Charles Lloyd saxofoi jolea, Camille Thurman abeslari eta saxofoi jolea, eta Pepe Rivero pianista buru duen Sketches of Latin Miles proiektua Getxoko jazz jaialdiaren 49. aldian izango dira, uztailaren 1etik 5era. Guztiak Muxikebarrin ariko dira, Getxoko (Bizkaia) Kultura sailak jakinarazi duenez.Â
Camille Thurman (New York, 1986) jazzaren munduan azken urteetan nabarmendu den saxofoi jotzaile, abeslari eta konpositoreetako bat da. Tradizioa eta berrikuntza uztartzen ditu bere lanean, eta errepertorio klasikoa nahiz originala interpretatzen du. Birritan irabazi du konpositore gazteentzako Herb Alpert saria, bai eta kultur enbaxadoreentzako Fulbright Beka ospetsua lortu ere. Era berean, Jazz at Lincoln Center Orchestran parte hartu zuen lehen emakumea izan zen Thurman. Lau disko kaleratu ditu, eta horietako azkena da Confluence Vol. 1: Alhambra. Uztailaren 2an joko du Getxon, Wallace Roney Jr. (tronpeta), Paul Beaudry (baxua) eta David Bryantek (pianoa) osatzen duten laukotearekin.
Biharamunean, uztailaren 3an, Charles Lloyd (Memphis, AEB, 1938) saxo jotzaile eta konpositore ezaguna izango da jaialdiko protagonista. Joan den mendeko 50eko hamarkadaren amaieran hasi zuen musika ibilbidea Lloydek, eta, beraz, zazpi hamarkada daramatza musika sortzen eta interpretatzen. Hain zuzen ere, 1965. urtean hasi zuen bere ibilbidea lider gisa, eta orduz geroztik, 40 lan baino gehiago grabatu ditu. Horretaz gain, jazz musikari entzutetsuenekin lan egin izan du, besteak beste, Ornette Coleman, John Coltrane, Miles Davis, Michel Petrucciani, Keith Jarrett eta Charles Mingusekin. Bere azkeneko diskoa Figure in Blue da, eta bidaia bat proposatzen du Duke Ellington, Billie Holiday eta beste erreferente batzuen musikan barrena. Getxo Jazzen disko horretan parte hartu duten musikariak izango ditu alboan, Jason Moran pianista eta Marvin Sewell gitarrista.
Uztailaren 4an, larunbatean, Sketches of Latin Miles aurkeztuko dute jazzaldian, Kubako zazpi musikari ezagunek osatutako proiektua. Hain zuzen ere, Miles Davis tronpeta jole estatubatuarraren jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez, eta Pepe Rivero pianistak gidatuta, zazpikoteak haren musika latin jazzaren lurraldeetara eramango du. Georvis Pico (bateria), Jorge Vistel (tronpeta), Reinier Elizalde (baxua eta kontrabaxua), Yuvisney Aguilar (perkusioa), Roman Feliu (saxo altua) eta Daniel Lopezek (teklatuak) osatzen dute taldea.Â
Sarrerak eta abonamenduak Getxo Kulturako ohiko kanaletan jarriko dituzte salgai martxoaren 30etik aurrera, gainerako emanaldien berri eman ondoren.
Â