Zinema

Denzel Washingtonek Donostia saria jasoko du Zinemaldian

Saria jasotzearekin batera, Antoine Fuquaren 'The Equalizer' filma aurkeztuko du aktoreak inaugurazio ekitaldian, Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo. 

Denzel Washington aktore estatubatuarrari emango diote Donostia saria. ZIPI / EFE
Berria
2014ko uztailaren 23a
07:39
Entzun

Antoine Fuqua zuzendari eta Denzel Washington aktore nagusi dituen The Equalizer filmak emango dio hasiera, lehiaketaz kanpo, aurtengo Donostiako Zinemaldiari, irailaren 19an, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Aktoreak eta zuzendariak aurkeztuko dute filma, Kursaal auditoriumean.

 Inaugurazio ekitaldi horretan, Donostia saria emango diote Denzel Washingtoni, bere ibilbide osoaren aintzatespen gisa.



Denzel Washington Mount Vernonen sortu zen (New York, AEB), 1954an. Carbon Copy filmean lan eginez hasi zen zinemaren munduan lanean, 1981ean. 1987an Stephen Biko ekintzaile hegoafrikarraren rola jokatu zuen Richard Attenboroughen Cry Freedom filmean; bigarren mailako gizonezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai izendatu zuten lan harengatik. 1989an Edward Zwicken Glory filmean parte hartu zuen, eta orduan hautagai ez ezik sari horren irabazle ere izendatu zuten. Beste Oscar sari bat ere irabazi zuen gero, gizonezko aktore onenarena, Antoine Fuquaren Training Day filmean (2002) egindako lanarengatik. Aurretik gizonezko aktore onenaren sarirako hautagai izendatua izan zen beste bi filmetan egindako lanarengatik: Sopike Leeren Malcolm X (1992) eta Norman Jewisonen The Hurricane (1999); eta geroztik ere beste behin, Robert Zemeckisen Flight filmean egindako lanarengatik (2013).

Orotara, beraz, bi Oscar sari ditu irabaziak (bigarren mailako gizonezko aktorearena bata, gizonezko aktore onenarena bestea) eta beste lau bider ere hautagai izana da (behin bigarren mailako gizonezko aktore onenaren sailean eta hiru gizonezko aktore onenaren sarian). 

Denzel Washingtonek McCall pertsonaiaren rola jokatzen du The Equalizer filmean. Bere iragan misteriotsua atzean utzi duela pentsatuz bizimodu berri bat hasi duen gizona da McCall. Baina Teri ezagutzean (Chloe Grace Moretz), gangster errusiar ezin bortitzagoen kontrolpean dagoen neska gaztea, ezingo du ezer egin gabe geratu; lagundu beharra sentituko du. Babesgabeei bortizki erasotzen dietenez mendekatzea ahalbidetzen dioten gaitasun ezkutuez baliatuz, McCallek bere buruari ezarritako erretiroa utziko du eta justizia egiteko desioa berpiztuko zaio. Norbaitek arazoren bat baldin badu, zoria bere aurka baldin badago, ez badu nora jo, McCallek lagunduko dio. Bera, izan ere, The Equalizer da.

Richard Wenk da gidoiaren egilea, eta Michael Sloan eta Richard Lindheimek sortutako izenburuko bereko telesaila izan du lanerako oinarri. Ekoizleen artean Denzel Wasington dago, Todd Black, Jason Blumenthal, Alex Siskin, Steve Tisch, Mace Neufeld, Tony Eldridge eta Michael Sloan
ekin batera
.

Antoine Fuqua zuzendariak 1998koa du lehen film luzea: The Replacement Killers. Akziozko dramak zuzendu ditu batik bat, aktore ezaguna izanik bere aginduetara: Jamie Foxx (Bait, 2000), Bruce Willis eta Monica Bellucci (Tears of the Sun, 2003), Clive Owen eta Keira Knightley (King Arthur, 2004), Mark Wahlberg (Shooter, 2007), Richard Gere eta Ethan Hawke (Brooklyn's Finest, 2009) eta Gerald Butler eta Morgan Freeman (Olympus Has Fallen, 2013).

2001ean, Training Day zuzendu zuen Fuquak, Denzel Washington protagonista zuela. Hamahiru urte geroago, Washingtonek eta Fuquak berriz ere bat egin dute, Sony Pictures Entertainment etxeak banatuko duen thriller honetan. Zinema areto komertzialetan urriaren 17an estreinatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.