Musika

Chris Isaak, Cracker, Dea Matrona, Tom Morello, Beat eta Graveyard izango dira BBK Music Legends jaialdian

Ekainaren 26an eta 27an egingo dute, Bilbo Arenan. Jaialdiaren hamargarren aldia izango da.

Chris Isaak musikaria duela bi urteko kontzertu batean. DAVID BORRET / EFE
Chris Isaak musikaria duela bi urte kontzertu batean. DAVID BORRET / EFE
edurne begiristain
2025eko abenduaren 10a
12:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamargarren urtez, BBK Music Legends jaialdia egingo dute Bilbon. 2026ko ekainaren 26an eta 27an egingo dute hurrengoa, eta gaur iragarri dituzte bertan izango diren artistak: Chris Isaak, Cracker, Dea Matrona, Tom Morello, Beat eta Graveyard igoko dira Bilbo Arenako oholtzara.

Chris Isaak musikari estatubatuarraren estilo retro dotorea eta surf doinuak belaunaldi oso baten soinu banda dira —Wicked Game bezalako kantu ikonikoa, adibidez, pop-rock modernoaren parte da jada—. 70 urte beteko dituen egunean bertan igoko da musikaria Miribillako pabiloiko eszenatokira. Ibilbide oparoa du: hamahiru disko eta dozenaka kanta arrakastatsuren egilea da, aktore ere bada, The Silence of the Lambs eta Blue Velvet filmetan aritutakoa besteak beste; Euskal Herrian maiz egon da, eta duela bi urte BBK Music Legends jaialdian bertan jo zuen.

AEBetako rock alternatiboaren ikur nagusietako bat da Cracker taldea. Rocka, countrya, folka eta punka zeharkatzen dituen soinu pluralari esker, kultuzko banda bilakatu da. 1992an jarri zuten abian taldea David Lowery abeslariak eta Johnny Hickman gitarra jotzaileak, eta estudioko bederatzi disko luze eta beste hainbat bilduma eman dituzte argitara orduz geroztik. Duela aste batzuk Bilboko BBK zikloan izan zen taldea, eta aipagarria da hau: hiru hilabete lehenagorako sarrera guztiak salduta zeuden.

Dea Matrona rockaren belaunaldi berriaren ikurra da. Belfasteko bi ahizpak osatutako banda gaztea indar handiz sartu da azken urteetako rock eszenan. Fleetwood Mac, Led Zeppelin, HAIM eta antzeko erreferentziak uztartzen dituzte, pop-rockaren melodiez eta riff sendoez baliatuta. Sare sozialetan egindako bertsio arrakastatsuengatik egin ziren ezagun, baina berehala erakutsi zuten nortasun propioa dutela: energiaz beteriko zuzenekoak egiten dituzte, ahots harmoniatsuekin eta gitarra doinu freskoekin.

Rage Against the Machine eta Audioslave taldeetako sortzaileetako bat da Tom Morello, eta baita azken hamarkadetako gitarra jotzaile ospetsuenetakoa ere. Rocka tresna politiko eta emozional bihurtu duen artista konprometitua da, heavy metaletik funkera eta hip-hoparen erritmoetara jauzi egiteko gai dena. Prophets of Rage eta Street Sweeper Social Club taldeetako kide izan da, besteak beste, eta sei urtez ibili da biran Bruce Springsteen & The E Street Band taldearekin.

King Crimson taldeko Adrian Belew eta Tony Levin musikariek sortutako taldea da Beat. 1980ko hamarkadako hiru disko interpretatzen dituzte: Discipline, Beat eta Three of a Perfect Pair, hain justu. Performing the Music of 80s King Crimson kontzeptuaren pean, garai hartako kantak interpretatzen dituzte, gaur egungo teknikak erabilita. Hala, rock post-progresiboaren adibide garbia da taldea: zehatza, teknikoa, ausarta eta sormen musikala muturreraino eramaten duena.


Graveyard talde suediarrak 1970eko hamarkadako hard rockaren espirituari eusten dio, blues ukitu gordinak eta psikodelia iluna nahastuta. Black Sabbath, Led Zeppelin, Cream eta beste talde batzuk ditu inspirazio iturri, baina doinu modernoak darabiltzate orobat. Estudioko sei lan eman dituzte argitara; azkena, 6. 

Egun bakoitzeko sarrerak eta bi eguneko bonuak salgai daude jada jaialdiaren webgunean. Azken lau edizioetakoren batean egon direnek deskontu berezia izango dute sarrerak abenduaren 25a baino lehen erosten badituzte. Edizio honetan, gainera, harmailetako sarrerak zenbakituak izango dira, ikusleek beren eserlekua aldez aurretik aukeratzeko modua izan dezaten. Kontzertuen ordutegiak datozen asteetan jakinaraziko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.