Bruce Springsteen musikari estatubatuarrak hamabi kontzertuko bira eginen du datorren urteko udaberrian Europan barna, eta Donostian eginen du geldialdietako bat. Kontzertua emanen du ekainaren 21ean Anoetan. Artista 2016an aritu zen Donostian azkenekoz —2012an ere izan zen—, eta, berriz bertan joko duen notiziak eraginen zuen erreakzio mordoaren jakitun, lehen lerroko politikariek jakinarazi dute albistea. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak eta Donostiako alkate Eneko Goiak eman dute haren berri, besteak beste.
Kasik aldi berean, Bruce Springsteenen musikagintzari buruzko kontu ofizialak iragarri du kontzertua, X sare sozialaren bitartez. Zehaztu dutenez, birako bederatzigarren kontzertua izanen da Donostiakoa.
HERE IT IS!!! BRUCE SPRINGSTEEN AND THE E STREET BAND HAVE ANNOUNCED THEIR 2025 EUROPEAN TOUR DATES!!
— Bruce Springsteen's Tour News (@BruceTourNews) October 1, 2024
SEE YA THERE!! pic.twitter.com/2dGKdrUAtg
Anoetako kontzerturako sarrerak datorren asteartean jarriko dira salgai; zehazki, 10:00etan. 38.000 sarrera izanen dira guztira, eta prezioak 70-140 euro artekoak dira, tokiaren arabera.