Da Vinciren 60 margolanetik gora National Galleryn, azarotik aurrera

Artista italiarraren pintura bildumarik handiena 2012ko otsailaren 5era arte ikusi ahal izango da

Agentziak
Londres
2011ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Heldu den udazkenean, azaroaren 9tik aurrera, Leonardo Da Vinci pizkunde garaiko artista italiarraren pintura eta margolan erakusketarik handiena zabalduko da Londresko National Gallery Museoan. Florentziako artistak 1480 eta 1490eko hamarkadetan egindako 60 obratik gora egongo dira, Londresko galeria famatuak atzo jakinarazi zuenez. Leonardo Da Vinci: Milango gorteko pintorea izena izango du erakusketak. Azaroaren 9an zabalduko dute, eta 2012ko otsailaren 5era arte izango da zabalik. Behin-behineko erakusketak edukiera mugatua izango du, jende pilaketak saihesteko eta bisitarien «erosotasuna» segurtatzeko. Ordu erdiro 180 lagun sartu ahalko dira gehienez ere, legalki har ditzakeenak baino 50 gutxiago. Erakusketa ikusteko, inoizko eskaerarik handiena izango dela uste dute antolatzaileek. Gaur jarriko dira sarrerak salgai 16 liberatan (18 euro).

Erakusketako harribitxietako bat Cecilia Gallenariren erretratua lan ezaguna izango da, 1488 eta 1490 urteen artean margotua. Bertan Ludovico Sforza Milango gobernadorearen maitale gazte bat ageri da. National Galleryko kontserbatzaile Luke Sysonen hitzetan, «inoiz margoturiko erretratu ederrenetakoa da».

Margolan hori lehen erretratu modernotzat jotzen dute aditu gehienek, modeloaren posea dela-eta. Gorputza alde batera biraturik eta misteriozko begirada koadrotik kanpora duela ageri da modeloa.

Sforzaren gobernuak iraun zuen bitartean Da Vincik Milango gortean margoturiko lan ia guztiak egongo dira ikusteko moduan Londresen. Horien artean izango dira Musikari baten erretratua (1488-90), zeina berak egindako erretratu maskulino bakarra den, San Jeronimo (1488-90), Madonna Litta (1490-91) eta Arroketako amabirjina (1491-1508). Azken hori oraintsu zaharberrituriko lana da.

Milanen igaro zuen garaian egin zen artista kontsagratu eta figura publiko Leonardo da Vinci.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.