Dantzaren mugimenduan barneratzeko aldia

Dantzan Bilaka programaren hamabigarren edizioa egingo dute asteburuan, Gasteizen. Orotara, zazpi sortzailek haien proiektuak erakutsiko dituzte ostiralean hasi eta igandera bitarte

aitor biain
2018ko irailaren 24a
17:11
Entzun

Dantzan Bilaka programaren aurtengo edizioa prest dute dagoeneko. Gasteizko Artium museoa izango du elkargune egitasmoak aurten, ostiralean hasi eta igandera bitarte. Eusko Jaurlaritzaren babesa du ekimenak, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak sorkuntza koreografikorako urtero ematen dituen diru-laguntzetan aukeratuak izan diren proiektuak babestu, garatzen lagundu eta ikusgai jartzea du helburu. Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak koordinatzen du saioa, eta hamabigarren aldia du aurten. Bigarren aldia da, halere, egitasmoa toki jakin batean gauzatzen dena: iaz, Bilboko Azkuna Zentroan egin zuten, eta, aurten, Gasteizko Artium museoan egingo dute; datorren urtean Donostian izango da, Olatz De Andres antolakuntzako kideak aurreratu duenez. 

Orotara, zazpi proposamen koreografiko aurkeztuko dira programaren baitan, formatu zein espazio eta dinamika anitzekoak guztiak ere: Zuriñe Benaventek, Laura Cobok, Askoa Etxebarrietak, Gorka Gurrutxaga eta Nerea Gurrutxagak, Ibon Salvadorrek, Denis Santacanak eta Mikel del Vallek urtean zehar landutako lanak jendaurrean erakutsiko dituzte. Sortu berriak diren edota sortze prozesuan dauden lanak dira guztiak, eta artistak berak aukeratu du sorkuntzaren zein unetan aurkeztu proiektua.

Aurkezpen horiez gain, halere, laborategiak, hitzaldiak eta topaketak ere izango dira, eta edonork parte hartzeko aukera izango du gainera. Alde batetik, adituentzako ikastaro bat emango du Chisato Ohno dantzari anglo-japoniarrak; familientzako tailerra emango du MUGIk, bestetik. Jaime Conde Salazarrek ere sorkuntza artistikoari lotutako bi hitzaldi eskainiko ditu. “Sorkuntza koreografikoa publikoarengana hurbildu nahi dugu, baina baita dantzaren alorreko gainerako kideengana ere”, azpimarratu du Olatz de Andresek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.