Haren abestiak baladak izaten dira batzuetan, motelak, lasaiak, samurrak. Beste batzuetan, berriz, doinu azkarragoak izaten dira, konplexuak, biziak. Baina bada elementu bat guzti-guztietan agertzen dena, Carmen Lundy (Miami, Florida, 1954) jazz abeslari estatubatuarraren iritziz: esperientzia. Izan ere, esperientzia du inspirazio iturri Lundyk. Kantu guztiak sortzen ditu inoiz bizi izandakoetatik abiatuta, eta halaxe azaldu du artistak: «Batzuetan laguntasunetik dator [inspirazioa], beste batzuetan harremanetatik, maitasunetik, harremanetako momentu zoriontsu eta tristeetatik… Munduko hiritar gisa hainbat gauzaren parte naiz, eta horretatik ere ateratzen dut, eta musikarekin esateko modu bat bilatzen dut». Abeslariak kontzertua emango du gaur Viktoria Eugenia antzokian, Donostiako 61. Jazzaldiaren lehen eguneko egitarauaren barruan.
Musikarekin esateko modu bat bilatzen du, beraz, Lundyk. Bilatu eta topatu. Izan ere, Jazzaldiaren antolatzaileen hitzetan, abeslariak «birtuosismoa, emozioa eta espiritu ludikoa» uztartzen ditu zuzenekoetan, «modu liluragarrian» uztartu ere. 50 urteko ibilbidea, hamasei disko eta berrehun konposizio baino gehiago ditu Lundyk bizkarrean. Artistak nabarmendu du horrek guztiak «konfiantza» eta «esperientzia» eman dizkiola, baina «berdin disfrutatzen» duela oraindik ere.
Abeslaria unibertsitatean hasi zenean, ez zegoen jazz arloko ikasketa planik, eta, beraz, opera klasikoa ikasten hasi zen. Fakultatearen inguruan bazegoen jazz musikako eskola bat, ordea, eta Lundyren zenbait lagunek han ikasten zuten; hala, jakin-mina sortu zitzaion: zer ote zen hori? «Lagunak eurek sortutako zenbait konposizio jotzen hasi ziren. Haien abestiak ikasten hasi, eta ikaragarri dibertigarria iruditu zitzaidan». Musikaria berehala harrapatu zuen jazzaren «askatasun» hark, musika klasikoan ikasitako melodiak «edertzeko» aukera ematen baitzion. Unibertsitateak aukera eman zion musika klasikoaren departamentutik jazzera aldatzeko, eta halaxe hasi zen jazz munduan lehen urratsak egiten.
Egun, Lundy jazz garaikidearen ahots «nabarmenetako bat» da, jaialdiko antolatzaileen arabera. Aurten NEA Jazz Masters saria jaso du, Ameriketako Estatu Batuetan jazz musikariei ematen dieten saririk garrantzitsuena. Bestalde, abeslariak Grammy sarietarako bi izendapen ere jaso ditu bere bi album berrienengatik —Modern Ancestors eta Fade to Black—.
«Musikan, gutako bakoitzak bere ahotsa du, bere ideia propioa, baina, gero, kolektibo bat sortu eta ideia bakar baten bueltan aritzen gara»
CARMEN LUNDYÂ Abeslaria
Gaurko kontzertuan, Lundyk bere ibilbide osoko kantak joko ditu. Horren harira, artistak nabarmendu du aukeraketa egiteko taldekideen laguntza izan duela. Hauek dira gaur oholtzan lagun izango dituen musikariak: Andrew Renfroe (gitarra jotzailea), Julius Rodriguez (piano jotzailea), Darryll Hall (baxu jotzailea) eta Terreon Gulley (bateria jotzailea). Lundy: «Musikan, gutako bakoitzak bere ahotsa du, bere ideia propioa, baina, gero, kolektibo bat sortu eta ideia bakar baten bueltan aritzen gara».
Lundy ez da izango 61. Jazzaldiko lehen egunean oholtzara igoko den artista bakarra, ordea. Goizean zuzenean aritu dira Julius Rodriguez, Javi Ruibal Cuarteto eta Xan Campos. Arratsaldean, berriz, eta Lundyren ondoren, kontzertua emango dute artista eta talde hauek ere, besteak beste: Lisa Ono, LP, Quinteto Astor Piazzolla eta ETS.
Bost egun, hamaika kontzertu
Gaur hasi da, beraz, Donostiako Jazzaldiaren 61. aldia, eta igandera arte iraungo du. Jaialdian 77 kontzertu izango dira guztira, hamabi agertokitan banatuta. Artisten artean izango dira, besteak beste, Samara Joy, Diana Krall, David Murray eta Joe Lovano.
Eta, hain zuzen ere, Jazzaldiak David Murray eta Joe Lovano sarituko ditu aurtengo aldian; antolatzaileen arabera, «musikaren arloan egin duten ibilbidea aitortzeko ez ezik, musikarien hainbat belaunaldirentzat erreferentzia bihurtu direlako ere bai». Bihar emango diete saria, eta 21:00etan kontzertua emango dute Trinitate plazan. Bi musikari horietaz gain, jaialdiak Miguel Martin Jazzaldiko zuzendari ohia ere sarituko du, «funtsezko figura bat izan baita Jazzaldia Euskadiko ekitaldi kultural garrantzitsuenen artean kokatzeko garaian», antolatzaileek esan dutenez.