Bukaera aurreikusi ezin zaien lanak

Aitor Ruiz de Egino artistak aluminioarekin egin dituen margolan eta eskulturak ikusgai daude Andoainen

Aitor Ruiz de Egino, Basteron ikusgai jarri duen eskulturetako baten aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Andoain
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Tururu! Hala esaten du egunotan Andoaingo Bastero kulturgunean dagoen erakusketak (Gipuzkoa). Aretoaren grisa koloreztatzen duten margolan eta eskulturak daude. Aluminio xaflak kolore biziz margotuta, materialak eransten dion dirdira bereziarekin. Aldartea pizten du, eta ustekabean lortu du efektu hori Aitor Ruiz de Eginok (Hernani, Gipuzkoa, 1971). Hilaren 28a bitarte izango da zabalik.

Erakusketaren izenak lotura zuzena du Ruiz de Eginoren egungo bizitzarekin. «Bi urteko seme baten aita naiz, eta orain gaude elkarri 'tururu' esateko garaian». Jokoa ematen dion jolasa da, antza. «Hitza bera barregarria eta jostalaria da». Bere arte espresioa ere nahikoa tururu dela iruditzen zaio, eta definitzeko balio diola. «Ni ez naiz oso ortodoxoa, sinpletasuna lortzen ahalegintzen naiz», zehaztu du. Erakusketaren izena eta artistaren izaera ondoan doaz.

Lanerako orduan, «misterioa lortzen» saiatzen dela dio. «Sorkuntzatik gehien gustatzen zaidana hasierako prozesua da, eta horrek neroni harritzea nahi izaten dut». Aurretik buruan duen zerbait egiteak ez du kitzikatzen Ruiz de Egino, kopiatzen ari denirudipena izaten du. Ikusleari ere harridura hori sorrarazi nahi dio: «Zalantza sortu nahi diot bisitariari, atentzioa eman diezaiola, apur bat misteriotik izan dezatela lanek». Izaki edo gizaki bati dagozkion bi borobil dituzte margoek; eta pertsonak buru zorrotzak, postura batean baino gehiagotan. «Abere bat, pertsona bat, abere eta pertsona batzuk edo estruktura bat izan daitezke».

Erakusketako artelan guztien materiala aluminioa da; duela hamar urtetik bidelagun duen lehengaia, alegia. Natura eta industria uztartzen ditu Ruiz de Eginok. Eta sortu du Hernani eta Adarra mendiaren artean mundu «kosmogeniko» bat. «Adarraren magalean hazitakoa naiz. Nire amaren baserrira joateko ohitura genuen, eta ondotik igarotzen zen ibaiaren beste aldean zegoen herriko industrialdea; hango galdategian egiten zuen lan gure aitak, hain zuzen». Naturari era industrializatuan, eta bide batez, Hernanik metalarekin izan duen harreman historikoari egiten dio keinu.

Margotzen baino gehiago eskulturagintzan arituagoa da. Inprimategietan aldizkari eta egunkariak inprimatzeko erabiltzen dituzten xaflen gainean margotzen du. Horregatik dute dirdira. Paperarekin lortzea zail diren gauzetarako aukera ematen dio aluminioak. «Rotaflexarekin forma eman diezaioket; azken batean, askatasun hori du». Margolanen ertzak okertu samar daude, erakusten dute mugimendu bat.

Eskulturatik datorrenaren esku zailduek margoetara jauzi egiten dutenean, igarri egiten delakoan dago Ruiz de Egino. «Bere burua eskultoretzat duenak marraztutako margoak egia da hartzen duela garrantzi handia; niri berdin gertatzen zait, lehenengo margolanaren formari ematen dio garrantzia, ondoren datoz argia, itzala baita kolorea ere».

Arte ederrak ikasi gabe egin den artista dela dio Ruiz de Eginok. Enpresaritza ikasketak egin zituen, harik eta duela zortzi urte afizioa ofizio bihurtzea otu zitzaion arte. «Arte liburu ugariirakurri ditut, eta baita ikastaro ugari egin ere». Gaur egun, lantxo bat ere egiten duela gaineratu du.

Lantegia sorterrian du, eta handik mugitu gabe sortzen ditu lanak. «Bertatik bertara ditut aluminioa, txatartegia eta behar dudan guztia. Bi kilometroren buruan eskuragarri dauzkat». Hain zuzen, galdategitik lortutako egurrezko bi pieza daude ikusgai erakusketaren sarreran, sinbolotik ere baduten bi eskultura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.