Itzali dituzte fokuak, eta jaso alfonbra gorriak. Amaitu da Donostiako Zinemaldia, baina zinemaz gozatzeko hamaika modu daude oraindik; Bilboko Azkuna zentroan, kasurako. Gaurtik urriaren 4ra bitarte, Donostiako Zinemaldian aurten aurkezturiko film sorta bat proiektatuko dute bertan, filmok zirkuitu komertzialean estreinatu aurretik. Guztira, 11 pelikula emango dituzte, eta Igor Legarretaren Inurri itsuak pelikulak abiatuko du programazioa, gaur, 19:00etan. Sarrerak Golem.es webgunean daude salgai, bost euroan.
«Aukeratutako filmek Zinemaldiaren esperientzia luzatu, eta zinema garaikideko ahotsik interesgarrienetako batzuk biltzen dituzte». Hala ziurtatu dute antolatzaileek, eta horixe segurtatzen du egitarauak: Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkezturiko lau lan saridun emango dituzte Azkunan: Javier Ruiz Calderaren 5 minutos más —Javier Camara da protagonistetako bat, eta taldeko interpretaziorik onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu du—, Amanda Kernellen Garrat du váimmu —zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi du—, Maha Haraden Muyou no Hito filma —Fipresci saria eman diote— eta Jesse Eisenbergeren The Debut pelikula —Feroz saria jaso du—.
Perlak saileko beste lau film ere ikusi ahal izango dituzte zinemazaleek; zehazki, Leah Nelsonen Tangles, Olivia Wilderen The Invite, Pawel Pawlikowskiren Fatherland eta Cristian Mungiuren Fjord. Eta zinemazale gazteenek ere izango dute zer ikusi: asteburuan Tafiti eta lagunak fabula eta Maracuda filma proiektatuko baitituzte, biak euskarara bikoiztuta.
Klasikoak berri
Eta zinemaz gozatzeko beste aukera bat: urritik abendura bitarte luzatuko dute Donostiako Zinemaldiaren Klasikoak saila, Euskadiko Filmategiaren eskutik. Datozen hiru hilabeteetan hamaika film emango dituzte Gasteizen (Artium museoa), Bilbon (Arte Ederren Museoa), Donostian (Tabakalera), Iruñean (Golem) eta Donibane Lohizunen (Le Select); esan dutenez, «zinemaren historiako titulu handiak deskubritzen edo berrikusten» jarraitzeko asmotan.
Urriaren 7an abiatuko dute programazioa, Gasteizen, Casablanca filmarekin (1942); Euskadiko Filmategiak lehenengoz emango du film hori bere historian, eta, Gasteizen ez ezik, errenkan botako dute filma aipaturiko beste hirietan ere, urriaren 8an, 9an, 10ean eta 12an. Halaxe egingo dute egitarauaren parte diren beste film gehientsuenekin ere: Safety Last! (1923) izango da hurrengoa, eta lehenengo proiekzioa urriaren 14an egingo dute, Gasteizen. Egitaraua Filmoteka.eus webgunean kontsulta daiteke, eta sarrerak hiri bakoitzeko aretoetan erosi behar dira.
Azaroan, Argentinako La amiga filmak hartuko ditu pantailak (1988). 1976ko estatu kolpearen ondoren diktadurapean bizi diren bi emakume lagun ditu protagonista —Liv Ullmann eta Cipe Lincovsky—, eta, biek ala biek, emakumezko antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuten filma estreinatu zen urteko Donostiako Zinemaldian. Pelikulak lehenengoz eraman zuen pantaila handira Maiatzeko Plazako ama bat. Bada, Jeanine Meerapfel filmaren zuzendariak aurkeztuko ditu Donostiako eta Bilboko proiekzioak; lehena, azaroaren 20an eta, bigarrena, azaroaren 21ean, 19:00etan.
Euskal zinemak ere izango du bere lekua: Ana Diezen Ander eta Yul (1988) filma emango dute urriaren 28an, Gasteizen; 29an, Iruñean; 30ean, Donostian; 31n, Bilbon; eta azaroaren 2an, Donibane Lohizunen. Euskadiko Filmategiak eta EITBk Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu dute filma, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Iruñeko saioan bertan izango da zinemagilea. Nafarroako Filmotekan egingo dute, 19:30ean.