Mundu mailako zinema jaialdi zaharrenak beste edizio bat izango du aurten; hain zuzen, gaurtik irailaren 12ra bitarte 150 film baino gehiago estreinatuko dituzte Veneziako Zinema Jaialdian, eta horietatik 21 Urrezko Lehoia lortzeko lehian arituko dira. Politikak zeharkatuko du 83. aldia: hizpide izango dituzte gerraren traumak, krisi klimatikoak sorturiko txikizioak, Palestinako gatazka, Ekialde Ertaineko tentsioak, Amerikako Estatu Batuetako indarkeria, eta Bielorrusian eta Iranen zenbait zinemagileren lanen aurka abiatutako jazarpena. Hala, Danny Boyle zinemagile britainiarraren Ink filmak emango dio hasiera jaialdiari, Rupert Murdoch enpresari australiarrari buruzko antzerki obraren egokitzapen batek, alegia.
Lehian izango diren pelikulen artean soilik bi dira emakumeenak, eta bakarra zen hasieran: May el-Toukhy daniar-egiptoar zinemagilearen Woman unknown. Filmak Marieren istorioa kontatzen du: haurtzain eta neskame gazte bat da, gizon zahar alargun batekin ezkontzera doana. Baina sekretu bat du neska protagonistak. Bigarren Mundu Gerran harreman bat izan zuen soldatu aleman batekin, eta gerraoste garaian ere atzean izango du iragana. Horixe zen filmen zerrendatik emakume zinemagile batena zen bakarra, baina beste bat gehitu zuen jaialdiak: Naza dokumentala. Dena den, gizon eta emakume batek sortua da; Rachel Szor eta Yuval Abraham israeldarrek, hain zuzen. Tel Aviveko teilatuetatik grabatu dute filma, eta bertatik Gazaren aurkako erasoetan erabilitako sistemak aztertu nahi izan dituzte, baita sistema horiek biztanleengan izan dituzten ondorioei erreparatu ere. Azaldu dutenez, «erailketa masiboen atzean dagoen estruktura» ikertu nahi izan dute horrela. Lehian egongo den dokumental bakarra izango da.

Hautsak harrotu ditu Ilia Khrzhanovski zinemagile errusiarraren Dau filmak. Bomba atomikoa garatzeko lan egin zuten langile sobietarren bizietan dago oinarritua. Zehazki, 1928tik 1968ra bitartean SESBen bizi izan zen fisikari greziar baten istorioa kontatzen du, eta ikerketa institutu sekretu batean girotua dago batik bat. Bada, Ukrainako Atzerri Ministerioak, Kultura Ministerioak eta Ukrainako enbaxadak auzitan jarri zuten filmak Veneziako jaialdian tokirik ba ote zuen, «Errusiako Estatuari eta haren influentzia sareei lotutako proiektua» baita, haien ustez. Baina zinema jaialdiaren zuzendari Alberto Barberak, hain zuzen, filmen hautaketa berretsi zuen komunikatu batean: «Filmak erregimen totalitarioak salatzen ditu, baita halakoek biztanleriaren askatasuna mugatzeko duten joera ere». Zinemagileak filma behar baino lehen ez epaitzeko eskatu zuen bere sare sozialetan: «Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren aurka egon naiz beti, baita gerra hori posible egin duen sistema politikoaren aurka ere».
Sari bat ibilbideari
Jaialdia hasi eta berehala, ohorezko Urrezko Lehoia emango diote George Clooney aktore eta zuzendari estatubatuarrari. Eta irailaren 7an, berriz, Ellen Burstyn aktore estatubatuarrak jasoko du bere ibilbidearen omenezko sari hori. Horrez gain, Marilyn Monroeren eta Bernardo Bertolucciren mendeurrenak gogoratuko dituzte, eta Bertolucciren gidoi baten egokitzapena aurkeztuko du Andrea Pallaoro zuzendari eta gidoilari italiarrak: The echo chamber. Zehazki, Bertoluccik idatzitako azken gidoia izan zen, eta dependentziaren eta askatasunaren artean dabilen maitasun istorio bat kontatzen du.
Bestetik, ikusmin handia sortu du Martin McDonagh zinemagile eta dramaturgo britainiarraren Wild horse nine komedia beltzak. 1973ko Txileko estatu kolpea baino lehentxeago girotuta dago, eta CIAko bi polizia beterano dira protagonistak, Sam Rockwell eta John Malkovich aktoreek antzeztuta. Eta Florian Zeller zuzendari eta idazle frantsesaren Bunker thriller psikologikoak Penelope Cruz eta Javier Bardem eskuz esku jarriko ditu lanean, hain zuzen bikote harreman batek egungo munduan izan ditzakeen tentsioak pantailan kontatzeko.
Maggie Gyllenhaal aktore eta zuzendari estatubatuarra izango da epaimahaiko burua, eta harekin batera arituko dira Kauther Ben Hania zinemagile tunisiarra, Daniel Blumberg musikagile britainiarra, Xavier Giannoli zinema zuzendari frantsesa, Shahrbanoo Sadat zinemagile afganiarra eta Hong Kongeko Johnnie To zuzendaria.