Bonnie Tyler kantari galestarra atzo gauean zendu zen, Faroko erietxe batean (Portugal), haren familiak jakinarazi duenez. Maiatzean hesteetako ebakuntza bat egin behar izan zioten urgentziaz, eta, ondoren, farmakoen bitartez koma eragin zioten, hobeto sendatzeko helburuarekin. Kantariaren osasun egoerak ez zuen hobera egin, ordea, eta zainketa intentsiboetako unitatean izan da zendu den arte. Tylerren familia eta inguruko taldea «atsekabetuta» azaldu dira hedabideetara bidalitako oharrean, eta heriotzak «ezustean» harrapatu dituela adierazi dute. Tylerrek 75 urte zituen.
Ahots lakar eta indartsu bat izan zen Bonnie Tylerren (Skewen, Gales, 1951 - Faro, Portugal, 2026) ezaugarri nabarmenena, bere nortasuna markatu zuena. Musika ibilbidea hasia zuela, 1977an, ahots kordetako nodulu batzuk kendu behar izan zizkioten, eta, zenbait astez ez hitz egiteko agindua jaso bazuen ere, ez zien kasurik egin medikuen aholkuei, eta bere ahotsak gerora mundu osoan ezagun izatera eraman zuen tonua bereganatu zuen.
Urte hartan bertan argitaratu zuen Tylerrek bere lehenengo disko luzea, The World Starts Tonight, eta disko hartatik single formatuan ateratako Lost in France eta More Than a Lover-ek Erresuma Batuko zerrendetan gora egiteko aukera eman zioten. Nazioarteko arrakasta, berriz, hurrengo urtean iritsi zitzaion kantariari, Natural Force diskoaren eta batik bat It's a Heartache kantuaren bitartez.
Tylerrek ez zituen interpretatzen zituen kantuak sortzen, eta, horren ondorioz, hainbat musika estilotara egokitzeko gaitasuna erakutsi zuen bere ibilbidean, betiere pop-rock formatu baten barruan. Hala, 1980ko hamarkadan Jim Steinman konpositore eta ekoizle estatubatuarrarekin hasi zen lanean —Meat Loafen Bat Out of Hell diskoarekin arrakasta izugarria lortua zuen ordurako Steinmanek—, eta hark idatzitako Total Eclipse of The Heart balada arranditsuarekin zerrendetako lehen postura iritsi zen bai Erresuma Batuan bai AEBetan. «Nire bizitza osoan zain izan nuen kantua zela ohartu nintzen hasieratik», adieraziko zuen urte batzuk geroago Tylerrek hari buruz.
Propioak eta besteenak
Steinmanekin izandako elkarlanaren emaitza izan ziren, halaber, 1980ko hamarkadako lehen urteetan Tylerrek kantatu eta oihartzun handia izan zuten beste kantu batzuk: Holding Out For a Hero —Footloose filmerako sortua—, If You Were a Woman (And I Was a Man), Here She Comes eta Loving You's a Dirty Job, besteak beste. Zuzeneko emanaldietan, gainera, beste artista batzuen bertsioak ere abesten zituen, tartean Creedence Clearwater Revivalen Have You Ever Seen the Rain? eta Bee Geesen To Love Somebody. Baina diskoetan ere tartekatzen zituen beretzat propio idatzitako piezak eta beste batzuek aurretik ezagutzera emandakoak, eta, hala, Stevie Wonderrek, Carole Kingek eta Janis Joplinek interpretatutako kantuak grabatu zituen beste batzuen artean.
Denera, estudioko hamazortzi disko argitaratu zituen, eta hiru aldiz izan zen Grammy saria eskuratzeko hautagaia, baina ez zuen bakar bat ere irabazi, ezta Erresuma Batuko Britt saria ere, nahiz eta horietan ere hirutan izan hautagai.
Hainbat konpositore eta ekoizlerekin lan egin ostean, 2010eko hamarkadaren amaieran bere erroetara itzuli zen, eta David Mackay lehen ekoizle izan zuenarekin grabatu zituen bere ibilbideko azken bi diskoak: Between The Earth and The Stars (2019) eta The Best is Yet To Come (2021).