Kutxa Fundazioak datorren astean berrekingo dio bere jardunaren zati bati, eta horrela, besteak beste, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunea ekainaren 2an, asteartean, irekiko ditu berriro ateak. Larrialdi egoera ezarri zenerako irekita zegoen erakusketa (Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez) ikusi ahalko da datorren astetik aurrera. Urriaren 12ra arte egongo da zabalik. Pello Agirre da erakusketako komisarioa, eta artistaren obra fotografikoa du oinarri.
Eureka Zientzia Museoak ere ateak irekiko ditu datorren astelehenean, eta %50eko edukiera izango du. 10:00etatik 19.00 arte egingo da irekita astelehenetik ostiralera, eta 11:00etatik 20:00etara.
Museoko instalazioei dagokienez, Planetariumak eta Volta eta Darwin aretoek % 30ean funtzionatuko dute; simulagailuen aretoa itxita egongo da oraingoz; Animalia, irekita, baina bisita gidaturik gabe; gune komunetan ez da animaziorik egongo (segway-ak, fakirraren ohea…), baina kafetegia zabalik izango da.
Gainera, Energia Txinpartak areto berritua inauguratuko dute, eta, ia hogei urtez errendimendu osoan egon ondoren, hamazazpi modulu erabat eguneratuta dituela itzuliko da. Diseinu berriak eta elektrizitatearen sekretuak ulertzeko moduak erakutsiko ditu, museoaren ezaugarriari eutsiz: zientziarekin ondo pasatzea, alegia.
Museoan hartuko diren segurtasun neurriei dagokienez, sarreran ilarak antolatuko dira, segurtasun-distantzia bermatzeko lurrean seinaleztatutako segurtasun eremuekin, eta leihatilak bereizita: leihatila orokorra, lehentasunezko leihatila (Museoaren Lagunak, online salmenta, aniztasun funtzionala dutenentzat eta 70 urtetik gorakoentzat), Planetariuma (txarteldegietan aurrez tiketa erosita) eta berriz sartzeko aukera (sarrera lortuta izanik, museotik irten eta gero berriro sartu nahi dutenentzat).
Kutxa Kultur Gauak programa ere berriro jarriko dute abian, ekainaren 12an, Tabakalerako laugarren solairuan, Zabaltza terrazan. Bertan, kontzertuak, dantza eta antzerki emanaldiak, topaketak, disko festa, tailerrak eta beste egingo dituzte uda osoan.
Kubo-Kutxa aretoa, irailean
Kubo-Kutxa aretoak irailean ekingo dio bere jardunari, Juan Luis Goenagaren atzera begirakoarekin, Mikel Lertxundi dela komisarioa. Euskal margolari honen lehen atzera begirako handiak bere ibilbide osoko piezak bilduko ditu, bereziki nabarmenduta paperean egindako lana. Joan den martxoan elkarrizketa egin zion BERRIAk Goenagari.
Bestalde, COVID-19aren krisiaren ondorioz, Kutxa Fundazioko Arte Sailak Jose Ramon Amondarainen atzera begirakoa 2021era atzeratzea erabaki du. Francisco Javier San Martin komisario duen atzera begirako honek euskal artistaren ibilbide luzea erakutsiko du ikuspegi ezberdin batetik, artista bere ibilbidearen hasieratik lantzen ari den hiru dimentsioko lana lehen planoan jarriz. Erakusketak artista honen lan-metodologia eta iturriak ere erakutsiko ditu.