Carlos Alonso artista plastiko argentinarra hil da

Zentsuraren eta autoritarismoaren aurka borrokatu behar izan zuen urte askoan. Argentinako XX. mendeko artistarik nabarmenenetako bat izan da. 97 urtetan zendu da.

Carlos Alonso artista, artxiboko irudi batean. CESAR DE LUCA / EFE
Carlos Alonso artista, artxiboko irudi batean. CESAR DE LUCA / EFE
garbine ubeda goikoetxea
2026ko irailaren 21a
21:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errealismo espresionista zen Carlos Alonso artista plastikoaren ezaugarrietako bat. Bestea, artea eta Argentinako diktadura talkan jartzea. Txirotasuna, indarkeria eta larrialdi sozial eta politikoak eraman zituen bere margoetara, besteak beste, eta horrek autoritarismoaren jomugan jarri zuen 70eko hamarraldian. Argentinako artistarik nabarmenenetako bat izan zen XX. mendean, eta are sona handiagoa hartu zuen XXI. mendea hastearekin batera. 97 urtetan zendu da.

Mendozan (Argentina) sortu zen,1929an. Oso gazte zela ekin zion margotzeari, eta berehala hartu zuten Lino Enea Spilimbergo pintorearen taldean, Tucumanen. Antonio Berni, Juan Carlos Castagnino eta beste hainbat pintore ezagutu zituen garai hartan. Haren estilo berritzaileak arreta eman zion bati baino gehiagori, eta  joan den mendearen erdi aldera literatura klasikoa ilustratzeko lantxoak eskatzen hasi zitzaizkion. Besteak beste On Kixote, Martin Fierro edota Jainko Komedia-n oinarritutako irudiak sortu zituen.

Carlos Alonsok bere buruari egindako erretratua.
Carlos Alonsok bere buruari egindako erretratua.

70eko hamarraldian, baina, kutsu gero eta politikoagoa hartu zuten haren lanek. 1976an, Rembrandt margolariaren obrak eta Ernesto Guevara Che lider iraultzailearen hilketa margolan serie batean lotu zituenean, Argentinako diktaduraren zerrenda beltzetan agertu zen, eta haren lan asko zentsuratu zituzten. 1983ra arte jarraitu zuen zentsura horrek.

Indarkeria militarrak, gainera, gogor jo zuen Alonsoren etxean. Haren alaba Paloma atxilo hartu eta desagerrarazi egin zuten, eta horrek biziki markatu zuen artistaren bizialdia. 1977an erbesterako bidera hartu behar izan zuen. 1981ean itzuli zen Argentinara.

Gerora, Europako eta Amerikako erakusketa anitzetan parte hartu zuen, eta, XXI. mendean sartzearekin batera, nabarmenagoa egin zen haren eragina Argentinan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA