Dantza

Dantzari gazteen topaketa egingo dute Seguran, dantzaren etorkizuna «bermatzeko»

Hirugarrenez antolatuko dute ekitaldia, lehenengoz Gipuzkoan. Gaur hasiko da, eta ekitaldi zabala izango da hiru egunez. Dantzan belaunaldi erreleboa bultzatzea da helburua, eta, horretarako, dantzari gazteei ahotsa eman nahi diete.

Dantzariak artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Dantzariak artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko ekainaren 27a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurtik hasi eta igandera bitarte egingo dute aurtengo Gazteen Dantza Topaketa, Seguran (Gipuzkoa). Hirugarren egonaldia izango da, eta Euskal Herriko hainbat txokotako 15 eta 25 urte bitarteko gazteek hartuko dute parte. Ekitaldiak euskal dantzan belaunaldi erreleboa bultzatzea du xede, dantza eginez, eta gazteen arteko «hausnarketarako eta ikaskuntzarako lekuak» sortuz.

2023an antolatu zuten topaketa lehenengoz, Araian (Araba). Harrera ona izan zuen, eta handik urtebetera egin zuten bigarrena, Areatzan (Bizkaia). Ehun dantzari inguru bildu dituzte aurreko bi urteetan, eta aurten laurogei inguru izango dira Seguran.

Euskal Dantzarien Biltzarra da ekitaldiaren antolatzailea. Elkartea 1965ean sortu zen, Euskal Herriko dantza, musika eta ohiturak mantentzeko, berreskuratzeko eta zabaltzeko helburu argiarekin. Erika Garcia da koordinatzailea, eta topaketaren hastapenak gogoratu ditu. Adierazi duenez, arazo bati «konponbidea jartzeko» sortu zuten ekitaldia duela bi urte. «Dantza taldeetan ume asko daudela ikusi genuen. Baita jende nagusiagoa ere. Baina gazteen falta nabaria zen, eta hala da oraindik ere. 15 urte betetzean, gutxi gorabehera, utzi egiten dituzte dantza eta dantza taldeak».

«Gure helburua izan da bakoitza bere ingurutik ateratzea, bakarrik senti ez zitezen. Eta ikus zezatela haiek bezalaxe dantza egitea gustuko duen jende asko dagoela»

ERIKA GARCIAEuskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzailea

Gazteen falta dela eta, euskal dantzaren iraupena eta transmisioa jokoan egon daitezkeela uste dute Euskal Dantzarien Biltzarreko kideek, eta hori eragozteko, «beharrezkoak» dira dantza taldeak, Garciaren ustez. Egoera aztertzeko asmotan, galdetegi bat egin zuen elkarteak, eta dantzarien erantzunak bildu dituzte. «Atera dugun ondorioa da euskal dantzak ez daudela modan. Alegia, dantza egiten duena inguruko pertsona arraroa dela». Horregatik, bakoitza bere ingurutik aldendu, eta beste herri batzuetako dantzariekin harremanetan jartzeko beharra ikusi zuten. «Gure helburua izan da bakoitza bere ingurutik ateratzea, bakarrik senti ez zitezen. Eta ikus zezatela haiek bezalaxe dantza egitea gustuko duen jende asko dagoela».

Hirugarren urtez egingo da topaketa aurten, eta aurreko bi aldietan izena eman duten dantzarien iritziak eta kezkak jaso dituzte antolatzaileek. Espero ez zuten arazo batez jabetu ziren, gainera. Garcia: «Jendeari lotsa ematen dio bere sare sozialetan erakustea dantzaria dela edo dantza egiten duela, eta hori arazo larria da». Koordinatzaileak nabarmendu du gaur egun «beharrezkoa» dela dantza talde bat sare sozialetan egotea, ikusgarritasuna lortzeko eta jendea erakartzeko. «Dantzariek lotsa badute egiten dutena zabaltzeko, arazoa agerikoa da», gaineratu du.

Egitarau oparoa

Topaketan izena eman dutenek tailerretan, dinamika «parte-hartzaileetan», plaza dantzetan eta beste ekitaldi ireki batzuetan hartuko dute parte, gaurtik hasita. Besteak beste, dinamika horietan gazteei ahotsa eman nahi zaie, gazteek dantza taldeetan dituzten erronkei buruz hausnar dezaten, eta arazoei konponbidea jartzeko bakoitzak bere ekarpena egin dezan. Finean, «komunitatea egitea» da helburua. «Lehen erraza zen dantza talde batek aurrera egitea, identitate sentimenduagatik batez ere. Orain ez dakigu globalizazioa den edo gauzak egintzat ematen direlako den, baina gazteek ez dute erreleboa bermatzearen ardura hori sentitzen. Horretarako garrantzitsua da gazteek konponbideak aurkitzea», gaineratu du Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak.

Egitarauari dagokionez, berezitasun nagusi bat ere izango du aurtengo topaketak. Antolakuntzak dantzarien arteko lehia bat antolatu du: dantzen desafioa. Talde guztiek beren proposamen koreografikoak aurkeztuko dituzte Urtz taldearen musika oinarri hartuta. Irabazleek sari potoloa eskuratuko dute. Izan ere, bertan gailentzen direnek Urtz taldearekin oholtza gainean aritzeko aukera izango dute Donostiako taldearen kontzertu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.