Literatura

Dolores Redondok 1936ko sarraski bat eta 2020ko pandemia uztartu ditu bere lan berrian

Miren Arratibel itzultzaileak euskaratu du Redondoren 'Lorik egiten ez dutenak NASH' eleberria, eta Erein argitaletxeak kaleratu du. Thrillerraren 'mystic noir' azpigeneroan kokatu dute, eta tetralogia baten bigarren liburua da.

Dolores Redondo idazlea, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Dolores Redondo idazlea, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 9a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Dolores Redondo idazleak eta Inazio Mujika Iraola Ereineko editoreak aurkeztu dute Redondoren azken lana. Editoreak azaldu duenez, Redondok sortutako thrillerraren mystic noir azpigeneroan kokatzen da eleberria, eta nobela beltzaren ezaugarriak mistizismoarekin nahastean lortutakoak goraipatu ditu. Mistizismo hori nola ulertu behar den ere azaldu du Mujika Iraolak: «Mistizismoa ez da magia; gauzak oso ondo neurtuta eta bideratuta daude, egiantzekotasunaren mesedetan». Benetako gertakari batetik abiatuta fikzioa sortzen du Redondok, «eta nola, gainera!», gehitu du editoreak. Idazlea true crime-tik aldendu da oraingoan: «Benetako biktimak eta haien familiak presente daudenean, beharrezkoa da muga bat ezartzea idazterakoan».

«Benetako biktimak eta haien familiak presente daudenean, beharrezkoa da muga bat ezartzea idazterakoan»DOLORES REDONDOIdazlea

Izenburuak 1936ko gerran emakumeek bizi izan zuten egoerari egiten dio erreferentzia. Redondoren arabera, etxean geratu ziren gizonak lasai joan zitezkeen ohatzera; emakumeek, aldiz, beti zuten loa kentzen zien pentsamendurik. «Izenburua aukeratzerakoan, emakume horiek omentzeko eta ahizpatasunaren eta amatasunaren gaiak lantzeko modu bat bilatu du Redondok», gehitu du editoreak.

Kontakizunaren abiapuntua Gazteluko (Nafarroa) Legarre leizean dago, urte luzez Sagardia-Goñi familiari loa kendu zion 1936ko sarraskiaren kokalekuan. Redondok berak aipatu du zer pentsa handia eman izan diola gertakizunak: «Hunkitu ninduen, eta oraindik ere hunkitzen nau». Pedro Antonio Sagardia eta Jose Martin haren seme zaharrena gerran zeudela, herritarrek bilera bat egin zuten haren emazte Juana Josefa Goñi eta gainerako seme-alabak herritik kanporatzeko. Familia aurrera ateratzeko bizilagunen baratzeetan lapurretak egitea leporatu zioten Goñiri, bertsio ofizialaren arabera. 1936ko abuztuaren 30ean, goizeko ordu txikietan, Juana Josefa —haurdun— eta haren sei haurrak Legarreako leizera eraman zituzten, eta bertara jaurti.

2016an, hainbat saioren ostean, Paco Etxeberriak, Aranzadi zientzia elkartearekin lankidetzan, 50 metroko sakoneran topatu zituen haien gorpuzkiak —50 metrora gordetako egia—; 2017an itzuli zizkieten familiari, duintasunez hilobiratu ahal izan zitzaten. Haiek hiltzeko arrazoi ofiziala lapurreta izanagatik ere, batzuen ustez politika kontuak zeuden tartean, eta, beste batzuen ustez, baita aurreiritzi sozialak ere. Idazlearen esanetan, «ziurrenik, ezagutzen den sorgin ehiza modernoenaren kasua da», eta gertakari horretatik datorkio berak sortutako Nash Elizondo psikologo forentseari leize hori ikertzeko beharra.

Izan ere, benetako gertakari hori kondairatzat hartu izan zen gorpuzkiak aurkitu zituzten arte, Legarreako kobazuloaren inguruan sortutako beste hainbat kondairaren moduan. Leizearen inguruan sortutako mistikotasun horrek erakarrita sartuko dira bertan Nash Elizondo psikologo forentsea eta haren taldea, eta Andrea Dancurren gorpuarekin egingo dute topo, zeina hiru urte lehenago hil baitzen. Aurkikuntza hori 2020ko COVID-19aren atarian kokatu du Redondok; Mujika Iraolak «nolabaiteko atzera martxa bat» dela adierazi du, irakurleak hasieratik baitaki kontakizunak aurrera egin ahala zer gertatuko den. Teknika berbera erabili zuen idatzitako aurreko lanean, 1983ko Bilbon kokatu baitzuen, uholdeen atarian. Teknika horren bitartez, «irakurlea presio baten pean barneratzen du eleberrian» azaldu du Ereineko editoreak. Hala, Nashen taldearen ikerketa eta pandemiako kontakizunak tartekatu ditu idazleak narrazioan. 

Forentse bat protagonista

Protagonista Nash izeneko psikologo forentse bat izateak badu bere garrantzia. Alde batetik, izenaren etimologiari dagokionez, psikologo forentseek heriotzak sailkatzeko erabiltzen dituzten kategorien ingelesezko siglak direlako NASH (naturala, istripua, suizidioa eta homizidioa), eta, bestetik, protagonistaren ogibidea nahita aukeratu duelako Redondok. 

Figura hori interesgarria egiten zaio Redondori: «Psikologo forentseek ez dituzte ikerketak egiteko poliziek dituzten baliabideak, eta, horrexegatik, herritarren laguntza ezinbestekoa zaie». Ezaugarri hori behin baino gehiagotan azpimarratu du; izan ere, psikologo forentseak «hildakoen psikologo» moduan deskribatu ditu, eta iragarri du «enpatian oinarritutako ikerketa bat» aurkituko duela irakurleak. Hala ere, haren trilogia entzutetsuko Amaia Salazar inspektore protagonista ere agertzen dela aurreratu du.

«Psikologo forentseek ez dituzte ikerketak egiteko poliziek dituzten baliabideak, eta, horrexegatik, herritarren laguntza ezinbestekoa zaie»

DOLORES REDONDOIdazlea

Tetralogia baten bigarren liburua da Lorik egiten ez dutenak NASHUholdearen zain izan zen lehena, zeina Ereinek 2023an plazaratu zuen euskaraz—. Lehenengoa 1983ko Bilbon dago girotua, eta bigarrena, 2020ko Ibar Lasaietan —alegia, Malerreka, Baztan eta Bortzirietan (Nafarroa)—. Itxuraz loturarik ez badute ere «barne-barneko lotura bat» badutela esan du Redondok, eta berdin duela zer ordenatan irakurtzen diren. Tetralogiaren hirugarren liburuari dagokionez, berriz, ohartarazi du hura irakurri aurretik aurreko bi lanak irakurtzea komeni dela. Idazlearen lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte urteotan: orotara, 38 hizkuntzatara, tartean euskara. Ereinen katalogoan aurki daitezke Redondoren lan guztien euskarazko itzulpenak. «Argitaletxe txiki batek horrelako itzulpen lanak egitearen atzean dagoen esfortzua miresgarria da», esan du Redondok horren harira. Mujika Iraolak erantzun du argitaletxearentzat ohorea dela munduan gehien irakurtzen diren idazleetako baten lanak eskaini ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.