Literatura

Bortxak hartutako lurraldea

Nuria Bendicho Giro idazlearen ‘Lur mortuak’ nobela euskarara ekarri du Joxan Elosegik. Etxalde batean girotua dago kontakizuna, eta indarkeria giroa da nagusi.

Joxan Elosegi itzultzailea, liburuaren aurkezpenaren egunean, Donostian. JON URBE / FOKU
Joxan Elosegi itzultzailea, liburuaren aurkezpenaren egunean, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko urriaren 25a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nuria Bendicho Giro idazle katalanak Terres mortes (2020) izendatu zuen bere estreinako eleberria. Eta, hura euskarara ekartzean, Lur mortuak izenburua hautatu du Joxan Elosegik. Mortu hitzak basamortu izan dezakeelako sinonimorik hurbilena, eta, itzultzailearen ustez, «lur idorra, antzua» izan baitzezakeen egileak gogoan, «baita lur usteldua ere, eta, kasu honetan, onik batere ez dakarren lur bat, alegia, gaiztakeria besterik ez dakarren lur bat». Heriotzaren oihartzunik ere ekar dezake mortu-k. Eta hala agorretik nola heriotzatik, bietatik du nobelak, itzultzailearen hitzetan.

Hilketa batekin abiatzen da kontakizuna. Hiru urte kanpoan eman eta gero, gurasoekin eta gainerako senideekin bizi zen etxera itzuli da Joan, Capdevila familiako semea. Landa eremuan bizi da familia, etxalde batean; herri txiki batean, baina herritik guztiz aparte aldi berean. Itzuli eta berehala, Joanek heriotzarekin egingo du topo. Bizkarrean tiro egin dio norbaitek, eta, itxura guztien arabera, hiltzailea ez da etxetik oso urrunekoa.

Egileak hamahiru ataletan banatu du testua, eta atal bakoitzean pertsonaia bat mintzo zaio irakurleari, zuzenean. Hildakoaren etxekoak dira horietako batzuk, eta gertu dagoen herrikoak beste batzuk, Elosegik azaldu duenez. «Ikuspegi desberdinak dituzte, desberdinak baitira adinez eta abarrez, eta, kontatzen dutenaren bidez, irakurlea nobelaren mamia egituratuz joango da pixkanaka, eta jakingo du zer gertatu den».

Alberdaniak plazaratu du liburua, eta Oier Etxebeste argitaletxeko arduradunak berretsi du «ahots konstelazio baten moduan» osatuta dagoela narrazioa, baita «patu izugarri batek markatutako pertsonaiak» aurkezten dituela ere. «Lur mortuak ez da soilik istorio kriminal bat; familiek, patuak eta sekretuek markatutako unibertso ilun eta mamitsu bat erakusten digu, eta ahots bakoitzak bere emozioa eta doilorkeria transmititzen ditu».

Elosegik narrazio osoa zeharkatzen duen indarkeria nabarmendu du beste ezeren gainetik. «Liburu hau gogorra da, baina bizi ditugun garaiak ere bai. Hemen agertzen den indarkeria giroa izugarria da, baina zoritxarrez, gure egunerokoan horrelako albisteak ohikoak dira; hor dugu Gaza, esaterako». Azaldu duenez, nobela aurkeztu zuenean egileari galdetu izan zioten nolatan idazten ahal zituen halako kontu gogorrak. «Esaten zuen gure bizimolde honetan indarkeria oso sustraituta dagoela, eta ez dagoela horretatik ihes egiterik». 

Idazlearen lehen nobela

Elosegik adierazi du Bendicho ez dela oso idazle ezaguna Euskal Herrian. «Liburu hau argitaratu aurretik, ez zuen deus ere publikatua, eta ondotik ere ez du deus publikatu, oraingoz; badirudi aurten ari dela bere hurrengo nobela prestatzen, baina oraingoz ez dago besterik». Bartzelonan sortua da, 1995ean, Hizkuntza Klasikoak eta Filosofia ikasi zituen, eta bi arloen arrastoak sumatzen dira liburuan, itzultzailearen ustez. Bendichok Llibres Anagrama sarira aurkeztu zuen bere estreinako nobela, eta, irabazi ez bazuen ere, epaimahaiak argitaratzea gomendatu zuen; La Vanguardia egunkariak, bestalde, 2021ean katalanez argitaratutako eleberririk onena izendatu zuen, eta finalista izan zen Llibreter, Omnium eta Finestres sarietan. «Pertsonaien psikologia sakon aztertzen duen narrazio gogor baina ederra idatzi du Bendichok, eta literatura katalanari berrikuntza nabarmena ekarri», Etxebesteren iritzian.

(ID_13019611) Nuria Bendicho
Nuria Bendicho idazlea 2023an, Gijongo Nobela Beltzaren Astean jaso zuen saria eskuetan. JUAN GONZALEZ / EFE

William Faulknerren «irakurle amorratua eta mireslea» ere bada idazlea, bai editoreak bai itzultzaileak aipatu dutenez. Elosegi: «Hark esana du bere erreferentzia nagusia Faulkner dela. Nik ez dut sakon ezagutzen, ez dut sekula itzuli, baina liburuan haren giroaren oihartzunak sumatzen ahal ditugu. Oso giro idorra da liburukoa, agorra, zenbaitetan itogarria, eta baita okaztagarria ere». Itzultzaileak beste eragin bat ere aipatu du, hala ere: Victor Catala ezizenarekin sinatzen zuen Caterina Albert idazle katalan modernistarena —1902an Drames rurals ipuin bilduma idatzi zuen, besteak beste—.

Azken horren harira, eleberriari atxiki zaion «ruralismoaren klixea» aipatu du itzultzaileak. Irene Sola idazle katalanaren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak liburua ere Elosegik euskaratu zuen, 2020an, eta gogora ekarri du lan hari ere «etiketa bera» jarri zitzaiola. «Baina bi liburuek ez dute zerikusirik: oso-oso ezberdinak dira». Lur mortuak-ek kontatzen duen istorioa landa eremuan gertatzen bada ere, ez da ez leku ez garai zehatzik aipatzen. «Ezleku eta ezgarai batean gertatzen da, ez dakigu non eta noiz, baina inportanteena zera da: zer bizi duten pertsonaiek». 

«Oso giro idorra da liburukoa, agorra, zenbaitetan itogarria, eta baita okaztagarria ere»JOXAN ELOSEGI Itzultzailea

Halaber, itzultzailearen hitzetan, «dudarik gabe» esan daiteke nobela feminista dela. «Giro patriarkal bat agertzen digu, pertsonaiak ere giro horretakoak dira, eta nik uste dut horretan egilea bereziki saiatu dela gauza batzuk azpimarratzen». 

Estiloari dagokionez, berriz, iritzi dio Bendichok gogoko dituela ahapaldi luzeak. «Elkarrizketarik bada, baina ez da batere funtsezkoa liburuan». Elosegiren ustez, «beharbada zenbaitetan pisu» gertatuko zaio testua irakurleari, eta aitortu du berari ere halaxe gertatu zaiola itzultzeko orduan. «Baina nobela osoa da; beti eragingo du zerbait, alde edo kontra jarriko gaitu, baina ez du inortxo ere epel utziko. Eta espero dut zeresana ekarriko duela gure euskal irakurleen artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.