Zinema

‘Death Is a Problem for the Living’ filmak jaso du Fant jaialdiko film luzerik onenaren saria

Sail Ofizialeko Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria Adrian Cacciolaren 'Game Over' filmak jaso du. Euskal Film Labur Onenaren saria, berriz, Igor Salutregi Gabiolaren 'Presencia' filmak irabazi du.

'Death Is a Problem for the Living' filmeko fotograma bat. FANT
'Death Is a Problem for the Living' filmeko fotograma bat. FANT
Beñat Mujika Telleria.
2025eko maiatzaren 9a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Fant jaialdiak badu aurtengo sarituen zerrenda. Sail Ofizialean Teemu Nikki zinemagile finlandiarraren Peluri - kuolema on elävien ongelma /Death Is a Problem for the Living lanak eskuratu du film luzerik onenaren saria. «Umorearen bidez deserosotasuna eta filmeko gaiztoekiko enpatia sortzeko gaitasuna» hartu ditu aintzat epaimahaiak saria emateko orduan. Hilaren 2an abiatu zen Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, eta bihar izango du agurra jaialdiak: palmares nagusiko filmak proiektatuko dituzte BBK aretoan. 19:30etik aurrera izango da Sail Ofizialeko irabazleen lanak ikusteko aukera.

Sari nagusiaz gain, beste hainbat garaikur ere banatzen dituzte Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Sail Ofizialean. Esaterako, Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria Adrian Cacciolaren Game Over filmari eman diote. Bestalde, Euskal Film Labur Onenaren saria Igor Salutregi Gabiolaren Presencia filmak jaso du.

Sail Ofizialeko ikusleen sariari dagokionez, bi izan dira irabazleak. Film laburrik onenarena Daniel Alegreteren Una carroña lanari eman diote. Film luzeetan, berriz, Chito S. Roñoren Espantaho lana saritu dute ikusleek. Bestalde, Gazte Epaimahaiarena Cris Tapia Marchioriren Gatillero filmak eraman du.

Ondorengo sari hauek ere banatu dira sail ofizialean: Jeffrey St. Julesen The Silent Planet lanak jaso du Zuzendaritzarik Berritzaileenaren Saria film luzeetan; eta sail bereko gidoi onenari Euskal Gidoigileak elkarteak ematen dion saria, berriz, Shannon Triplett zinemagilearen Desert Road filmak irabazi du.

Euskarazko film labur bat ekoizteko proiektu onena ere saritzen du Fantek, eta Nitya Lopezen Exodo lanari eman diote aurten. Interpretazioari dagokionez, berriz, euskal film laburretan egindako interpretazio onenarena Eguzki Zubiak jaso du, Una carroña filmean egindako lanagatik. Sari hori Euskal Aktoreen Batasunak erabakitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.