Musika

Dagoeneko ez hain abandonatuak

Natxo de Felipek 'Abandonatuak' lana aurkeztuko du zuzenean, Hamabostaldia Arantzazun kontzertuan. Kuarteto Philiperena taldearekin batera, bere ibilbidean sortu baina plazaratu ez diren kantuekin osatuko du ekitaldia. CD bat ere argitaratu du.

Natxo de Felipe, gaur goizean Donostian egin duten 'Abandonatuak' diskoaren eta kontzertuaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Natxo de Felipe, gaur goizean Donostian egin duten 'Abandonatuak' diskoaren eta kontzertuaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Donostia
2026ko uztailaren 29a
16:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egunen batean, zuen lotsarako, kantu abandonatu horiek berpiztuko ditut». Horixe esan omen zien Natxo de Felipe abeslariak (Bilbo, 1949) taldekideei, 2015ean Oskorrik bere 45 urteko ibilbideari amaiera eman zionean. Hamaika urte igaro dira ordutik, eta «profezia» gisa definitu duten hori betetzear da: abeslariak, aurtengo Musika Hamabostaldirako, kantu horietako hamabost berreskuratu eta Abandonatuak izendatu duen proiektuan bildu ditu, Przemyslaw Pujanek konpositore gaztearen moldaketekin. De Felipek zuzenean aurkeztuko du lana Arantzazuko Santutegian (Oñati, Gipuzkoa), abuztuaren 20an, Hamabostaldia Arantzazun kontzertuan.

«Ni bake santuan bizi nintzen, ondo erretiratuta, munduko harrabotsetatik ihes eginda», hasi da azaltzen De Felipe. Eta hamaika urte iraun du lasaitasunak. Iazko Hamabostaldian, Alos Quartetek Arantzazun eman zuen kontzertuan, zenbait abesti interpretatu zituen haiekin batera, gonbidatu gisa. Emanaldiaren ostean Patrick Alfaya jaialdiko zuzendaria hurreratu zitzaion, ordea, eta galdetu zion ea Arantzazuko 2026ko kontzertuaren protagonista izan nahi ote zuen: «Ez, ez, ez, ez. Ni bake santuan bizi naiz, erretiratuta».

«Ni bake santuan bizi nintzen, ondo erretiratuta, munduko harrabotsetatik ihes eginda»

NATXO DE FELIPE Musikaria

Xabier de Felipe abeslariaren semeak ere entzun zuen zuzendariak luzatutako proposamena, eta «bekatu mortala» iruditu zitzaion aitaren ezezkoa. Halaxe azaldu du, txantxetan: «Bekatu mortalak egitea oso txarto dago, edonon, baina uste dut Arantzazuko santutegian are txartoago dagoela». Aita-semeak tirabiraka aritu ondoren, baina, adostasun batera heldu ziren: semeak moldatzaile «bikaina» topatuko zuen, «sekulako kuarteto puntakoa» osatu, eta, lanaren kontrola hartzeko prest baldin bazegoen, aurrera egingo zutela. Eta halaxe egin zuen.

Kuartetoa osatu zuen lehenik: Xabier de Felipe bera lehen biolinean, Przemyslaw Pujanek konpositorea bigarrenean eta Esther Alba eta Karmele Castillo, Xabier De Feliperen orkestra kideak, biolan eta biolontxeloan, hurrenez hurren. Hain zuzen, haiek igoko dira oholtzara abuztuaren 20ko zuzenekoan.

«Moldatzailea topatzea zen hurrengo misioa», azaldu du Xabier De Felipek. Izen pare bat bazituen buruan, baina Pujaneken eta Albaren etxean afaltzera gonbidatu zuten batean, lehenak konposizio berri bat erakutsi zion: «Benetan liluratuta geratu nintzen. Jenialtasun totala iruditu zitzaidan kuartetoa, eta afari horretan bertan erabaki nuen Pujaneki eskaintzea gure proiektuko moldaketa guztiak».

Hasieran kontzertuak izan behar zuen proiektua; zuzenekoan aurkeztuko zituzten abestiak, eta kito. Baina, guztia lotzen hasi zirenean, ohartu ziren lana borobildu egin nahi zutela; figuratiboki, baina baita literalki ere. «Guregana etorri ziren, Elkarrera. Atea jo zuten, eta, noski, gustu handiz ireki genuen», azaldu du Elkar diskoetxeko Josebe Ormazurik. Eta halaxe sortu zen Abandonatuak CDa. Diskoaren grabaketak hiru denbora izan ditu. Lehenik, musikariak grabatu zituzten Elkarren Adunako (Gipuzkoa) estudioan; Victor Santxez izan zen teknikaria. Jarraian, Hendaiara (Lapurdi) jo zuten, Jean Phocasengana, eta harekin grabatu zuten ahotsa eta egin zuten masterizazioa. Phocas urte luzez izan da Elkarreko teknikaria, baita Oskorrirena ere. Azkenik, Bilbora joan zen taldea, eta bertan, Unai Mimenzak fabrikarako prest utzi zuen guztia: «Sei esku aritu dira disko honen grabazio lanetan».

Errepertorio zabala

Hamabost abesti biltzen ditu proiektuak. Bertan, abeslariaren arabera, «hamabost atmosfera ezberdin» topatuko ditu entzuleak. Abestien testuak «poeta handiei» dagozkie. Tartean daude, besteak beste, Oihenarten, Lauaxetaren eta Aurelia Arkotxaren hitzak. Musikari dagokionez, berriz, Natxo de Felipek konposatutakoekin batera daude bestelakoak ere: Bostekona, esaterako, konposizio kolektiboa da; Hitzak Juliarentzat Paco Ibañezen jatorrizko kantuaren euskal bertsioa da; Pablo Sorozabalen Debako martxa, bertsioa deseraikitze bat da; eta Arriagaren Kanpaiak Juan Crisostomo Arriagaren minuetan oinarritutako abesti satirikoa da. De Felipek nabarmendu du prozesua «luzea eta nekagarria» izan den arren harentzat ere «disko berezia» dela.

Abuztuaren 20an eskainiko du Natxo de Felipek, Kuarteto Philiperena taldearekin batera, aurkezpen kontzertua, Arantzazuko Santutegian. 19:00etan izango da zuzenekoa, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Musika Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaaleko leihatiletan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA