Legatua hitza hartu du ardatz dFeria Donostiako arte eszenikoen azokak bere 32. aldirako. Heldu den urteko martxoaren 14tik 18ra egingo dute, eta Danimarka izango da herrialde gonbidatua; hala, herrialde hartako arte eszenikoetako hainbat sortzaileren piezak ikusi ahal izango dira Donostian, azokak iraun bitartean. Denera, 31 konpainiaren beste horrenbeste ikuskizun bildu dituzte programazioan, eta 42 emanaldi izango dira guztira, Antzoki Zaharraren, Gazteszenaren, Viktoria Eugenia antzokiaren, Tabakaleraren eta Lugaritz eta Intxaurrondo kultur etxeen artean banatuta.
Ikuskizunen ia erdiek dantza izango dute protagonista (15), eta ia beste erdiek, antzerkia (14). Horiez gain, dena den, zirku ikuskizun bati eta hainbat diziplina nahasten dituen beste bati ere leku egin diete egitarauan. Hamarretik zazpi estreinaldiak izango direla ere zehaztu dute antolatzaileek. Hainbat euskal konpainiaren lanak izango dira tartean, baina baita beste herrialde batzuetakoak ere: Danimarkatik heldutakoek ez ezik, Italia, Taiwan, Espainia eta Argentinakoek ere parte hartuko dute dFerian, besteak beste. Ostiralean jarriko dituzte salgai sarrerak; Donostia Kulturako bazkideek egun bat lehenago erosi ahalko dituzte.
Dantzarekin eta Danimarkatik iritsitako talde baten eskutik emango diote hasiera azokari. Hain zuzen, Danish Dance Theatrek Marina Mascarell koreografoaren Bloody Moon ikuskizuna emango du martxoaren 14an, baina baita bezperako egunean ere, iluntzean, Viktoria Eugenia antzokian egingo duten inaugurazio ekitaldian. Herrialde gonbidatutik heldutako beste hainbat lan ere izango dira ondotik: Uppercut Danseteater taldeak Samba dantza pieza erakutsiko du Tabakaleran, 15ean eta 16an; Paolo Nanik La carta clown soloa aurkeztuko du leku berean, 15ean; eta Fix+Foxy konpainiak Landet uden dromme antzezlanaren gaztelerazko bertsioa taularatuko du Lugaritzen, 17an eta 18an.
Beste hainbat dantza konpainiak ere parte hartuko dute azokan. Lau euskal talderen proposamenak saio bakarrean ikusi ahal izango dira, Gazteszenan, martxoaren 15ean: Erainen Sin fichero adjunto, Noderen Basandere, Osa + Mujikaren Tupper —estreinaldia izango da— eta Lasalaren Burnt piezekin osatu dute emanaldia. Halaber, martxoaren 16an, Begoña Quiñonesek eta Veronica Garzonek Fleeting Matters erakutsiko dute Viktoria Eugenia Club aretoan, eta Cielo Rasok Euforia, Gazteszenan. Hurrengo egunean, Sita Ostheimerrek eta Alvaro Murillok Pulse lana eramango dute Club aretora, Angel Duranek Monument Gazteszenara, eta Led Silhouette euskal konpainiak Noces taularatuko du Viktoria Eugenian, Iruñeko Ganbara abesbatzaren laguntzarekin.
Azokaren azken egunean beste bi dantza emanaldi izango dira. Batetik, Cidanz Producciones-ek Cicbuny 2025 Nazioarteko Koreografia Lehiaketan saritutako hiru dantza pieza aurkeztuko ditu Club aretoan: Fonsi Lopezen Steady Hands, Compagnia Bellandaren Olvídame eta Lai Hung-Chungen Push and Pull. Eta bestetik, Eva Guerrerok zuzendutako Hasta el último baile ikusi ahal izango da Gazteszenan.
Antzerkia eta beste
Hamaika antzezlan ikusteko aukera ere izango da dFerian, tartean zenbait euskal konpainiarenak ere bai, hala nola Txalo Produkzioen Arizona, Ados Teatroaren 52 Hertz, Dejaburen Itzulera eta Tanttaka Teatroaren Desobedientes 18/98.
Horiez gain, bertsoa, dantza eta poesia nahasten dituen eta Alberto Velascok zuzendu duen La Jácara de los cuerpos imposibles ere bildu dute egitarauan. Eta zirku emanaldi bat ere izango da azken egunean, Viktoria Eugenian: UpArte konpainiaren Sisifos.