Donostiako 61. Jazzaldia

David Murray publikoaren «bihotzera» helduko da Jazzaldiaren bigarren egunean

Donostiako Jazzaldia saria jasoko du gaur gauean saxofonista estatubatuarrak, eta jarraian kontzertua eskainiko du Trinitate plazan. Festibalak Joe Lovano eta Miguel Martin ere sarituko ditu.

David Murray saxo jotzailea, gaur, Viktoria Eugenia antzokian egin duen agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
David Murray saxo jotzailea, gaur, Viktoria Eugenia antzokian egin duen agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2026ko uztailaren 23a
16:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musika da David Murray (Oakland, Kalifornia, 1955) saxo jotzaile estatubatuarraren lehen hizkuntza. Artistaren beraren hitzetan, «arimatik» sortzen du, bertan sortzen zaizkio doinuak, eta entzuleek sentsazio hori bera sentitzea bilatzen du beti: «Emaitzak, formatua edozein dela ere, bihotzera heldu behar du». Eta publikoaren bihotzera heltzeko aukera izango du gaur, kontzertua eskainiko baitu Donostiako 61. Jazzaldiaren bigarren egunean. Festibalak Miguel Martin lau hamarkadaz Donostiako Jazzaldiko zuzendaria izan dena, Joe Lovano saxo jotzailea eta Murray bera sarituko ditu aurtengo aldian, eta azken biek zuzenekoa eskainiko dute gaur, 21:00etan, Trinitate plazan.

Jazzaldian parte hartzen duten artistek jasotzen dituzte Donostiako Jazzaldia sariak. Batetik, musikan egindako ibilbidearen aitortza gisa; eta, bestetik, musikarien hainbat belaunaldirentzat «erreferente» bihurtu direlako, antolatzaileen arabera. Murray 1992an izan zen lehenengoz jaialdian, eta aurtengoa seigarren aldia du. Musikariak aitortu du «ohore» bat dela aurten saria jasotzea.

Bost hamarkadaz aritu da saxo jotzailea jazz modernoaren soinuari «forma» ematen, antolatzaileen arabera. Musikari gisa «ausarta» dela azpimarratu dute, «sortzailea» eta «tradizioan errotua», baina betiere «mugak» gainditzen dituena.

Oso gazte hasi zen Murray musika munduan. Ama piano jotzailea eta abeslaria zuen besteak beste, eta hark irakatsi zion musika lehen aldiz. Murray: «Uste dut irakurtzen ikasi baino lehen ikasi nuela instrumentu bat jotzen». 20 urte inguru zituenean New Yorkera joan zen, saxofoiaren inguruko azterlan bat egitera. Lanaren harira zenbait musikari elkarrizketatu zituen, tartean Dewey Redman saxofonista. Aholku bat eman zion hark: «Ahaztu ikasitako guztia eta jo, besterik ez». Esan eta egin. Izan ere, Donostiako Jazzaldiaren arabera, Murray «jazz saxofonista eta lider handienetako bat» da gaur egun.

«Uste dut irakurtzen ikasi baino lehen ikasi nuela instrumentu bat jotzen»

DAVID MURRAY Musikaria

Musikaria gaur gaueko kontzertuaren inguruan ere mintzatu da, baina ez du arrasto handirik eman: «Inoiz ez ditut abestiak aukeratzen oholtza atzealdean egon arte». Dena den, aipatu du Come and Go izeneko konposizio batekin hasiko direla, Murrayren arabera, jotzeko «dibertigarria» delako.

Saxofonista beste lau kiderekin ariko da gaur zuzenean, David Murray Quartet izeneko kolektiboan. Oholtza gainean izango dira, beraz, Murray bera (saxo tenorra, klarinetea), Marta Sanchez (pianoa), Luke Stewart (kontrabaxua), Russell Carter (bateria) eta Francesca Cinelli (ahotsa).

Bi disko ditu taldeak: Francesca (2024) eta Birdly Serenade (2025). Eta bietako abestiak joko dituztela zehaztu du Murrayk, «baliteke», «seguru asko» eta «agian» artean. Momentuan inprobisatutako errepertorioa buruan, pentsakor gelditu da musikaria: «Bai, horrelako zerbait». Azkar desegin du guztia, ordea, erdi txantxetan erdi benetan erantsi baitu: «Orain esaten ari natzaizuen guztia agian ez da gertatuko».

David Murray Quartet ez da izango, ordea, gaur kontzertua eskainiko duen bakarra. Haien ostean joko du Joe Lovano’s Paramount Quartetek Trinitate plazan bertan. Egunean zehar, Jazzaldiko agertokietan ikusi ahal izan dira, esaterako, Samara Joy, Anggie Obin, Yko Project eta La Ola Maldita. Bihar, berriz, kontzertuak eskainiko dituzten musikarien artean izango dira Emma-Jean Thackray, Itziar Mendibil eta Azar Lawrence Quartet.

Beste bi saritu

Murray ez da izango aurtengo aldian Donostiako Jazzaldia saria jasoko duen bakarra. Festibalak Joe Lovano saxofonista estatubatuarra eta Miguel Martin jaialdiaren zuzendari ohia ere sarituko ditu. Lovano bosgarren aldiz ariko da aurten jaialdian, eta antolatzaileek artista «emankor» gisa deskribatu dute. Erantsi dute, gainera, jazz garaikideko «funtsezko» figura dela, «etengabe soinu berriak bilatzeagatik» nabarmentzen dena. Gaur, Murrayren ostean, eskainiko du Lovanok kontzertua Trinitate plazan.

Martin, berriz, Jazzaldian bete duen rolagatik sarituko dute, larunbatean. 1978an sartu zen Batzorde Antolatzailean, jaialdiaren hamahirugarren aldian zehazki, eta 1984tik joan den apirilera arte izan da festibalaren zuzendari. Antolatzaileek nabarmendu dute Jazzaldia «eraldatu» duela, gaur egun «mundu mailako erreferentzia» bihurtu den arte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA