Artea

Desesperantza hari batek lotuta

Greta Alfaro, Edu Lopez eta Txuspo Poyo artisten obrak elkarren artean solasean jarri dituzte erakusketa batean, Iruñeko Ziudadelan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin osatu dute «solasaldia». Juan Zapater izan da komisarioa.

Edu Lopez artistaren hainbat obra dira ikusgai erakusketan, urtarrilaren 11ra bitarte. IÑIGO URIZ / FOKU
Edu Lopez artistaren hainbat obra dira ikusgai erakusketan, urtarrilaren 11ra bitarte. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko urriaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Slavoj Zizek eta Fredric Jameson pentsalari marxistek formulatua omen da esaldia. Mark Fisher idazleak bere saiakeren bitartez lau haizeetara zabaldua. Eta, berriki, Nakar musika taldeak ere barreiatu du MBBDB kantuan, euskaraz eta punk abiadako musika elektronikoaren gainean. Honela dio, hitzez hitz: «Errazagoa da irudikatzea munduaren amaiera, kapitalismoaren amaiera baino». Eta, orain, baieztapen hori guztiz egia dela erakusteko ahalegin gisara uler liteke Iruñeko Ziudadelan ikusgai jarri duten Etorkizun ezeztatua erakusketa. Juan Zapater arte komisarioak 29 artistaren berrehundik gora obrako sorta osatu du, Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bilduman gordeak ziren hainbat pieza azaleratuz, batetik, eta hiru euskal artistaren zenbait obra ekarrita, bestetik: Greta Alfaro, Edu Lopez eta Txuspo Poyo. Estiloan, forman eta intentzioan askotarikoak dira lanak, baina guztiek dute desesperantza airea. Etorkizun hobe bat edo sikiera nolanahiko etorkizun bat irudikatu nahi bai baina ezin duenak daukan horren parekoa. 

Ziudadelako Arma Aretoan bistaratu dute erakusketa, lehenbiziko solairuan, eta urtarrilaren 11ra arte izanen da ikusgai. Pinturak eta argazkiak dira nagusi, baina bisitariak eskulturekin eta ikus-entzunezko instalazioekin ere topo eginen du aretoan.

Zehazki, Iruñeko Udalaren enkargu bat du oinarrian erakusketak. Komisarioak azaldu duenez, udalak arte garaikideko funts mardul bat du, batez ere 1990eko hamarkadaz geroztik osatutakoa —dela artelanak erosita, dela dohaintzak jasota—. «Zortziehun bat ahotseko ondarea dute gordea», zehaztu du Zapaterrek, baina, hain justu ere, obra horiek guztiak non eta nola gordeta dituzten, hori zuen problema bildumak, komisarioaren iritziz: «Ezkutuan zegoen». Dioenez, udaleko Kultura eta Hezkuntza Saileko kideak ere ohartuak ziren horretaz, eta, horregatik, hori aldatzea izan zuten asmo nagusia enkarguaren bitartez. «Hori, eta elkarrizketa sortzea bildumaren hautaketa baten eta hemengo hiru artista garaikideren artean», zehaztu du komisarioak. «Horiek eskatu zizkidan udalak, eta horregatik daude orain guztiak hizketan: Greta Alfarorenak, Edu Lopezenak eta Txuspo Poyorenak, bai elkarren artean, eta baita beste guztiekin ere».

Besteak beste, artista hauen lanak bistaratu dituzte bildumako obrak ateraz: Helena Almeida, Carlos Canovas, Eulalia Valldosera, Peter Bialobrzeski, Elssie Ansareo eta Bernard Plossu. Hala, askotariko koordenatu geografikoetan sortutako lanak eman dituzte argitara. Zapater: «Horretarako ere balio du erakusketak, erakusteko udalaren bildumak anbizio unibertsala ere baduela».

Dekadentziaz, ezinbestean

Zapaterrek aurreikusi du eskuinetik abiatutako itzuli bat eginez murgilduko direla herritar gehienak erakusketan, eta, hori aintzat harturik, hau da hark eginiko proposamena: Pedro Manterola artista eta Jorge Oteiza Museoa fundazioko zuzendari izandakoaren Aingeru zaindarien triptikoa margolana (1994) izan dezala ikusleak begien bistan lehenbizi, eta erakusketako hiru protagonisten artelanez inguratuta eman diezaiola akabera birari. Hiru hormako gelaxka moduko batean, zain izanen ditu Alfarorenak, Lopezenak eta Poyorenak. Horietan guztietan, diferente baina aski nabarmen irudikatuta dago mundua akaberara hurbiltzen ari delako ideia.

«Bizi dugun garaiak mugitzen nau ni, eta, gaur egun, egunero gosaltzen dugu mundua terriblea dela erakusten duten albistez inguratuta»

JUAN ZAPATER Arte komisarioa

Dekadentzia airea suma dakioke, esaterako, Edu Lopezen Haizetea (2004) margolanari: pintura akrilikoa erabilita eta Georges Prosper Remi Herge binetagile belgikarraren estiloan, New Yorkeko Guggenheim museoaren parte bat irudikatu du artistak lan horretan, baina eraikina hondatua dago, zarpaildua. «Akaso, munduaren amaieraren zorigaiztoko alegoriatzat har daiteke», zehazten da koadroaren ondoko fitxan.

Zapaterren hitzak adituta, irudipena da beste erremediorik ez zeukalako erabaki zuela «etorkizunik ezari» buruzko erakusketa bat ontzea. Egoerak behartuta egin zuela horren alde. «Bizi dugun garaiak mugitzen nau ni, eta, gaur egun, egunero gosaltzen dugu mundua terriblea dela erakusten duten albistez inguratuta», aitortu du, eta «gerra gatazkak» aipatu ditu adibide gisara. Tankera horretako gogoetak buruan zirika zituela, gaiari buruz hausnartu duten pentsalari batzuen oihartzunek ere lagundu diote bidea trazatzen, hala nola Stefan Zweigek eta Franco Berardi Bifo-k esandakoek.

«Jakinen banu zergatik...»

Edonola ere, desesperantza ez ezik, beste gai bat ere ekarri du lehenbiziko lerrora Ziudadelako erakusketak: arroztasuna, gorputz edo irudi estrainioek sor dezaketen ikara, eta fenomeno horiek bere horretan duten potentzialtasuna. Hain justu, Zweigek honela laburtu zuen ideia hori esaldi bakarrean, Zapaterrek gogorarazi duenez: «Kontu arraroek soilik zabaltzen dituzte gure zentzumenak, ikarak soilik handitzen du gure sentsibilitatea».

Deserosotasuna eragiteko gaitasuna ikusi dielako kabiarazi dituzte, hain zuzen, obretako asko aretoan; «arraroak» direlako. Arraroa, adibidez, Alfaroren Nartziso / Narcissus instalazioa (2022), zeinetan, besteak beste, urak hartua duen egongela bat ikus baitaiteke 105 minutu irauten duen bideo batean, eta nola egiten duen uraren mailak gora pixkanaka, altzari guztiak ur azalean flotatzen gelditu arte. Begirada askorentzat arraroa izan daiteke Helena Almeida artistaren 2003ko zuri-beltzezko autorretratua ere: bizkarrez eta guztiz makurtuta ageri da, zolan eserita. Eta arraroa, bereziki estrainioa, eta halako mesfidantza sentsazio bat pizteko modukoa, Cristina Martin Lara artista espainiarraren Wenn ich wüste woran das liegt... (2004, Jakinen banu zergatik gertatu den...) obra. 65x400 neurriko argazki zabal bat da hori, eta, hartan, soinean babes jantziak dituzten bederatzi gizon ageri dira Wannsee lakuko ur hotzetan sartzear —gizon taldea bost aldiz dago irudikatuta—.

Etorkizun ezeztatua erakusketako argazki bat.
Etorkizun ezeztatua erakusketa. Erdian, Cristina Martin Lararen obra bat. I. URIZ / FOKU

«Arrarotasunak interpelatu egiten zaituelako du potentzialtasuna», azaldu du Zapaterrek. Gainera, haren ustez, gauza estrainio eta sarri deserosoak irudikatzea bada gaur egun boladan dagoen joeraren aldamenean haize kontra aritzea ere. «Botere mediatiko eta ikus-entzunezkoek nahi dute beren produktuek ez dezatela inor askorik asaldatu, erakar dezatela, baina molestatu gabe, kontsumoa bermatua izan dadin». Horren aldean, ikuslea «harritzeak» daukan indarra nabarmendu du komisarioak. «Batzuetan, mastekatu gabeko gauzak ematea dagokigu, laztasuna erakustea, baldin eta gauzak gertatzea nahi badugu».

Erakusketa muntatzeko garaian, soinua kontrolatzea izan du erronka zailenetakoa komisarioak. «Alderdi akustikoak zeharo kutsatu dezake edozer; kontuz ibili behar da horrekin», zehaztu du. Erakusketan, emeki-emeki aditu daitezke ikus-entzunezko piezek dauzkaten doinu edo soinuak, baina, aretoaren erdi-erdian egonda salbu, ez daude elkarren artean teilakatzeko bezain ozen. Halere, belarriak zorroztuz gero, badago ahots batzuen zurrumurrua aditzea. Izan ere, aretoaren hondo-hondoan, pantaila batean, etengabe dira ikusgai —eta entzungai— Alfarori, Lopezi eta Poyori eginiko elkarrizketa bana, bata bestearen segidan. Blanca Oria arte komisario eta zinema zuzendariak egin ditu horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.