Antzerkia

Diru gosearen inguruan ardaztutako tragikomedia bat taularatuko du Barsanti konpainiak

'Kodizia Late Night' izenpean, osasun publikoaren eta pribatuaren inguruan hausnartuko dute aktoreek, besteak beste. Kale antzerki bat da, eta greziar tragedia baten itxura eman diote. Etzi aurkeztuko dute, Zarautzen.

'Kodizia Late Night' kale antzerkiaren irudi bat. BARSANTI
'Kodizia Late Night' kale antzerkiaren irudi bat. BARSANTI
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harmaila bana alde bakoitzean aurrez aurre, eta erdian hiru aktore, norgehiagoka baten gisan. Horixe da Kodizia Late Night kale antzerkian publikoak topatuko duen argazkia. Diru gosea dute pertsonaiek, eta, hori abiapuntu hartuta, gizartean pil-pilean dauden zenbait gai jorratuko dituzte. Barsanti konpainia osatzen duten Pako Revueltas, Juanjo Otero eta Aritza Rodriguez dira antzezleak, eta etzi estreinatuko dute, Zarautzen (Gipuzkoa).

Konpainiak orain arte ondutako antzezlan guztiak egunekoak izan dira; orain, ordea, gauean egingo dute lehen aldiz. Erabaki horren arrazoia ikuskizunean aipatzen dituzten gaiak direla esan du Rodriguezek: «Argi genuen helduentzat egin nahi genuela; izan ere, haurrek ez dituzte gauza asko ulertuko». Azaldu du egunez egin dituzten antzerkietara ume mordoa joan izan direla, eta kalean eginez gero, «beti» gerturatuko direla haurrak. Hortaz, gomendio bat eman die antzerkia ikusteko asmoa dutenei: «Umeek ikuskizuna ikusi nahi badute, gurasoekin edo pertsona nagusi batekin ikus dezaten nahi dugu». Edonola ere, zerbait positibotzat dute adin txikikoak ere ikuskizunera joatea: «Badaude ulertuko ez dituzten gauzak, baina horretarako egiten dugu antzerkia, hausnarketarako bidea zabaltzeko. Izan ere, haur horiek galderak egingo dizkiete gurasoei».

«Greziar tragedia ekarri nahi izan dugu; izan ere, diru gosearen gaiak horrekin jolasteko aukera ematen zigun»

ARITZA RODRIGUEZ Aktorea

Istorioa «bi geruzatan» sortua dagoela azaldu du Rodriguezek: «Alde batetik, telebistako late night ikuskizun moduko bat dago, non diruzalekeriarekin zerikusia duten pertsonaiak agertzen diren. Bestetik, bi pertsonaiaren istorioa dago, eta horietako batek hartutako erabaki batek bestearen senide bati eragingo dio». Istorio hori «gaizki» amaituko dela aurreratu du, «greziar tragedia baten moduan». Hots, narrazioa gaur egunean kokatuta hasten da, baina une batean dena hankaz gora jarriko da. «Greziar tragedia ekarri nahi izan dugu; izan ere, diru gosearen gaiak horrekin jolasteko aukera ematen zigun».

Bi narrazioak harmailetatik ikusiko ditu publikoak, horrela girotu baitute aktoreek. Taula gaineko dekorazioa «bitxia» dela iritzi dio aktoreak, baina elementu horiek txertatzearen arrazoia azaldu du: «Dinamikoa izan zedin nahi genuen. Gainera, aktoreen interpretazioa hurbiletik ikus dezake publikoak, eta horrek gertutasuna ematen du». Horrez gain, are hurbilagoa izan dadin, gurdi txiki bat ere izango dutela gehitu du, altuera ezberdinekin jokatze aldera.

Gizarte gaiak oinarrian

Diru gosea ardatz hartuta, osasun publikoaren eta pribatuaren arteko «talkaz» hausnartuko dute, besteak beste. «Osasun publikoa gainbeheran doa, eta osasun pribatua hazten ari da, gero eta gehiago, gainera. Horrekin nola merkantilizatzen den ikusarazi nahi dugu, eta nola osasun pribatuak pazienteak bezero bihurtzen dituen». Horrez gain, haurren minbiziaz ere hitz egingo dute, aktoreak horregatik egin du azpimarra berezia umeak lagunduta joan daitezen.

«Mezurik gabeko antzerki asko dago, baina gure aukera beti izaten da publikoari barrenak mugiaraztea, eta hausnarketarako bidea zabaltzea»

ARITZA RODRIGUEZ Aktorea

Taldea sortu zutenetik jada kaleko bost antzezlan ondu dituzte, eta azken lanaren ildo beretik sortu zituzten aurrekoak ere. Gizarte gaiak jorratu dituzte horietan guztietan, hori baitute gustuko: «Mezurik gabeko antzerki asko dago, baina gure aukera beti izaten da publikoari barrenak mugiaraztea, eta hausnarketarako bidea zabaltzea». Hortaz, «axola» zaizkien gaiak aukeratu eta mahai gainean jartzen dituztela azaldu du aktoreak. «Uste dugu arteak horretarako izan behar duela: iraultzarako eta transgresiorako. Funtsean, kontzientziak astintzen saiatzen gara».

Kale gorrian lehen antzezlana ondu zuten 2018an, bi pertsona nagusiren arteko kaleratzearen inguruko istorio bat. Ondoren, heldu zen Legea gu gara, Poliziaren inguruko lana. «Poliziak eta segurtasun indarrek gure gizartean zein paper jorratzen duten islatu genuen», zehaztu du. 2022an, berriz, Akabo taularatu zuten, suizidioaren inguruko kontakizun bat. Horren ondotik ondu zuten LJ75, eta «faxismo berrien ingurukoa» zela adierazi du Rodriguezek. Askotariko gaiak jorratu dituzte dagoeneko, baina oraindik lantzeke dituzten gaien zerrenda amaigabea dela kontatu du aktoreak. «Azken finean, gu mugiarazten gaituena edo guri molestatzen diguna jartzen dugu taula gainean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA