Ikuspegi eraldatzailea izan zuen Denise Scott Brown arkitektoak (Nkana, Zambia, 1931), eta senar eta lankide izan zuen Robert Venturi arkitektoarekin eta Steven Izenourrekin batera egindako Learning from Las Vegas lana da asmo horren adierazgarririk argiena. Lau urte eman zituzten AEBetako hiri hori aztertzen, Yale Unibertsitateko ikasleekin batera, eta 1972an eman zuten argitara azterketa hori biltzen zuen liburua. Antzinako arkitektoen bidaia liburuen airea zuen lanak, eta paisaia urbanoak, jendearen mugimendua, autoen nondik norakoak eta hiriaren esperientzia osatzen zuten marketin zein dekorazio elementuak ere hartu zituzten kontuan. Adituen hitzetan, liburu horrek «apurtu» egin zuen ordura arte erabili ohi zen lanbidearen lengoaia, eta aldatu egin zituen arkitekto garaikideek erabilitako analisi metodoak eta kodeak. Arkitektura postmodernoaren manifestu moduko bat da. Mugarri bat. Eta, hala ere, XX. mendeko bigarren erdialdeko arkitektorik garrantzitsuenetakotzat duten arren, eta lanak elkarrekin sinatu zituzten arren, senarraren itzalak irentsi izan du Scott Brownen figura. Eta, hain zuzen ere, haren ekarpena erreskatatu nahi izan du orain Bilboko Arte Ederren museoak Denise Scott Brown. Hiria. Kalea. Etxea erakusketaren bidez. Maria Pia Fontana eta Miguel Mayorga arkitektoek egin dituzte komisario lanak, eta maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.
Scott Brownen 120 lan inguru bildu dituzte guztira, eta hiru areto nagusitan antolatu dute ibilbidea. Hiria deitu dute lehena, eta Filadelfiarako (AEB) egindako hirigintza azterketak dira nagusi bertan. Las Vegasi buruz egindako azterketak hartzen du bigarren aretoa, Kalea izenekoa. Eta, azkenik, etxegintzari eskainitako lanak batu dituzte azken gunean, Etxea izenburupean. Baina arkitektoak egindako lanaren emaitzak erakusteaz gainera, emaitza horietara iristeko baliatutako tresneria ere jarri nahi izan dute ikusgai komisarioek, eta, horregatik, bisitariak ohar, azterketa, maketa eta plano asko topatuko ditu ibilbidean.
Bakarkako lehena
Johannesburgen (Hegoafrika) graduatu ostean, Londresen eta Erroman jarraitu zituen ikasketak, eta 1958an joan zen Filadelfiara bizitzera, Robert Venturirekin batera. Elkarrekin aritu ziren geroztik, eta elkarrekin sinatu zituzten egindako lanetako asko. Hala eta guztiz ere, Venturiri bakarrik eman zioten Pritzker sari entzutetsua 1991n. Eta atzealde historiko horren kontra egiten du Bilboko Arte Ederren museoaren erakusketak.
Lehen lerroko museo batek arkitektoari egiten dion lehen bakarkako atzerabegirakoa da Bilbokoa. Baina ez da Bilboko Arte Ederren museoak Scott Brownen lanak erakusten dituen lehen aldia. Correspondencias izeneko erakusketa kolektiboa antolatu zuten 1983an, eta bost arkitektoren eta bost eskultoreren lanak erakutsi zituzten. Emilio Ambasz, Peter Eisenman, Frank O. Gehry, Leon Krier, eta Venturi, Rauch & Scott Brown estudioaren lanak ez ezik, Eduardo Txillida, Mario Merz, Richard Serra, Joel Shapiro eta Charles Simonds eskultoreen piezak jarri zituzten ikusgai. Lankideekin batera azaldu zuten orduan Scott Brownen lana, eta hari bakarrik erreparatu diote oraingoan.
«Gordetzeko bildu zituztenez geroztik, orain jarri dituzte ikusgai lehenengoz»
SHILPA MEHTAArkitektoa
Horregatik, erakusketaren bitartez, Scott Brownen lanei «hautsa kendu» zaiela esan du Shilpa Mehta arkitektoak. Baita literalki ere. Mehta 2014az geroztik aritu da Scott Brownekin batera lanean, eta, dioenez, erakusketan bertan ikus daitezkeen bi lanek argi erakusten dute zenbateraino ahaztua egon den haren obra. Learning from Las Vegas lanerako prestatutako panel bat da bata, 1968koa, eta Learning from Levittown ikerketa laguntzeko 1970ean sortutakoa da beste panela. Kasinoz kasinoko ikerketa ikonografiko bat eskaintzen du lehenak, eta aukera ematen du begi kolpe bakar batean haietako bakoitzak dituen iturriak, logotipoak zein aurrealdeak konparatzeko. Eta antzekoa da proposamena Levittown (AEB) hiriari eskainitako panelean ere, baina lan horretan, kartelak diru sarreren arabera antolatzen ditu hiriko etxeen tipologiak, eta haietako bakoitzak zer aurrealde, hesi edota garaje duen erakusten du.
Mehtak nabarmendu duenez, ordea, bi paneletan agerikoak dira hezetasunak eragindako kalteak. Izan ere, bi pieza horiek hainbat urte eman dituzte Scott Brownen eta Venturiren etxeko sotoan. «Bildu zituztenez geroztik, orain jarri dituzte ikusgai lehenengoz».
Alde biografikoa
Scott Brownek etxean zuen Alan Feltus artistaren margolan bat topatuko du bisitariak lehen aretora bidean, eta haren ondoan aurkituko ditu gero arkitektoaren bizitza erakusten duten hainbat argazki. Bertan da Johannesburgoko haren sortetxe modernistaren irudia, esaterako, eta artistaren hainbat erretratu ere ikus daitezke. Batean, lehen senarrarekin batera dago Venezian, Robert Scott Brownekin, eta bigarren senar eta lankide izandako Venturirekin ere ikus daiteke beste hainbatetan.
Biografikoa da erakusketaren itxiera ere. Pablo Garciak eta Manuel Asinsek erakusketarako propio sortutako dokumental bat dago ibilbidearen amaieran, azken aretoan. 2024an egin zioten elkarrizketa, eta, besteak beste, Brownen lehen urteei eta haren lanbideari buruzko hamaika gogoeta bildu dituzte ordu erdiko lan horretan. Bilboko Arte Ederren museoak ekoitzi du, Petronorren babesarekin, eta museoaren Youtubeko kanalean ere ikus daiteke osorik. Hasi eta buka, gaztelerazko eta euskarazko azpidatziekin itzuli dute arkitektoak esandakoa. Hirigintza ekintza moral bat dela dio, esaterako. «Tolesgabetasuna barkaezina izan daiteke. Hirien plangintza modu tolesgabean egiten baduzu, beste gauza batzuk jokoan daudelako, kalte handia egin dezakezu. Moralitate kontu bat ere bada. Hiri plangintzak pobreen kaltetan egiten baditugu, gure tolesgabetasuna immorala da».
Horrez gainera, eta haren lanekin batera, Scott Brownen etxetik jasotako hainbat altzari eta artelan ere ikus daitezke erakusketan. Feltusen margolana da horietako lehena, baina Roy Lichtensteinen zein Andy Warholen artelanak ere badira tartean. Scott Brownen lanari eskainitako katalogoa ere kaleratu dute, ingelesezko, gaztelerazko eta euskarazko testu eta guzti, eta haren lanari buruzko hitzaldi ziklo bat ere antolatu dute.