Patxi Barco zinema zuzendariak, ohar baten bidez, Dragoi ehiztaria filmean zuen ardurari uko egin dio gaur. Oharrean salatu du filmaketaren ostean ez duela postprodukzioan esku hartu, eta ekoiztetxeak "ezkutuan" egin duela lan hori, "zuzendaria aintzat hartu gabe".
Barcok dio kontratuan postprodukzioa bere eginkizuna zela zehaztu zutela, eta horregatik orain estreinatzekoa den kopiaren ardura Zurriola Group Entertainment etxearena dela. Kopia hori ekoizleak "ukitu" duela dio zuzendariak, "gidoiaren zenbait zati aldatuz".
Barcok gaineratu du grabaketan parte hartu zuten aktoreek eta teknikoek lan handia egin zutela.
Angel Amigorekin kritiko
Dragoi ehiztaria filmaren ekoizlea eta gidoilaria Angel Amigo izan da. Barcosek dio gidoia "eskasa" zela, eta Amigo "esperientzia gehiago duten profesionalen aurrean" tematu zela "bere erroreen defentsan". Hala ere, grabaketatik "gustora" itzuli zela dio Barcok, "gidoiaren erdipurdikokeria" postprodukzioan zuzenduko zituelakoan.
Berak ezer gehiago egin gabe, ordea, orain ekoiztetxeak estreinaldia iragarri duela salatu du.
"Estreinaldia oztopatu?"
Barcok nabarmendu du kopia horrek ez duela bere "ikuspuntu artistikoa eta teknikoa" errespetatu, eta modu horretan banatuta moralki, pertsonalki eta profesionalki kaltetu dutela uste du.
Horregatik filmaren estreinaldia oztopatzea pentsatu duela dio (oharraren izenburua Estreinaldia oztopatu? da), baina "sektorearen egoera aintzat hartuta", horrek beste pertsona batzuk kaltetuko lituzkelakoan, lege ekimenik ez hartzea erabaki duela argitu du.
"Izan daitezela beste batzuk, publikoa, kritika, erakundeak eta hedabideak ekoiztetxearen eta bere arduradunen balizko baldarkeria eta irizpide eta profesionaltasun eza hori epaitzen dutenak", esan du oharrean.