Artea

Damaris Pan eta Matthias Malefond artistak aukeratu dituzte Kometak egitasmoaren lehen aldian

Etxepare Euskal Institutuak, Uharte zentroak eta Bordeleko Zebra3 erakundeak sustatu dute proiektua. Sei asteko egonaldia egingo dute Panek eta Malefondek; Bordelen lehenak, eta Uharten bigarrenak.

Damaris Pan, bere lanetako baten ondoan. TONI ALBIR / EFE
Damaris Pan, bere lanetako baten ondoan. TONI ALBIR / EFE
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko otsailaren 5a
10:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kultur lankidetza, sortzaileen mugikortasuna eta «mugaz gaindiko elkarlan sareak indartzea» ditu helburutzat Kometak proiektuak. Horretarako, artistentzako sormen egonaldi artistikoak egiten dituzte, eta Etxepare Euskal Institutuak, Uharte Zentroak eta Bordeleko Zebra3 erakundeak antolatu dute elkarlanean. Aurtengoa du lehen aldia, eta jakinarazi berri dute zeintzuk diren egonaldia egingo duten artistak: Damaris Pan (Mallabia, Bizkaia, 1983) eta Matthias Malefond (Limousin, Frantzia, 2001). Aipatutako erakundeek ez ezik, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak ere babestuko du proiektua.

Orotara 58 proposamen jaso dituzte. Horietatik bi bakarrik aukeratu behar izan ditu hautaketa batzordeak. Egitasmoa martxan jarri duten hiru erakundeetako ordezkariek osatu dute batzorde hori, bai eta Peio Agirre komisario eta editoreak eta Elsa Oliarj-Ines zinemagileak ere. 

Egonaldiak ikerketa eta esperimentazio artistikora bideratuta egongo dira, eta apirila eta maiatza bitartean egingo dituzte aukeratuek. Sei aste iraungo dute. Pan Zebra3-n izango da apirilaren 13tik maiatzaren 24ra, Bordelen (Okzitania); Malefondek, ordea, Uharte zentroan egingo du egonaldia (Nafarroa), apirilaren 6tik maiatzaren 15era. Amaitutakoan, sortutako piezak jendaurrean aurkeztuko dituzte biek.

Pintura eta tradizioa

Pintura izango du ardatz Panek bere egonaldian. Besteak beste, gaur egun margotzeak dakartzan kontraesanak izango ditu abiapuntu. Esperientziaren, zuzeneko esperimentazioaren eta hausnarketa kritikoaren artean arituko da artista; eta zentzumenetan jarriko du arreta. Gaur egun Bilbon bizi da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea da. Makina bat erakusketa egin ditu, bakarka zein kolektiboan; Euskal Herrian, Espainian, baita munduko beste txoko batzuetan ere —Txina, New York, Berlin...—. 2021ean Gure Artea saria jaso zuen, eta 2024an BMW Pintura Saria eman zioten.

Soinu instalazio bat eta instalazio plastiko bat garatuko ditu Malefondek, Uharten. Euskal kantu tradizionalak hartuko ditu oinarri gisa, eta, horietatik abiatuta, hainbat soinu pieza konposatuko ditu. Artistaren proiektuak tradizioaren eta musika garaikidearen arteko elkarrizketa sortu asmo du. Baina ez da soinu instalazio bat soilik izango, eskultura ere uztartuko baitu. Artista gaztea da, eta Bordelen egin zituen arte ikasketak. Bere sorterriak landa inguruaren gaineko interesa piztu zion, eta hori bere lanetan islatzen saiatzen da. 

Egitasmoak jarraipena izango duela ziurtatu dute Kometak egitasmoaren bultzatzaileek hedabideei zabaldutako oharrean. Gainera, deialdia beste diziplina artistiko batzuetara zabaltzeko eta bazkide berriak batzeko aukera ere ikusten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.