Chick Corea eta Jane Birkin arituko dira Kursaal Eszenan

Hainbat kontzertu, dantza eta familientzako ikuskizunak uztartuko ditu denboraldi berriko eskaintzak. Euskal Herriko 11 dantza talde batuko ditu Donostia Dantzan programak

Phoenicoperus biraren azken saioa eskainiko du Ken Zazpi taldeak, azaroaren 30ean, Kursaaleko auditoriumean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Denboraldi berria estreinatuko du Donostiako Kursaal Eszenak urriaren 3an, eta urtarrilaren 15era bitarteko eskaintza ezagutarazi dute. Dantza emanaldi eta familientzako ikuskizunez gain, hainbat kontzertu izango dira, era askotakoak: popa, rocka, jazza, gospela eta musika klasikoa izango dira aukeran.

Zenbait urtetako etenaren ostean, bi lan aurkeztuko ditu urriaren 3an AEBetako Luna taldeak. Sentimental Education, bertsioz osaturiko LPa eta A Place of Greater Safety EPa —sei abesti instrumental berri ditu— dira Dean Warehamek gidatutako taldearen lan berriak. Madrilgo Ramirez Exposure eta Donostiako Oso Fan taldeak arituko dira Lunaren aurretik.

Accademia Bizantinaren eskutik iritsiko da opera Kursaal Eszenara, urriaren 20an. Georg Friedrich Haendelen Giulio Cesare obra interpretatuko du talde barroko ospetsuak, Ottavio Dantoneren gidaritzapean: kontzertu formatuko opera izango da.

Vanesa Martin abeslari eta konpositoreak Munay diskoa aurkeztuko du Kursaaleko auditoriumean, urriaren 22an. Kitxuatik hartutako kontzeptua da Munay, eta maitatu esan nahi du: sortzaileak bere sorkariei dien maitasuna, naturarenganakoa, norberarenganakoa eta besteenganakoa definitzeko erabiltzen da, eta hori bera aukeratu du Martinek diskorako zein aurkezpen birarako izen gisa.

Pop-rocka, azaroan

David Bowie zenaren omenezko kontzertu bat izango da azaroko lehen emanaldia, Holy Holyren eskutik. Bowieren bateria jotzaile Woody Woodmanseyk gidatzen du taldea Tony Viscontirekin—Bowieren hamar lan ekoiztu zituen Viscontik—. Beraz, ez direla tributo talde bat aldarrikatzen dute: «Gurea benetakoa da». Ziggy Stardust-en biran jotako errepertorio bera eskainiko dute.

Pop-rock estiloko beste bi emanaldi izango dira, gainera, azaroan. Los Planetas taldea da horietako bat: hilaren 11n emango du kontzertua, Kursaaleko auditoriumean. Ken Zazpi da bestea: hilaren 30ean, Phoenicoperus biraren azkena izango da.

Musika klasikoari dagokionez, Bamberger Symphoniker (hilaren 9an), Philippe Jaroussky (hilaren 17an) eta Jane Birkin (hilaren 29an) pasatuko dira azaroan Kursaal Eszenatik. Ensemble Artaserserekin arituko da Jaroussky: batzuek kontratenortzat dute, sopranotzat beste batzuek. Dena dela, «aspaldi» zebiltzan hura Kursaal Eszenara ekarri nahian, antolatzaileek azaldu dutenez. Birkin-Gaisnbourg Le Symphonique disko berria aurkeztuko du Birkinek: abeslari eta antzezleak Serge Gainsbourgen abestirik txalotuenak interpretatuko ditu, Nobuyuki Nakajima piano jotzaileak eta 90 instrumentuko orkestra sinfoniko batek lagunduta.

Jazz munduko bi izen handi batuko dira azaroaren 14an Kursaaleko auditoriumean: Chick Corea eta Steve Gadd, laukote baten laguntzarekin. Memphistik (AEB) dator The Como Mothers: ahots indartsuko gospel hirukotea.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko 11 dantza taldek parte hartuko dute Donostia Dantzan ekitaldian, abenduaren 10ean: bina emanaldi labur egingo dituzte.

Haendelen Messiah obra taularatuko du Robert Kingen The King's Consort taldeak. «Gabonetako klasiko bat», antolatzaileen esanetan, Gabonetako oporren bezperan, abenduaren 16an.

Yuja Wang piano jotzaile ospetsuak itxiko du 2017ko denboraldia, urtarrilaren 15ean. Chamber Orchestra of Europe taldearekin interpretatuko ditu Wangek Mendelssohn, Beethoven eta Chopinen obrak.

Musika Familian programaren barruan, bi emanaldi izango dira: euskaraz eta gaztelaniaz bana. Hariekin lotu gabe, Pinotxo eskainiko du Oñatiko (Gipuzkoa) Ganbara Faktoriak, Aitor Biainen gidaritzapean, urriaren 21ean. El Bosque de Grimm, berriz, azaroaren 18an taularatuko dute, Maurice Ravelen Ma mere l'Oye musika pianoarekin interpretatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.