Donostiako 60. Jazzaldia

Dee Dee Bridgewater, Marc Ribot eta Bill Bruford sarituko ditu Donostiako Jazzaldiak

Jaialdiaren 60. aldia uztailaren 19tik 27ra egingo dute, eta 88 kontzertu emango dituzte hamabi agertokitan.

Dee Dee Bridgewater kantaria.
Dee Dee Bridgewater kantaria.
mikel lizarralde
2025eko ekainaren 18a
13:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako 60. Jazzaldiak uztailaren 19an hasiko du bere bidea, eta, data horretarako hilabete falta dela, aurten jaialdiaren saria jasoko duten artistak zein izango diren jakinarazi dute gaur antolatzaileek: Dee Bridgewater, Marc Ribot eta Bill Bruford, hain zuzen ere. Haien ibilbideari aitortza egingo die jaialdiak, eta hirurek, norbere aldetik, kontzertua emango dute jaialdian. Uztailaren 26a izango du amaiera festibalak.

Dee Dee Bridgewater (Memphis, AEB, 1950) jazzeko abeslari sonatuenetakoa da, eta, Miguel Martin jaialdiko zuzendariaren hitzetan, era berean tradizioaren zaindaria eta aitzindaria izateagatik nabarmendu da. Kantari «ausarta eta esploratzailea» dela ere esan du Martinek.

Bridewaterrek uztailaren 25ean abestuko du Donostiako Trinitate plazan, eta haren aurretik aurtengo beste sarituetako bat ariko da oholtza berean: Marc Ribot gitarrista (Newark, AEB, 1954).

«Berdingabea eta sailkaezina» da Ribot jazzaldiko zuzendariaren ustez, «teknika harrigarri baten eta agorrezina dirudien sormen baten jabe». Eta, Martinen hitzetan, «azken hamarkadetan sormen eta asmamen handienekoa erakutsi duen gitarrista» ere bada. Hamaika proiektu propio gidatu ditu, hala estudioan nola zuzenean, eta beste hainbat musikari ezagunen kolaboratzaile estua ere izan da: Tom Waits, Elvis Costello, Marianne Faithful, John Zorn... Donostian Marc Ribot Hurry Red Telephone proiektua aurkeztuko du.

Bill Bruford bateria jolea (Sevenoaks, Ingalaterra, 1949), azkenik, Erresuma Batuan 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran loratutako rock progresiboaren ordezkari nagusietako bat da. Izan ere, King Crimson eta Yes taldeetako kidea izan zen, eta Genesis taldearekin ere aritu zen zuzenean. Era berean, 1986an Earthworks jazz elektrikoko taldea sortu zuen. Martin: «Bere bateria konposizioaren zerbitzuan jartzen du beti, sentsibilitate erritmikoa ez ezik melodikoa ere erakutsiz, eta bolumenaren aurretik espresioari eta xehetasunari bidea irekiz». Pete Roth gitarristaren hirukoteko kide dela izango da, uztailaren 23an, Bruford Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.