Steve Kostanskiren Deathstalker filmak irabazi du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Asteko sari nagusia. Ikusleek erabakitzen dute sari hori nori eman jaialdian, eta Kostanskiren pelikulak eskuratu du puntuaziorik onena: 8,81. Haren atzetik sailkatu da Paul Urkijoren Gaua, 8,44 puntu bilduta.
Publikoak, bestalde, Fernando Alle portugaldarraren Borbulha lanari eman dio film labur onenarentzako saria, eta animaziozko film onenari dagokiona David Fidalgoren Lucus-entzat (Espainia) izan da. Espainiako film laburrik onenak ere izaten du sari bat Beldurrezko Zinemaren Astean, eta, aurten, Alex Reyren Pobre Marciano-k lortu du.Â
Epaimahai ofiziala Mery Cuestak, Gloria Fernandezek eta Miquel Pastorrek osatu dute, eta Elis Rumma estoniarraren Come Sit With Us filmari eman diote labur onenaren saria, eta Marc Riba eta Anna Solanasen Mater Benefacta-ri Zilarrezko Melies saria, Europako ekoizpenak aintzat hartzen dituena.Â
Gazte epaimahaiak James A. Castilloren El fantasma de la Quinta film laburra saritu du. Syfy saria Javier Fesserren Depredador-ek eskuratu du.Â
ETBren saria, berriz, Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion lan laburrak irabazi du.
Azkenik, zinema kritikariek eman ohi duten Urrezko Blogo saria Eduardo Casanovaren Silencio-k jaso du.