Donostiako 61. Zinemaldia. Zazpi gomendio, zazpi iritzi

Narco Cultura.
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Film bana aukeratzeko eskatu diegu zazpi zinemazale ezaguni, Zinemaldian hutsik egin gabe ikusiko duten film bat, eta hura ikusteko arrazoiak azaltzeko. Nork bere filma ikusi ondoren, hari buruzko iritzia ere emango digute ondorengo egunetan, banan-banan.

Xabier Mendiguren Elizegi Idazlea eta editorea

'NARCO CULTURA'

• Zuz.: Shaul Schwarz.

Hainbat lekutan gomendatuta ikusi dudalako erabaki dut film hau ikustea. Zinemaldiaren aurtengo ekitaldian ikusiko dudan aurrenekoa hauxe izango da. Gai interesgarria iruditzen zait narkotrafikoa; eta seguru asko dokumental serio eta ona izango denez, ikusteko gogoz nago».

Telmo Esnal Zinemagilea

'CANIBAL'

• Zuz.: Manuel Martin Cuenca.

Hainbat motiborengatik aukeratu dut film hau. Batetik, izenburuak erakartzen nau; gure hasierak ekartzen dizkit gogora, Txotx eta Brinkola batez ere [Telmo Esnalek Asier Altunarekin batera zuzendutako lanak]. Bestetik, Manolo [Manuel Martin Cuenca] aspalditik ezagutzen dut. Zuzendari laguntzaile moduan ibilia da hura, ni bezala: ez dut ikusi egin duen dena, baina gauza batzuk bai, eta gustatu zaizkit».

Dorleta Urretabizkaia Aktorea eta idazlea

'DE PROFUNDIS'

• Zuz.: Miguelanxo Prado.

Istorioak erakarri egin nauelako hautatu dut batik bat film hau. Azken urte hauetan, animazioa geroz eta gehiago gustatzen zait; aktore lanik ikusterik ez badut ere —gehien gustatzen zaidan gauza—, erakargarria gertatu zait helduentzako animazio filma delako eta kutsu poetikoa sumatu diodalako, amets eta mitoen inguruko istorio ederra».

Beñat Sarasola Idazlea

'SOSHITE CHICHI NI NARU'

• Zuz.: Hirokazu Kore-eda.

Film hau aukeratzera eraman nauen arrazoi nagusia zuzendariaren aurreko bi filmak interesgarriak iruditu izana da, biak Donostiako Zinemaldian ikusiak: Aruitemo aruitemo (Still walking ) eta Kiseki (I wish). Horrez gain, Kore-edaren film berriak oso aldeko kritikak jaso ditu Cannesko zinema jaialdian eman dutenean».

Mikel Hernandez Abaitua Idazlea

'VIVIR ES FÁCIL CON LOS OJOS CERRADOS'

• Zuz.: David Trueba

Duela ia 30 urte, film honen izenburu bera zeukan narrazio bat argitaratu nuen Ispiluak liburuan: Bizitzea erraza da begiak itxita. Jakina denez, esaldia John Lennonen Strawberry Fields Forever abestian dago. Garai hartan, ez zirudien oso egokia literatura serioan pop-rock musikako aipuak sartzeak. Indarrean zeuden oraino goi eta behe mailako kulturen arteko mugak, eta haiek nahastea jende askok desegokitzat jotzen zuen, batez ere gu baino zaharragoak ziren idazle eta irakurleek. Horrez gain, musika irakaskuntzan erabiltzen duen irakasle bati buruzko filma denez, nire bizitzan biziki garrantzitsuak diren bi alor agertzen dira».

Iñake Irastorza Aktorea

'POLIZITIA COPILULUI'

• Zuz.: Calin Peter Netzer.

Zinemaldiko film asko interesatzen zaizkit, baina haietako asko gero ikusteko aukera izango dudala uste dut; Zinemirakoak eta La herida, adibidez. Horregatik hautatu dut hau, honek zaila izango baitu gero hemengo aretoetara iristea. Gaia interesatzen zait, ama baten borroka semea kartzelan sar ez dezaten. Edozein lurraldetan gerta daitekeen istorioa da, eta garantiak eskaintzen ditu, Berlingo zinema jaialdiko Urrezko Hartza irabazi baitu».

Imanol Rayo Zinemagilea

'LA HERIDA'

• Zuz.: Fernando Franco.

Fernando Franco zinema zuzendari nabarmenen muntatzaile izan da, Montxo Armendariz eta Pablo Bergerrena, besteak beste. La herida haren lehen film luzea da zuzendari gisa. Pelikula filmatzen hasi zenetik nahiko gainean izan naiz, kontu bat edo besteagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.