Dantza

Buruilean itzuliko da Dantzaren Maitaldia

Orotara 75 ekitaldi eginen dituzte, hamazazpi herritan banaturik, buruilaren 5etik 15era. Thierry Malandain zuzendariaren azken aldia izanen da aurten. Horren karietara, 'Chambre d’Amour' berriz taularatuko du.

Maitaldiaren aurkezpena, Miarritzeko Gamaritz gelan. GUILLAUME FAUVEAU
Maitaldiaren aurkezpena, Miarritzeko Gamaritz gelan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Miarritze
2025eko maiatzaren 27a
16:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekitaldiz osaturiko «konstelazio bat» izanen da Dantzaren Maitaldia. Halaxe definitu dute antolatzaileek dantza festibalaren 35. aldia, eta agerian eman dute betiko aniztasuna. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua. Thierry Malandain Maitaldiaren zuzendariak azken aldia izanen du erretiroa hartu baino lehen, eta nabarmendu du ez dela dudarik ukan behar dantzaz gozatzera jiteko: «Ez gaitezen galdu gisa anitzetako bideen artean, Maitaldira etortzeko bide bakarra baita, eta, gainera, aurtengoa bide berezia izanen da». 

Miarritzeko (Lapurdi) Gare du Midiko Gamaritz gelan egin dute prentsaurrekoa, eta zizka-mizka azukredun batzuk ere eskaini dituzte. 75 ekitaldi antolatu dituzte, horietarik 23 antzokietan eta 34 kitorik. Betiko gisan, lau kategoriatan banatu dituzte buruilaren 5etik 15era bitarterako emanaldiak: balletak, Frantziako Arte Ederren Akademian sartu berri diren koreografoen ikusgarriak, Euskal Herriko artisten eta dantzen arteko elkarrizketak bultzatuko dituzten emanaldiak, eta bertzelako ekitaldiak.

Akademiako kideak eta balletak 

Dantzaren bortz izar handi ekarraraziko dituzte Maitaldira. Gomitatu dituzten koreografoak Frantziako Arte Ederren Akademian berriki sartuak dira, tartean Malandain bera. Hala, Miarritzera heldu berri zelarik egin zuen Chambre d’Amour balleta berriz karrikaratuko du buruilaren 5ean eta 6an. Peio Zabaletaren musikarekin taularatuko du azken aldikotz bere lehen sorkuntza. «Onartu behar dut agur arriskutsua egiten ari naizela. Jendeak ez zuen maitatu Chambre d’Amour, eta justuki probokazio puntu horrekin plazaratuko dut berriz», adierazi du Malandainek. Bide batez, balleta taularatzeko «lan kolektiboa» egiten ari da uztailean zuzendari izendatuko dutenarekin.

Bertzalde, Blanca Li konpainiak Didon et Enee emanen du buruilaren 10ean, Gare du Midi aretoan. Carolyn Carlson konpainiak, berriz, The Tree ikusgarria taularatuko du buruilaren 11n, lurrari eta bizidunari omenaldi egiteko xedez. Angelin Preljocajek Requiem(s) balletaren bira bukaera eginen du 13an eta 14an. Mozarten musikan inspiratu da Gare du Midi aretoan emanen dituen bi emanaldiak osatzeko.

«Onartu behar dut agur arriskutsua egiten ari naizela. Jendeak ez zuen maitatu 'Chambre d’Amour', eta justuki probokazio puntu horrekin plazaratuko dut berriz»THIERRY MALANDAINMaitaldiaren zuzendaria

Akademian sartu berri diren izen handien dantzak ez ezik, bortz ballet ere ekarrarazi ditu Malandainek. Frantziakoak eta Europako bertze herrialde batzuetakoak dira. Bertzeak bertze, Momentum ballet neoklasikoa aurkeztuko du London City Ballet konpainiak, buruilaren 8an. Bertzalde, Martin Harriagak —Malandain konpainiako dantzari izana da— America balleta emanen du hilaren 5ean, Kasinoan. Amets amerikarra amesgaizto baten gisara aurkezten du dantzariak, musika elektronikoan murgilduz. 

Euskal Herriko artistak

Urte guziz bezalaxe, Euskal Herriko dantzariak eta artistak ekarriko ditu Malandainek. Gainera, azpimarratu du aurten Etxepare Institutuaren laguntza ukan dutela Ça colle au basque egitasmoaren karietara. Hiru euskal konpainiak parte hartuko dute. Lehenik, Bilaka kolektiboak Bezperan ikuskizuna plazaratuko du buruilaren 14an, Kasinoan. Daniel San Pedro taula zuzendariaren unibertsoa eta Euskal Herriko negu ondoko erritualak nahasi dituzte hartan.

Kukai Dantza ere arituko da Maitaldian. Txalaparta ikuskizuna emanen du Kasinoan, buruilaren 6an. Jesus Rubio Gamo koreografoa izan dute inspirazio iturri txalapartaren melodiekin konposatu duten emanaldia egiteko. Eta bukatzeko, Dantzaz konpainiak Hona ikusgarria emanen du Donapaleun (Nafarroa Beherea) irailaren 6an, eta Senperen (Lapurdi) 13an. Euskal Herriko hiru ikur nahasi dituzte koreografian: Txilida, itsasoa eta bertsoak.

Dantzaz gaineratekoa

Maitaldia ez da dantza bakarrik. Aurten, Altxalili kolektiboaren kabareta programatu dute buruilaren 13ko; Atabal aretoan izanen da. Horri loturik, Gare du Midin Camille Chopin argazkilariaren Bai ala bai erakusketa ikusgai izanen da hamar egunez. Azkenik, bereziki nabarmendu dute dantzen arteko elkarrizketetatik bat. Mizel Theretek eta Beñat Axiarik emanen dute, Gamaritz gelan. Sorkuntza horretan, Etxahun Barkoxeren bertsoak uztartu dituzte tradizioarekin eta modernotasunarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.