Antzerkia

Dejabu konpainiaren ‘Itzulera’ antzezlanak irabazi du Donostia antzerki saria

Teatroa eta zinema uztartzen dituen ‘road movie’ bat da lana, eta, «bide berriak arakatuz, istorioa eszenan jartzeko elementu eta lengoaia ezberdinak erabiltzea» goraipatu dio epaimahaiak. Martxoaren 27an jasoko dute saria, Viktoria Eugenia antzokian.

David Aguilar, Miren Alcala, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
David Aguilar, Miren Alcala, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2026ko otsailaren 17a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garai «oso berezian» heldu zaio aitortza Dejabu konpainiari. 25 urte betetzear, ordura arteko bide beretik segitzea edo erronka berri bati heltzea, bidegurutze horretan topatu zuten beren burua taldekideek iaz. Bigarren aukeraren alde egitea erabaki, eta Itzulera antzezlana sortu zuten, zinema eta antzerkia uztartzen dituen road movie bat —iaz estreinatu zuten—. «Guretzat erronka handia izan zen, gure lengoaia propioa hausteko eskatu zigulako hasieratik», azaldu du Ainara Gurrutxaga antzerkilariak. «Askotan esan dugu zaldi basati bat bezala iritsi zela antzezlana, guri erronkak proposatzera. Eta kasu honetan, erronka zen zuzeneko zinemagintza eta antzerkigintza uztartzea, hierarkiarik gabe; nola ekarri zinema eta antzerkia batera oholtzara». Arriskua hartzeak eman du fruiturik: Itzulera-k irabazi du 26. Donostia antzerki saria. 12.000 euro eta Nora Pilarte Galdona artistaren margolan bat jasoko ditu konpainiak.

Ez da Dejabuk sari hori jaso duen lehen aldia; oraingoarekin bost aldiz nabarmendu baitute taldearen lana. Ohikoan bezala, saria emateko ekitaldia martxoaren 27an egingo dute, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean. Viktoria Eugenia antzokian izango da, 19:30ean, eta, ondotik, sarituek bertan taularatuko dute obra.

Mexikon barrena doan road movie bat da Itzulera; egileek azaldu izan duten moduan, «komedia existentzial bat». Hain zuzen, Mexikon dokumental bat grabatzen dabiltza konpainia bateko hiru kide. Ezusteko gertakari batek, ordea, erabat aldatuko ditu beren planak. Abiapuntu hori hartuta, teatroa eta zuzeneko zinema irudiak uztartzen dituzte oholtzan Gurrutxaga, Miren Alcala eta Urko Redondo antzezleek eta David Aguilar zinemagileak.

Epaimahaiko kideen hitzetan, Dejabuk «umorez eta irudimen handiz» kontatzen du Mexikora egindako bidaia hori. «Bide berriak arakatuz, istorioa eszenan jartzeko elementu eta lengoaia desberdinak erabiltzen ditu, emaitza biribila lortuz. Bisualki oso erakargarria da antzerkia eta zinema uztartzen dituen road movie hau». Halaber, «objektuen eta bideoen erabilera oso originala» erakusten du obrak, epaimahaikideen irudiko. Obra osoan pantailan agertuz joango dira Aguilar kamerarekin grabatuz doan irudiak, eta «kameraren perspektiba oso ondo uztartzen da narratiban». Musikaren ekarpena ere txalotu du epaimahaiak, baita obraren «erritmo bizia» eta umorearen erabilera ere.

Bestalde, umorearen eta erritmoaren eraginez arina eman dezakeen arren, antzezlanak gai sakonak ere azaleratzen dituela ere nabarmendu du. «Euskal sortzaileek bizi duten errealitatea islatzen du: antzerki konpainia baten krisia, diru laguntzen afera, aurrera egiteko zailtasunak, sormena eta abar». Aktoreen eta zuzendaritzaren lan «bikaina» eta obran aditzen den euskararen kalitatea ere aitortu dizkiote.

Epaimahaiko kideak honako hauek izan dira aurten: Mikel Mendarte (Kutxa fundazioko Kultura Saileko zuzendari ohia), Agurtzane Aizpuru (Hernaniko Udaleko Kultura arduraduna), Nagore Irastorza (Zarauzko Udaleko Kultura arduraduna), eta Leire Otamendi, Alazne Corral eta Bertol Arrieta (publikoaren ordezkariak).

Euskarazko 27 antzezlan

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak urtero banatzen dute Donostia antzerki saria, eta aurreko urtean konpainia profesional batek Donostian euskaraz eta publiko helduarentzat taularatutako obra bati egiten dio aitortza aldiro.

Iaz, esaterako, helduentzako euskarazko 27 antzezlan taularatu zituzten hirian, eta 14.423 ikusle bildu zituzten 57 emanalditan. Obra horietatik 24k bete dituzte sariketan parte hartzeko baldintzak, eta horien artetik hautatu du epaimahaiak Itzulera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA