Euskadiko Orkestrak haurrentzako, gazteentzako eta kolektibo jakin batzuentzako kontzertuak egiten ditu Musika Gela zikloaren barruan. Musika sinfonikoa hartzaile horiei hurbiltzea da helburua, eta bost ekoizpen propiok osatuko dute zikloa denboraldi honetan. Eskoletarako lehen kontzertua gaur izan da, eta familientzakoa, berriz, larunbatean izango da, 12:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Sarrerak salgai daude jada orkestraren webgunean.
Bost ekoizpen horietako batzuk aurreko denboraldietan aurkeztutakoak dira: Arriaga bizi da, Logelan Logale, eta Mozart, Nannerl eta Lagunak. Lehenengoak Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen figura aldarrikatzen du; bigarrena haur kantata bat da; eta hirugarrena, berriz, Maria Anna Mozarten historia berreskuratuko duen obra bat.
Denboraldia osatuko duten beste bi obrak, berriz, Aniztasuna harmonian eta Brassstorm izango dira. Emakume izateagatik ahaztutako konpositore askoren obrekin osatuko dute lehenengoa; azkena, kontzertu bat izango da, Euskadiko Orkestrako haize boskote batena. Lehena urtarrilean estreinatuko dute, Donostian, eta bigarrena, berriz, apirilean, Gasteizen.
Tailerrak eta entsegu irekiak
Logelan Logale kantata taularatzeko, mila haur bilduko dituen abesbatza batekin batera arituko da orkestra. Gainera, aurten berrikuntza bat izango du; entzumen desgaitasunen bat duten haurrek emanaldiaz gozatzeko modua izan dezaten, keinu hizkuntza espezializatuan interpretatuko dute kantata. Azaroaren 13an izango da hori.
Musika Gela zikloak 70 jarduera baino gehiago bilduko ditu denera. Kontzertuekin batera, entsegu irekiak egingo dituzte orkestraren eguneroko lana ikusarazteko. Baita sentsibilizazio tailerrak ere, familientzako kontzertuen osagarri gisa, haurrek entzungo duten kontzertuaren inguruko zenbait eduki landu ditzaten. Tailerrak kontzertuen aurretik egingo dituzte, eta doan izango dira kontzerturako sarrera daukaten haurrentzat. Halere, aurretik izena eman beharra dago, lekuak mugatuak dira eta.
Euskadiko Orkestrak eta Fevas elkarteak urteak daramatzate elkarrekin lanean, eta, hirugarren aldiz, Musikazaleak proiektuarekin bat egingo dute. Egitasmoa adimen edo garapen desgaitasunen bat duten hamabost bat pertsonako hiru talde egonkor sortzean datza: talde horiek zortzi musika tailerretan parte hartuko dute. Antolatzaileek «inklusioa, berdintasuna, parte hartzea, deskubrimendua eta emozioa» jo dituzte programazioaren oinarritzat.