Zinema estreinaldiak

Dena erortzean gelditzen den hori

Lilja Ingolfsdottir zinemagile norvegiarraren lehen film luzea da 'Elskling'; bigarren senarrarekin duen harremana hausten ari den heinean, bere burua ulertzen eta maitatzen saiatuko da kontakizuneko protagonista.

Lilja Ingolfsdottir zuzendariaren 'Elskling' filmeko irudi bat. BERRIA
Lilja Ingolfsdottir zuzendariaren 'Elskling' filmeko irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mariak eta Sigmundek festa batean ezagutu zuten elkar, eta euforiaz eta irrikaz beteriko lehen topaketa batzuen ondoren, azkar maitemindu egin ziren. Zazpi urte igaro dira ordutik, eta harremanaren hasierako grina atzean utzia du bikoteak. Ezkonduta daude, bi haur dauzkate, eta Mariak bere aurreko senarrarekin izandako beste bi haurrak ere haiekin bizi dira. Mariak bere lana utzi zuen haurrak zaintzeko; izan ere, Sigmund musikaria da, eta asteak igarotzen ditu etxetik kanpo. Lan bidaia horietako batetik itzultzean, azkar haziko den eztabaida txiki bat izango du bikoteak, eta Sigmundek banandu nahi duela adieraziko du.

Maria desesperatuta dago. Senarra bueltan nahi du, eta pazientzia handia duen emakume batekin bikote terapia hasiko dute. Argi geldituko da, ordea, gizonak ez dituela harreman arazoak konpondu nahi, eta Mariak egoera berria onartu beharko du; zein pertsona mota bilakatu den aztertzeko tartea hartuko du orduan, baita haraino eraman duten beste harremanak ere.  

Lilja Ingolfsdottir zinemagile norvegiarrak film labur bat egin zuen 2018an. Bertan, kalean topatutako 30 pertsona gonbidatu zituen estudiora, eta proposatu zien «nire burua maite dut» esaldiarengan benetan sinisten bazuten, esan zezatela hura kamerari begira. Norvegiarrarentzat oso interesgarria izan zen ezagutzen ez zituen pertsona horien barne eztabaida eta zalantzak ikustea, eta Elskling bere lehen film luzearen eszena bat bilakatzeaz gain, kontakizunaren oinarria ere esperientzia horretatik hartu zuen. 2010ean hasi zuen Ingolfsdottirek bere lehen film luzearen finantzaketa bilatzeko bidea. Lau gidoi idatzi zituen, eta bakar batek ere ez zuen finantzaketa prozesuaren azken fasea gainditu. Norvegiarrak, filmeko protagonistak bezala, lau haur dauzka, bi gizon ezberdinenak, eta prozesuarekin bizitzen ari zen zama eta haren frustrazio eta etsipenak gidoian eragina izaten ari zirela ohartu zen: fikzioa zen, baina bazituen elementu autobiografiko batzuk.

Elskling iazko Karlovy Vary zinema jaialdian aurkeztu zuen, eta epaimahaiaren sari berezia eta aktore onenaren saria jaso zituen lanak —Helga Gurenentzat izan zen azken hura—.

Lilja Ingolfsdottiren filma ez da banantzen ari den bikote bati buruzko istorioa, nor den eta zer behar duen deskubritzen ari den emakumearena baizik. Horrela, filmak ez du Sigmund gaiztotzat eta Maria ontzat hartzen. Ez du egoeraren errua gizonarengan jartzen, eta Mariaren kasuan pertsonaia konplexu bat aurkezten du. Amorruz beteriko emakume bat da, eta ez du beti harremanak zaintzeko erarik osasuntsuena. Filmak haren ahultasun eta indarrak pantailaratuko ditu, epaitu gabe, eta bere burua ulertu eta maitatzeko bidean, enpatiaz erretratatuko du protagonista.

'Elskling (Loveable)'

Zuzendaria: Lilja Ingolfsdottir. Gidoilaria: Lilja Ingolfsdottir. Aktoreak: Helga Guren, Oddgeir Thune, Kyrre Haugen Sydness, Heidi Gjermundsen. Argazkia: Ă˜ystein Mamen. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 101 min. Herrialdea: Norvegia. Estreinaldia: urriaren 3an estreinatuko da Hegoaldean. 

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17591324927085) Estrany riu filmeko irudi bat.
Jaume Claret Muxart zuzendariaren 'Estrany riu' filmeko irudi bat. BERRIA

'Estrany riu'

Zuzendaria: Jaume Claret Muxart. Gidoilariak: Jaume Claret Muxart, Meritxell Colell. Aktoreak: Jan Monter, Nausicaa BonnĂ­n, Jordi Oriol, Bernat Sole. Argazkia: Pablo Paloma. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 103 min. Herrialdea: Katalunia.

16 urteko Didac gaztea familiarekin ari da bidaiatzen, Danubioren ertzari bizikletaz jarraituz. Egun beroen artean, ustekabeko topaketa batek bidaiaren norabidea aldatuko du: mutil misteriotsu bat ikusiko du Didacek ibaiko uren artean. Haren presentzia enigmatikoak zerbait berria piztuko du gaztearengan, eta familiarekin duen harremana aldatzen hasiko da.

 

'Sarah Bernhardt, la divine'

Zuzendaria:  Guillaume Nicloux. Gidoilariak: Nathalie Leuthreau, Guillaume Nicloux. Aktoreak: Sandrine Kiberlain, Laurent Lafitte, Amira Casar, Pauline Etienne. Argazkia: Yves Cape. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 98 min. Herrialdea: Frantzia.

1915, Sarah Bernhardt munduko lehen izarra da. Askea. Modernoa. Eszentrikoa. Ameslaria. Kondairaren eta fantasiaren artean, Sarah Bernhardtek bere bizitza markatu zuen maitasun istorioa kontatuko digu.

 

'El sueño de Emma'

Zuzendaria: German Vilche. Gidoilariak: Federico Arzeno, Adrian Caram, German Vilche. Aktoreak: Luthien Ramos, Sebastian Arzeno, VerĂ³nica Intile, Luis Ziembrowski. Argazkia: Lucas Guardia, German Vilche. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 88 min. Herrialdea: Argentina. 

Emma eta haren aita Marcos etxe apal batean bizi dira, Tigreren deltan, Buenos Airesetik gertu dagoen ibai eremu batean. Emma Shakespeareren obra bat entseatzen ari da ikastetxean, eta Londresera bidaiatzea du amets. Emmaren irakasleak kultur trukerako beka bat lortuko dio, Ingalaterrara joateko. Bananduta egoteko ideiak beldurtu egiten ditu aita-alabak, eta maitatzeko beste modu bat ikasi beharko dute bien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.