Donostiako 74. Zinemaldia

Drama izango dute protagonista Zinemaldiko Horizontes Latinos saileko filmek

Guztira hamabi lanez osatu dute sailaren egitaraua; tartean, Valentina Maurelen 'Siempre soy tu animal materno' eta Ricardo Alvesen 'A professora de Francês'. Cannes, Berlin eta Locarnoko jaialdietan lehiatutako zenbait lanek bete dute programazioa.

Valentina Maurel, 'Siempre soy tu animal materno' filmaren zuzendaria, 2026ko Cannesko zinemaldian. CLEMENS BILAN / EFE
Valentina Maurel, 'Siempre soy tu animal materno' filmaren zuzendaria, 2026ko Cannesko zinemaldian. CLEMENS BILAN / EFE
2026ko abuztuaren 10a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrazakeria, laguntasuna, sexu abusuak, diktadura, nerabezaroa, amatasuna, gaixotasuna… Denetariko gaiak jorratuko dituzte Donostiako 74. Zinemaldiko Horizontes Latinos saila osatzen duten pelikulek. Drama izango dute gehienek, ordea, bizkarrezur. Guztira hamabi lan lehiatuko dira sailean, eta Cannes, Berlin eta Locarnoko jaialdietan izendatutako eta saritutako hainbat film luzek osatuko dute egitaraua. Hautatutako pelikula guztiak Latinoamerikan osoki edo partzialki ekoitziak dira, jatorri latinoko zinemagileek zuzenduak edo komunitate latinoetan girotuak.

Valentina Maurelen (San Jose, Costa Rica, 1988) Siempre soy tu animal materno filmak emango dio hasiera sailari. Zuzendariaren bigarren filmak emakume gazte baten istorioa kontatzen du: Europatik Costa Ricara itzuli eta etxera iristean, ikusiko du familia zeharo bananduta dagoela. Marina De Tavira, Daniela Marin Navarro eta Mariangel Villegas aktoreek Emakumezko Aktore Onenaren saria irabazi zuten Cannesko festibaleko Un Certain Regard atalean, filmean egindako lanagatik.

Ricardo Alves Jr. (Belo Horizonte, Brasil, 1982) zinemagilearen A professora de Francês fikziozko laugarren film luzearen mundu estreinaldia ere egingo dute sailean. Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta antzerki zuzendariak zinema esperimentalaren, fikzioaren eta ez-fikzioaren artean egin du bere ibilbidea, eta thriller psikologiko bat aurkeztuko du jaialdian: Belo Horizonten bizi da Graça, neska lagunarekin; frantseseko eskola partikularrak ematen ditu bertan. Egun batean, aitak osasun larrialdi bat izan eta emakumeak haurtzaroko etxera itzuli beharko du. Protagonista kongregazio erlijioso bateko bizilagunek hartuko dute, eta haren identitatea eta zentzutasuna kolokan jarriko dituzte.

Sailaren egitaraua Marcelo Martinessiren (Asuncion, Paraguai, 1973) Narciso filmak itxiko du. 1959an Paraguain bertan kokatutako filmak Narcisoren istorioa kontatzen du. Erregimen militar itogarri batean, protagonista Buenos Airestik itzuliko da, rock-and-rollak liluratuta. Karismatikoa, enigmatikoa, eta gizonek zein emakumeek desiratua, irratiko izar eta askatasunaren sinbolo bihurtuko da azkar. Ikuskizun baten ondoren, baina, hilik agertuko da.

Dramak nagusi

Sail horretan beste bederatzi film ere ikusi ahal izango dira: Diego Lunaren Cenica en la boca; Fernanda Tovarren Chicas Tristes; Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos Garciaren Cinco años, cuatro meses; Manuela Martelliren El deshielo; Lorenzo Ferro eta Lucas A. Vignaleren El tren fluvial; Alessandra Sanguinettiren La ilusión de un verano sin fin; Dominga Sotomayorren La perra; Fernando Eimbckeren Moscas; eta Bruno Santamaria Razoren Seis meses en el edificio rosa con azul.

Saila osatzen duten hamabi filmetatik bi soilik ez dira dramak: Alvesen A professora de Francês eta Sanguinettiren La ilusión de un verano sin fin. Thriller psikologikoa lehena; dokumentala, bigarrena.

Egitaraua osatzen duten hamabi pelikulak Horizontes Make & Mark saria irabazteko hautagai izango dira. Sariaren bidez, filmaren ekoizle nagusiak eta banatzaileak 35.000 euro irabaziko dituzte. Halaber, zuzendarien lehen edo bigarren lanak diren pelikulak Gazteriaren DAMA sarirako (18 eta 25 urte arteko 150 ikaslek osatzen dute epaimahaia) hautagaiak ere izango dira. Zazpi dira aurten: Narciso; Chicas tristes; El deshielo; Cinco años, cuatro meses; El tren fluvial; Soy tu animal materno; eta La ilusión de un verano sin fin.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA