Natura dago Mikel Lertxundi (Berriatua, Bizkaia, 1951) eskultorearen lan guztien oinarrian. Herri txiki batean jaio zen, alde batean itsasoa zuela eta bestean mendia. Hortik datorkio naturarekiko harremana, eta umetatik sentitu izan du. Mende erdia darama sorkuntzari lotuta, eta erakusketa mordoa egin ditu. Orain, baina, urte horietan guztietan egindako 50 lan bildu ditu estreinakoz erakusketa batean, Natura, harmonia, poesia izenpean. Donostiako hiru gunetan kokatu ditu —Ekain Arte Lanak galerian, San Bizente elizaren atarian, eta Okendo kultur etxean—; batzuk handiak dira, beste batzuk ertainak, eta beste batzuk txikiak.
Galerietan bildu izan ditu Lertxundik orain arteko lan gehienak, eta aitortu du gogoa zuela zerbait «osotasunean» egiteko. Hala, betikoari jarraika, Ekain Arte Lanak galerian zabaldu zuen erakusketaren lehen zatia, maiatzean. Lan txikiak jaso ditu bertan, eta gaur itxiko ditu ateak. San Bizente elizaren ataria da bigarren geldialdia. Lau pieza handi kokatu ditu bertan, eta abuztuaren 23ra bitarte egongo dira ikusgai. Eskultoreak ezohiko kokalekua du eliz ataria, baina gustuko du; izan ere, jende guztiarengana heltzeko modua dela iritzi dio. «Askok ez dute galerietara joateko ohiturarik. Kalera eramanda, berriz, ondotik pasatzen den orok ikus dezake, eta gustatzen bazaie, agian, ikusten geratuko dira».

Duela astebete ireki zuen hirugarren gunea, Okendo kultur etxean kokatuta dagoena. «Barrurako egindako lanak» bildu ditu, neurri ertainekoak, eta beste bi kokalekuetan ez bezala, eskulturez gain margolanak, marrazkiak eta argazkiak gehitu ditu, bai eta bideo labur bat ere. Abuztuaren 29ra arte bisitatu ahal izango da, kultur etxeko erakusketa aretoan.
Harria, burdina eta egurra
Hiru materialekin lan egiten du Lertxundik: harriarekin, burdinarekin eta egurrarekin. «Hirukoa da nire espezialitatea» esan du barre artean. «Azken finean, mahai edo aulki bat egin nahi baduzu, oreka bilatzeko hiru elementu behar dituzu, birekin soilik ez baita zutik mantenduko». Hiru material horiek, baina, urarekin, suarekin eta haizearekin lotzen ditu, haren lanetan ikus daitekeen moduan. Horien arteko harremanaren inguruko nondik norakoak azaldu ditu: «Burdina sutatik pasatzen da burdin bihurtzeko; egurrak haizea behar du, zuhaitzek haizea behar baitute bizi ahal izateko; eta harriak ura behar du harri bihurtzeko».
Material horiek, baina, ez ditu bere horretan uzten; izan ere, denborarekin jolasten du, elementuek lurrean duten bilakaera islatzeko. Burdina herdoiltzen du, eta harrietan haizeak eta urak eragindako higadura nabari daiteke. Horrez gain, fosilak ere ikus daitezke harrietan. «Denbora materialek islatzen dute, ez ordulariek», adierazi du Lertxundik. Baina jendeak materiala modu horretan ikusten duenean «okerreko» irudipena duela azaldu du: «Antzinako obra gisa ikusten dute, eta justu kontrakoa da. Ahalik eta gutxien maneiatzen dut materiala. Are, gaur egun artistek egiten dituzten pieza asko nire lanak baino gehiago maneiatuta daude».
«Nik naturarekin lan egiten dut, harmonia lortzeko, eta hortik poesia sortzen dut»
MIKEL LERTXUNDIÂ Artista
«Harmonia» bilatzen du horien guztien artean, eta hortik dator erakusketaren izenburua: «Nik naturarekin lan egiten dut, harmonia lortzeko, eta hortik poesia sortzen dut. Hots, lehenbizi natura dago, gero harmonia, bizi izateko; eta bizipoz hori lortzeko poesia dago».
Lertxundiren obrak ikustera bertaratuko direnei honako hau aurreratu die artistak: «Koadroetan, esaterako, elementuen norabidea ageri da, baina nire buruko gauzak dira, ez da erreala». Horregatik, esan du litekeena dela jendeak beste modu batera ulertzea bere obrak. «Egilea mentalki nola dagoen islatzen dute artisten lanek, baita nireek ere. Pieza batzuk, esaterako, ez dira ezer ere, nire buruko gauzak baino ez dira».