Ignacio Apeztegia Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusiak, Erriberriko (Nafarroa) udal ordezkariek eta Ane Pikaza eta Maria Goirizelaia zuzendari artistikoek Erriberriko Antzerki Jaialdia aurkeztu dute gaur Cavako agertokian. Aurten parte hartuko duten konpainiek ere izan dute ordezkaririk bertan: aldamenean izan dituzte Las Nenas Theatre, Qabalum, Erain, Ion Iraizoz konpainia, Mikele Urroz Zabalza, Itsaso Iribarren eta German de la Riva, Lorena Arangoa, Broken Brothers Brass Band eta Gorka Urbizu.
Bihartik hasi eta abuztuaren 3ra bitartean, diziplina anitz uztartuko ditu Erriberriko Antzerki Jaialdiak 26. aldian, besteak beste, musika, dantza, zirkua, clowna, performancea eta antzerkia. Argentinako, Frantziako, Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko 27 konpainia batuko dira Erriberrin, eta berrogei emanaldi egingo dituzte guztira. Horietarik hamabost emakumeek sortu, idatzi edo zuzendutako lanak izanen dira. Euskarazko bi lan izanen dira.
Ikusmen eta entzumen desgaitasunen bat dutenentzat hiru lan moldatu dituzte beren-beregi; azpititulu egokituak, audio deskribapena, begizta magnetiko indibiduala eta aurikularren bidez soinu anplifikatua izanen dituzte aukeran.
Topaketak eta tailerrak
Funtzioez gainera, artisten eta prentsan espezializatuko kideen arteko topaketak ere egingo dituzte. Baita tailerrak ere: Alessandra Garciak Olite, Mírame a mí (Olite, begiratu niri) emanen du; Alberto Conejero Lopezek Hay que salvar el fuego (Sua salbatu behar da); Marco Canalek La velocidad de la luz (Argiaren abiadura); Maria Gonzalez Robertsek Liderazgo de grupos y proyectos y autogestión (Proiektuen eta taldeen lidergotza, eta autogestioa); eta Adrian Pereak La constitución española explicada por niños para adultos (Espainiako konstituzioa haurrek helduentzako azalduta). Iratxe Lopez de Muniainek, iazko jaialdiaren karteleko irudiaren egileak, maskara ikastaro bat emanen du.
Sormen egoitzarik ere hartuko du jaialdiak: Natxo Lapiezak eta Rosa Beunzak Farmacia Marcial lana onduko dute, eta Estefania de Paz Asinek, berriz, Oscopía: creo con ciencia, creo conciencia.
Lehen asteburua
Aldi honetako lehen hitzordua bihar 19:00etan izanen da, Erriberriko Teobaldos Plazan. Gorka Gansok eta Cecilia Paganinik Welcome & Sorry clown kutsuko keinu komedia egingo dute. Jarraian, La Celestina, tragicomedia de Lita oholtzaratuko du Rey Marciali Producciones konpainia argentinarrak, Tafallako kulturgunean. Ondoren, Los Brutos antzezlanaren txanda izanen da. Roberto Martin Maiztegik zuzendu eta Javier Ballesteros, Angela Boix, Francesco Carril, Olivia Delcan eta Emilio Tome antzezleek jokatuko dute, 22:00etan, Cava agertokian.
Lehen topaketa larunbatean eginen dute, 13:00etatik aurrera, Enozentrumen. RTVEko kazetari eta arte eszenikoetan aditu Machus Osinaga, RNEko La Sala programa zuzendari Daniel Galindo eta La Razón egunkariko antzerki kritikari Raul Losanez Los Brutos antzezlanaren zuzendari eta Antzerkigile Roberto Martin Maiztegirekin arituko dira solasean. Sarrera librea izanen da aretoa bete arte.
Egun berean, 19:00etatik aurrera, Welcome & Sorry keinu komediaren bigarren emanaldia izanen da San Martin Unxeko plazan. 22:00etan, Nao Albetek eta Marcel Borrasek haien izena daraman lana taularatuko dute Cavan.
Igandean ere topaketa izanen da, 13:00etan, Enozentrumen. Bertan, Galindo, Machus eta Losanez Alberto Conejerorekin eta Ruben de Egia aktorearekin solastatuko dira, En mitad de tanto fuego antzezlanaz. Kataluniako Lapso Crick konpainiak Ovvio zirku ikuskizuna emanen du 19:30ean, Teobaldos plazan. Eta 22:00etan Xavier Albertik zuzendu eta Ruben de Egiak antzeztutako En mitad de tango fuego lana izanen da ikusgai, Cavan.
Sarrerak www.festivalteatroolite.es eta www.fundacionbaluarte.com webguneetan eros daitezke. Baita Baluarteko leihatilan eta La Morea merkataritza gunean ere.
Cavako ikusgarriak hogei euroan daude salgai, eta, gazte txartela erakutsiz gero, hamabi euroan. Abonu osoak 210 euroren truke eskura daitezke —96 euroan gazte txartelarekin—, eta, hiru emanalditako abonua, 55 euroan —28 euroan gazte txartelarekin—. Gorka Urbizuren kontzertua, berriz, doan izanen da: abuztuaren 1ean, 20:30ean, Erriberriko jauregian.