Dokumentu ondarea aktibatzeko erronkak aztertuko dituzte Artium museoan

Hainbat adituk artxiboen, liburutegien eta dokumentazio zentroen etorkizuna izango dute hizpide Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen XIII. Topaketetan, ostegunean eta ostiralean. Izena emateko epea zabalik dago jadanik.

Artium museoan egingo dituzte Dokumentazio Zentroen XIII. Topaketak, aste honetan. ARTIUM MUSEOA
Artium museoan egingo dituzte Dokumentazio Zentroen XIII. Topaketak, aste honetan. ARTIUM MUSEOA
edurne begiristain
2026ko azaroaren 2a
12:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dokumentu ondarea nola gorde, ikertu, interpretatu eta gizarteratu: horixe izango da Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen XIII. Topaketen ardatz nagusia. Artium museoak ostegunean eta ostiralean egingo ditu jardunaldiak, Gasteizen, Dokumentu-ondarea aktibatzea: ekosistema digitalean sartzeko praktikak, teknologiak eta politikak lelopean. Artxiboetako, liburutegietako eta dokumentazio zentroetako profesionalak, ikertzaileak eta kultur ondarearen arduradunak bilduko ditu topaketak, eta digitalizazioa eta adimen artifiziala sektorean zer aldaketa eragiten ari diren hausnartuko dute.

Digitalizazio masiboaren, prozesuen automatizazioaren eta adimen artifizialeko tresnen hedapenaren eraginez, dokumentu ondarearekin lan egiteko moduak eraldatzen ari dira, eta, topaketaren antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, aldaketa horiek eragina dute jakintza sortzeko, memoria kolektiboa mamitzeko eta herritarrek ondarea eskuragarri izatea bermatzeko moduetan. «Horiek horrela, dokumentu ondareak aukera eman ahal du ikerketa, interpretazio eta bitartekaritza modu berriak garatzeko, bai eta dokumentu funtsak kritikoki berrerabiltzeko eta kontakizun berriak sortzeko ere», azpimarratu dute.

Besteak beste, topaketen helburua izango da «berrikuntzaren eta oinarrizko eskubideen arteko tentsioak aztertzea». Besteak beste, gai hauek landuko dituzte bi egunez: automatizazioak kultura aniztasunean izan dezakeen eragina, prozesuen eraginkortasuna eta jasangarritasuna, zaintzaren eta eskuragarritasunaren arteko oreka, eta adimen artifizialaren erabilerak sortzen dituen arazo etiko, juridiko, politiko eta ekosozialak.

Eraldaketa digitala eta jabetza intelektuala

Ostegunean abiatuko dute topaketa, Elena Roseras Artium museoko Liburutegi, Artxibo eta Dokumentazio Arloko arduradunaren hitzaldiarekin. Haren ondoren, Elisabet Rodriguez Macba Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoko artxiboko teknikariak erakunde horren funts historikoaren kudeaketa eta hedapena aurkeztuko ditu. Laura Donadeo CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiko ondare arloko arduradunak, berriz, dokumentu digitalizatuek kontakizunak eta jakintza sortzeko ematen dituzten aukerak izango ditu hizpide.

Egun berean, teknologia berrien aplikazio praktikoak izango dituzte aztergai. Besteak beste, Javier Garrido Biloria Docu Next enpresako zuzendariak eta Ana Maria Morales Garcia Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko Bibliotekonomia eta Dokumentazio Saileko irakasleak parte hartuko dute. Halaber, zinema artxiboaz eta ondarearen dokumentazioaz gogoetatuko dira Ion Lopez Barrena Euskadiko Filmategiko Kontserbazio Saileko zuzendaria eta Anabel de la Paz Gonzalez Informazio eta Komunikazio doktorea.

Ostiralean, ikerketari, datu irekiei eta erakunde handien eraldaketa digitalari buruz ariko dira Debora Rossi Veneziako Bienalaren Fundazioko Arte Garaikideen Artxibo Historikoko zuzendaria eta Arantza Mariskal Balerdi Tabakalerako Medialabeko arduraduna. Gloria Exposito Espainiako Liburutegi Nazionaleko Prozesu eta Zerbitzu Digitalen zuzendariak erakunde horren eraldaketa digitala aztertuko du, eta, gero, Lucia Ortiz de Zarate Filosofia irakasleak kolonialismo digitalaren, desberdintasunaren eta krisi ekosozialaren arteko harremana landuko du. 

Jabetza intelektualaren inguruko arazoek ere leku nabarmena izango dute bigarren egunean. Besteak beste, Ariadna Matas Casadevall jabetza intelektualeko eskubideetan espezializatutako legelariak ondare digitala berrerabiltzeko egile eskubideen kudeaketari buruz hitz egingo du. 

Topaketak aurrez aurre edo online ikusi ahal izango dira. Antolatzaileen arabera, dagoeneko laurogei lagunek baino gehiagok eman dute izena. Izen emateko epea zabalik dago oraindik. Matrikulak 40 euro balio du —erdia ikasleentzat eta Artium museoaren adiskideentzat—. Informazioa eskatzeko eta izena emateko, biblioteca@artium.eus helbidera idatzi behar da, izen-abizenak eta harremanetarako datuak adierazita.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA