21:05), Honeyglaze (22:10), Aiko El Grupo (23:15) eta Grande Amore (00:30). Bihar, berriz, Mikosisek irekiko du larunbateko kontzertu sorta, eta Kotoi (20:00), Indabe (21:05), Airu (22:10), Silitia (23:15) eta Dame Area (00:30) arituko dira atzetik.
Mikrojaialdi sarea
Bloody Mary disko dendako kideek adierazi dutenez, «aretoen kultura defendatzea eta musika komunitate bat sortzea» ere badu helburu jaialdi berriak. Baita «talentu berria» bultzatzea eta «beste mikrojaialdi batzuekin» sarea osatzea ere.
Lehen aldia Gure tenplua! Gure zarata! lelopean egingo dute, eta 40 eurotan eskuratu daiteke bi egunetarako bonua.