Zinema estreinaldiak

Dolua bizitzeko askotariko erak

Gala Gracia zinemagilearen lehen film luzeak, 'Lo que queda de ti' izenekoak, aita hil ostean jaioterrira itzuli behar duen neska gazte baten istorioa kontatzen du; bere bizitzarekin aurrera egitearen edo iraganari eustearen artean zalantzan egongo da.

'Lo que queda de ti' filmaren irudi bat. BERRIA
'Lo que queda de ti' filmaren irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko maiatzaren 14a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sarak 25 urte ditu, eta piano jolea da. Album berri bat grabatzera doa New Yorkera, baina bere aitaren heriotzak jaioterrira itzultzera behartuko du. Bertan, Sarak eta ahizpak familiako baserria eta artaldea jasoko dituzte oinordetzan. Ahizpa herrian bizi da, eta jasotakoa saldu nahi du, baina Sarak urteak daramatza familiarengandik urrun, eta erruak eta aitaren ondarea babestu nahiak bertan gelditzera eramango dute.

Gala Gracia zinemagile espainiarraren lehen film luzea da Lo que queda de ti. 24 urte zituela, Graciak bere aitaren baserria eta artaldea jaso zituen oinordetzan, eta bere ahizparekin zaintzen saiatu zen, aitaren galera ikuspuntu emozional desberdinetatik bizitzen zuten bitartean. Ahizpetako batek aitaren bizitzaren azken urteetan presente egon ez izanaren errua zeraman bizkar gainean, eta besteak kapitulu hura ixteko presa zuen, bere bizitzarekin aurrera egin ahal izateko. Bi ikuspegi horiek daude zinemagilearen lehen lan luzearen muinean, eta istorioa idaztea oso prozesu terapeutikoa izan zen harentzat, kontatu behar zuen zerbait zela sentitzen baitzuen. Pertsonala izanagatik ere oso identifikagarriak izan daitezkeen sentimenduak erretratatzen dituen kontakizun bat da Lo que queda de ti. Aurtengo Malagako jaialdian aurkeztu du, eta soinu banda onenaren saria jaso du.

Landa eremuaren eta baserri baten ustiapenaren erretratu eder baina errealista bat egin izana aitortzen zaio Graciaren filmari; dakartzan lan eta sakrifizio guztiak azalduz, eta bizimodua erromantizatzeko intentziorik gabe. Horretarako, bi ahizpen larruan jarri diren aktoreek, Laia Manzanaresek eta Angela Cervantesek, denboraldi bat igaro zuten zuzendariaren baserrian, inguruarekin lotura erreal bat sortu zezaten. Artalde bat mugitzen ikasi zuten, baita erditze batean laguntzen ere. Zinemagilearentzat egiazkotasun hura ezinbestekoa zen filmaren tonua transmititzeko.

Doluari buruzko film bat da Gala Graciarena. Dolua bizitzeko askotariko moduei buruzkoa, zeinak bizitzako une desberdinetan eta testuinguru psikologiko batean edo beste batean formaz aldatzen baitira. Eta itzulera bati buruzko filma ere bada. Jaioterrira itzulera, ahaztuta zegoen horretara, jatorrira. Erru sentimendu batek bultzatutako itzulera da, atzean utzitako bizitza batean lekuz kanpo sentitzeak zailtzen duena. Gai handi horiek jorratzeko garaian, ordea, txikitasunera jo du zinemagileak. Liskar eta eztabaida handietatik urrunduz, keinu eta isiltasun uneak baliatu ditu erretratu neurritsu baina hunkigarri bat eratzeko.

'Lo que queda de ti'

Zuzendaria: Gala Gracia. Gidoilaria: Gala Gracia. Aktoreak: Laia Manzanares, Angela Cervantes, Rui de Carvalho. Argazkia: Michele Paradisi. Musika: Filipe Raposo. Generoa: Drama. Urtea: 2025. Iraupena: 91 min. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_14951684) (/EZEZAGUNA) tras
'Tras el verano' filmaren fotograma bat. berria

'Tras el verano'

Zuzendaria: Yolanda Centeno. Gidoilariak: Yolanda Centeno, Jesus Luque. Aktoreak: Alexandra Jimenez, Juan Diego Botto, Ruth Gabriel. Argazkia: Jose Luis Bernal Ibañez. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 94 min. Herrialdea: Espainia.

Paula, Raul eta Dani beste edozein familia bezalakoa izan daitezke. Baina Dani ez da Paularen semea, eta egunero amaren titulua merezi duela frogatzeko erronkari aurre egin behar dio Paulak. Bikotea banandu egin da, eta Paulak Dani gehiago ez ikusteko beldurra du. Haur baten samina erdigunean jartzen duen istorio bat.

'Bonhoeffer'

Zuzendaria: Todd Komarnicki. Gidoilaria: Todd Komarnicki. Aktoreak: Jonas Dassler, Moritz Bleibtreu, August Diehl. Argazkia: John Mathieson. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 132 min. Herrialdea: Irlanda.

Dietrich Bonhoefferren fede eta printzipioek espioi bihurtzera eta Hitler hiltzeko konplot batean parte hartzera eraman zuten. Erresistentziarekin konprometitua eta bere herriaren aurka joanez, zapalkuntzaren kontra borrokatu zen.

'Negro limbo'

Zuzendaria: Lorenzo Benitez. Gidoilariak: Mon Fernandez-Dans, David Morello, Lorenzo Benitez. Generoa: dokumentala. Argazkia: Pedro Sara, Jose Ligero. Urtea: 2024. Iraupena: 76 min. Herrialdea: Espainia.

Ginea Espainiarra zaharrean frankismoaren diktaduraren sekretuak eta inpunitatea oraindik ere presente daude. Frankismoak, 50eko hamarkadaren amaieran, Ekuatore Gineako Nazio Askapen Mugimenduaren aurkako krimenak eta torturak ezkutatzea lortu zuen. Haren liderretako bat, Acacio Mañe, atxilotu eta desagerrarazi egin zuten. Orain, haren familiak justizia eta erreparazioa eskatzen du Afrikatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.