Soinu artearen esparruan, ezaguna da Yosuke Fujita FUJIIIIIIITA soinu artista japoniarra, eta aurten, Galdakaoko Kaiola jaialdian (Bizkaia) ere izango da, urriaren 18an. Haren lanaz gozatzeko eta harekin liluratzeko aukera paregabea izango da. Izan ere, ekosistema bizidunen modukoak izaten dira haren diskoak eta zuzeneko emanaldiak, entzumena, ikusmena eta oro har zentzumen guztiak kitzikatzen dituzten fenomeno naturalez osatutakoak. Fujitarekin hitz egiteko aukera izan du BERRIAk, eta, bere lehen soinu oroimenaz galdetuta, isiltasun berezi bat aipatuz hasi du solasaldia.
«Behin, 9 edo 10 urte nituela, mendira joan nintzen lagun batekin. Ikusi nahi genuen zer zegoen egunero jolasten ginen menditxoaren atzeko aldean. Mendian barrena abiatzean hesi baten bestaldera igaro, eta jolas parke zahar baten hondakinak aurkitu genituen, karrusel matxuratu bat txatar piloaren erdian. Giro oso arraroa sumatzen zen. Ordu hartan lagunari hitzak xuxurlatzen nizkion bitartean antzeman nuen isiltasun berezi hura ez dut inoiz ahaztuko». Soinuaren sormenaren eta pertzepzioaren —edo pertzepziorik ezaren— misterioen ikertzaile bat jaio zen orduan.
Gero heldu ziren musika tresnak.
«11 urte nituela hasi nintzen gitarra jotzen, eta, bizpahiru akorde ikasi bezain pronto, abestiak konposatzen hasi nintzen, ez bainuen batere gustuko abesti zaharrak jotzen trebatzea. Garbi nuen ezinezkoa zela jatorrizko bertsioa hobetzea, eta, erabat traketsak eta xumeak izan arren, askoz zirraragarriago suertatzen zitzaidan nire abestiak idaztea. Beti izan dut joera inguruko guziek egiten dutenaren aurka edo kontrako norabidean aritzeko, baita gaur ere. Ez kontra ibiltzeagatik, ezta besteengandik bereizteko beharragatik ere, baizik eta nire soinu pertsonala bilatu nahiaren ondorio gisa».
Bere tresna propioak ere sortu izan ditu Fujitak. 2009an, esaterako, eskura zituen materialak baliatuz, inolako planorik gabe eta Interneten bilatutako organo handien egiturak kopiatuz, metalezko hodiak tolesten hasi, eta bere organo pertsonala eraiki zuen. Teklaturik gabe sortzen ditu bere pieza musikalen ehundura zoragarriak, haizea hodietan pasaraziz.
Fujita ikertzen aritzen da etengabe, eta pieza amaituak eta borobilak eskaintzea ez, baizik eta ikertzea bera izaten du helburu. Izan ere, uste du oraindik asko duela ikasteko: «Soinua oso modu bitxietan adierazten da. Ez dago ikusterik edo ukitzerik: une batean espazioan gertatu eta berehala desagertzen den fenomeno bat da. Hala ere, artista baten esperientzia, bizia eta irudimen guzia gorde ditzake barnean. Instrumentu edo ekipamendu bera nota jakin bat erreproduzitzeko erabiltzen baldin bada ere, emaitza guztiz ezberdina izan daiteke interpretearen arabera».
Eta, azaldu duenez, ikuskera horrek askatasuna ematen dio: «Soinua hizkuntza unibertsala da, eta soinu uhinen bitartez bizi ditzakegun esperientzien sorta, berriz, amaiezina. Esperientzia bakoitzak, saiakera eta hutsegite bakoitzak, burutapen eta egoera psikologiko bakoitzak eragina du soinuan, eta denak dira baliagarriak. Saio bakoitzaren aurretik, aldagelan tarte bat hartzen dut hausnartzeko nire bizitzak ordura arte zer bide hartu duen; une horretara bitarteko pauso guziak gogoratzen saiatzen naiz. Horren ondoren, baita aurretik ezagutzen ez nuen hiri batean baldin banago ere, guztiz eroso sentitzen naiz espazioan aritzeko eta nire musika entzutera etorri diren guztiekin batera gozatzeko. Gai sentitzen naiz soinua askatasun osoz sortzeko».
Orain, Resonant Vessel izeneko obra lantzen dabil Veneziako Biurtekorako. Artistaren hitzetan, soinu adierazpena erreminta modura erabiltzea du helburu, eta, dioenez, ohiko gure arreta eremutik at geratzen den halako dimentsio ezezagun bat ukitu nahi luke horrela.
Natura zein teknologia
Kaiolan ere eremu ezkutu batera eramango ditu ikus-entzuleak. Organoa, elektronika ukituak, ahotsa eta nork daki zer gehiago erabilita egingo du hori.
Orain dela gutxi, Nyko Ka Baird artistarekin egindako kolaborazio bat plazaratu du Fujitak Unsound diskoetxearekin, eta hainbat kontzertu ere egin dituzte elkarrekin, Japonian eta Polonian, baina Fujitak ez du uste Euskal Herriko emanaldian behin-behineko eta bat-bateko kolaboraziorik egongo denik. Dioenez, arreta handiz lantzen ditu era horretako lankidetzak. «Egia esan, ez dut karteleko beste artisten lana arakatu oraindik, beraz ezin dut gauza handirik esan. Kontu handiz pentsatzen dut zer kolaborazio egin; ez da ohiko gauza niretzat, ez bainaiz batere malgua halako gauzetarako. Ez dut ezer halakoen kontra, noski. Suertatzen diren bakoitzean, denbora luzez eta konpromiso sakonez lantzen ditut. Bat-bateko kolaborazio arinak ez ditut gustuko».
Egin zituen lehen proiektuetan, gagaku izenekoa ez ezik, bestelako antzinako kultura, ohitura eta estilo batzuk ere landu zituen Fujitak, eta, pixkanaka, elementu eta ikuspegi teknologiko berriekin uztartu ditu: «Garai batean, oso jarrera ezkorra nuen teknologiari zegokionez. Ahalegina egiten nuen makinak ahalik eta gutxien erabiltzeko: nahi nuen nire adierazpenak baliabide analogikoetan eta fenomeno gordin eta naturaletan guztiz oinarrituta egotea. Denbora batez, ez nuen batere efektu artifizialik erabili nahi izan, ezta mikrofonorik ere. Baina gerora ohartu naiz efektuak, mikrofonoak eta bozgorailuak erabilita ere, soinua soinu dela berdin-berdin; alegia, orduan ere, airean mugitzen diren uhinek osatzen dutela soinua. Hortik aurrera, guztiz aldatu nuen teknologiaren inguruko jarrera, eta, orain, askoz baikorragoa naiz. Soinuez ahalik eta modu neutralenean gozatu nahi dut, eta ondorioz, gustuko ditudan soinuen esparrua etengabe ari da zabaltzen. Bost axola zait baliabiderik primitiboenak edo aurreratuenak erabiltzea: airearen bibrazioa da maite dudana».