Jorge Oteizaren urtebetetzea aukeratu dute egitasmoa aurkezteko, eta, espero zitekeen gisara, horretan ez da kasualitaterik. Bizi balitz, 117 urte bete izanen zituen gaur artistak, eta hori bere horretan izan liteke haren obra eta figura gogoratzeko motiboa. Ordea, bada gehiago. Gaurko egunez iraganean gertatutakoei atzera begirakoa egiten hasi, eta arreta 1996ko aldian jarrita, hortxe zehatz-mehatz aurki daiteke kasualitaterik izan ez delako ideia are eta gehiago baieztatzen duen gertakizuna. Oteizak, bere 88. urtebetetzea aprobetxatuta, idazki formal bat plazaratu zuen, zer eta bere izen bereko fundazio museoaren eraketari onespena emateko, batetik, eta patronatuari bost zeregin bete zitzan galdegiteko, bestetik. Haren obraren hedapena hauspotzeko elkarte bat sor zezatela izan zen eskeetako bat. «Elkarte bat nahi zuen, belaunaldi berriek, pertsona guztiek, berdin ikerlariek edo amateurrek, den-denek eduki zezaten modua bizitza osoa eskaini zion obra eta pentsamendua modu kritikoan erabiltzeko». Patronatuko lehendakari Jaione Apalategik eman du gakoa. Eta poza disimulatu ezinik egin du ohartarazpena segidan: «Oteizak nahi zuen hori da hau».
Izan ere, Oteiza fundazioaren orbitako komunitate bat da Altzuzan (Nafarroa) aurkeztu dutena. Danok Oteiza izena jarri diote. «Oteizak nahi zuen» horri men eginez bezala, azaldu dutenez, komunitatearen helburu nagusia da eskultorearen obra artistikoa, ikusmoldea eta figura hedatzea. Gaur egun, Oteiza museoak betetzen du funtzio hori, eta, hain zuzen, museoaren jardueren eta ekintzen «osagarri» izan asmo du egitasmo sortu berriak.
Komunitatea askotariko erakunde eta norbanakoen arteko topagune izatea nahi dute, «irekia», aurkezpenean Apalategik nabarmendu duenez. «Izan dadila zubi bat, batuko dituena berdin Oteiza miresten dutenak, eta haren zale porrokatuak, eta hari nolabaiteko beldurra diotenak, eta hari buruz oraindik askorik ez dakitenak; denak».
«Izan dadila zubi bat, batuko dituena berdin Oteiza miresten dutenak, eta haren zale porrokatuak, eta hari nolabaiteko beldurra diotenak, eta hari buruz oraindik askorik ez dakitenak; denak»
JAIONE APALATEGI Oteiza fundazioaren patronatuko lehendakaria
Museoko zuzendari Gregorio Diaz Ereñok harago eraman du komunitatearen egitekoaren definizioa, eta zera zehaztu du, eskultoreari ezagun zitzaion izaera kritikoan azpimarra eginez. «Oteizak ez luke nahi jendeak begiratu besterik ez egitea: interakzioa nahi luke». Eta, hain zuzen, hitzok erraz lotu daitezke artistak berak 1963an argitaratutako Quousque tandem...!, euskal arimaren interpretazio estetikoa saiakeran idatzitako batzuekin ere: «Gure ondoren etorriko direnen adiskide izan nahi dut, harmonia sortzaile batean gutxiengo ikerketa giro batera egokitu daitezkeenena (guk ezagutu ez duguna), guregan printzipioz zerbait aprobetxagarria gertatu zaigula antzematen dutenena».
Oteizaren hitzetan eta hark sortutako iruditerian inspiratuta izendatu dituzte komunitatean parte hartzeko manera diferenteak ere —museoaren webgunean kontsulta daitezke guztiak, eta bertan zabaldu dute batean edo bestean izen emateko bidea ere—. Esate baterako, eskultorearen hiztegian nabarmena zen Cromlech adieraren pean bildu dituzte proiektuaren sustatzaile nagusiak, Nafarroako Gobernua eta Oteiza Fundazio Museoa; Emen izeneko taldean mezenasak bilduko dituzte; eta Itziar kategoria ere aurkeztu dute, zeinak Oteizaren emazte Itziar Carreñori egiten baitio erreferentzia, eta hura omentzea baitu helburu, batik bat —norbanakoak batzen ahalko dira atal horretara—.
Apostolu maskaradunak
Komunitatearen sorrera iragartzeko ez ezik, harexen gerizpean martxan jarri dituzten lehenbiziko proiektuak aurkezteko ere baliatu dute agerraldia: Oskar Alegria zinemagilearen Oteiza, 14 apostolu ikus-entzunezko obra estreinatu dute. Hain zuzen, EITBk eta Jorge Oteiza fundazioak sinatutako akordioari esker ondu dute filma, eta, preseski, Danok Oteiza komunitatearekin lotu dute lankidetza hori. Zehaztu dutenez, lana Primeran plataforman, ETBn eta eitb.eus atarian zabalduko da gerora, eta Oteiza museoko tailer etxean ere emanen dute.
Eskultore oriotarraren Apostoluen frisoa obran inspiratuta sortu du filma Alegriak. Hari begira, eta, nabarmendu duenez, hain justu ere Oteizak aldarrikatu izan zuen teknika bat helduleku izanik. «Hark esaten zuen orri zuri batean poema bat sortzeko zera egin behar zela: hitz bat idatzi, eta poema berez sortuko zela gero. Nik gauza bera egin dut orain, Danok hitza erabilita».

Hain zuzen, bere buruari eta nazioarteko zein Euskal Herriko beste dozena bat kulturgile «ez hain oteizarri» Oteizari buruzko ideia bana nabarmentzeko eskea eginez osatu du filma zuzendariak. «Dena ez baitago esanda», argudiatu du. Filmean, minutu eskas irauten du kulturgile bakoitzaren parte hartzeak; labur mintzo dira eskultoreaz. Eta guzti-guztiek keinu antzekoa egiten dute eszenaren hondarrean: aurpegia estali, maskara gisara baliatzen duten zernahi objekturekin. Keinu horretan, Oteizaren aldarri bat ikusten du Alegriak. «Paradoxen maitalea zen Oteiza. Esaten zuen maskara batek ezin duela gure izaera tapatu, eta, izatez, kontrakoa egiten duela: hura gehiago erakutsi».
Oteizaren jatorrizko eskulturan bezalaxe, hamalau apostolu irudikatu ditu Alegriak filmean. Kulturgile bakoitza apostolu bat da filmean —Alegria bera barne—; hamahiru dira osotara, eta haien artean dira Alicia Otaegi artista, Iban Urizar musikaria, Maialen Lujanbio bertsolaria, Sho Hagio Japoniako Euskararen katedrako kidea eta Bernardo Atxaga idazlea. «Hamalaugarren apostolua» gorpuzteko, aldiz, Altzuzako lizar bat hautatu du, Oteizak berak estimuan zuena.
Danok Oteiza komunitateko kideek iragarri dutenez, beste proiektu bat ere martxan da dagoeneko: Oteizari buruzko eleberri grafiko bat egiteko enkargua egin diote Asisko Urmeneta marrazkilariari. 2026ko bukaeran argitaratuko dute, euskaraz, eta, ondotik, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko bertsioak ere prestatuko dituzte.