Brigitte Bardot aktore, abeslari eta garai bateko ikonoa hil da

91 urte zituela zendu da. Animalien defentsan sutsuki aritu zen, baita Euskal Herrian ere, besteak beste Baionako zezenketen eta Bixente Larralde pilotariaren bideo baten harira. Eskuin muturraren inguruan ibili da azken urteotan.

Bardot, 2002ko argazki batean, Fronte Nazionaleko buru eta Marine Le Penen aholkulari Bernard d'Ormale abokatuarekin. HERBERT P. OCZERET / EFE / EPA
Bardot, 2002ko argazki batean, Fronte Nazionala alderdiko buru eta Marine Le Penen aholkulari Bernard d'Ormale abokatuarekin. HERBERT P. OCZERET / EFE / EPA
Edu Lartzanguren.
2025eko abenduaren 28a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Brigitte Bardot aktore eta abeslari frantziarra hil da, 1950-60ko hamarkadetako ikono izandakoa, 91 urte zituela. Aspaldi zegoen gaixo, eta ibiltzeko arazoak zituen. Horregatik, luzaroan egon zen Saint-Tropezen zuen etxetik atera gabe. Animalien eskubideen defendatzaile izan da azken hamarkadetan, eta azken urteotan ika-mika sortu izan du zenbait adierazpenen ondorioz.
 
Et Dieu... créa la femme filmarekin egin zen ezagun munduan, 1956. urtean. Lan horren harira, sinbolo sexual bihurtu zen berehala.

Hogei urte pasatxo aritu zen zinemaren munduan, 1952tik 1973ra, eta, tarte horretan, gutxi gorabehera 45 filmetan aritu. Zortzi diskotan ere parte hartu zuen, kantari.

Erretiroa hartu zuenean, animalien eskubideen aldeko borrokan sartu zen buru-belarri, eta, 1986an, Brigitte Bardot fundazioa sortu zuen, misio horretan laguntzeko. Horren oihartzunak Euskal Herriraino heldu ziren 2019ko abuztuan. Izan ere, salaketa jarri zion Bixente Larralde pilotariari, hortzekin oilar bati lepoa mozteagatik. Mundu osoan zabaldu zen salaketaren oihartzuna, eta pilotariari heriotza mehatxuak egin zizkioten horren ondorioz.

Egun batzuk geroago, eztabaida piztu zen Frantziako bi ministro Baionako zezenketa bat ikustera joan zirelako. Argazki baten bitartez, zabaldu zen Jacqueline Gourault Lurralde Politikarako ministroa eta Didier Guillaume Nekazaritzako ministroa zezenketan egon zirela, Jean-Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariarekin batera. Animalien ongizatea zen Guillaume ministroaren arduretako bat, eta kontraesanezko jarrera izatea leporatu zioten animalien defendatzaileek. Brigitte Bardoten erakundearen arabera, ministroak sinesgarritasun osoa galdu zuen «egin daitekeen ikuskizunik basatiena» ikustera joanda.

Azken urteotan, berriz, ika-mikak sortu dira Bardotek migrazioaren, islamaren, feminismoaren, txertoen eta LGTBI kolektiboaren aurka eginiko adierazpenengatik. Bardot eskuin muturraren sinboloetako bat bihurtua zen Fronte Nazionaleko buru eta Marine Le Penen aholkulari Bernard d'Ormalerekin ezkondu zenetik.

Hain zuzen ere, Le Penek berak deitoratu egin du Bardoten heriotza gaur sare sozialetan: «Frantziak aparteko emakume bat galdu du»; haren «dohainak, adorea eta edertasuna» goratu ditu Le Penek.

Emmanuel Macron Frantziako Presidenteak idatzi duenez, «Bardotek bizitza askea gorpuztu zuen».
 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.