Dramaturgiaren erakusleihoa

Lautan Hiru antzerki laburren jaialdiaren bosgarren aldia egingo dute otsailean, Bilboko Zazpikaleetan

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Gogoberrituta eta berrikuntzaz josita» dator aurtengo Lautan Hiru: antzerki txikia, festibal handia jaialdia, Iñaki Mendizabal Euskaltzaindiko komunikazio arduradunaren hitzetan: «Pandemiak pandemia, bizirik jarraitzen dugu». Aurreko aldietan bezala, antzerkigintza izango da jaialdiaren muina, baina hainbat formatutan. Guztira, bederatzi ekitaldi antolatu dituzte: sei antzezlan, solasaldi taularatu bat, irakurraldi dramatizatu bat eta Ganbila antzerki bildumaren aurkezpena. Euskaltzaindiak, Bira kulturguneak, Zazpi Katu gaztetxeak eta Cafe Bar Bilbao tabernak elkarlanean antolatzen dute Lautan Hiru, eta, aurten, berrikuntza gisa, beste eragile bat gehitu zaie: AEKren Kalderapeko kulturgunea. Horiek izango dira, hain zuzen, ikuskizunak taularatzeko bost agertokiak.

Jaialdiaren bosgarren aldia da aurtengoa. Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunen barruan antolatu zuten lehenengoz, 2019an, eta, harrera ikusita, segida ematea erabaki zuten. Aurten, baina, egitarau murritzagoa prestatu dute, «kalitatearen mesedetan», Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez. Hala ere, hasierako helburu berberei eusten diete: euskarazko antzerkia indartzea, batetik; antzerkilariei beren lanak erakusteko aukerak eskaintzea, bestetik; eta Zazpikaleetako kultur giroan eragitea, azkenik.

Bi ekoizpen propio

Otsailaren 2an egingo dute aurtengo lehenengo emanaldia, eta datozen hiru ostegunetan egingo dituzte hurrengoak: hilaren 9an, 16an eta 23an, hain zuzen. Dramaturgia izango da, gainera, aurtengo ardatz nagusia. «Sarritan, gidoilariak ezkutuan geratzen dira, eta horiengan jarri nahi dugu arreta», adierazi du Mendizabalek.

Berrikuntza gisa, bi ekoizpen propio ere izango ditu aldi honek, lehenengoz: Dramaren komeriak deseraikitzen solasaldi taularatua eta Txizatoki bat eszenatokian antzezlana. Matxalen de Pedrok gidatuko du lehenengoa, eta Aizpea Goenagak, Jokin Oregik eta Eneritz Artetxek parte hartuko dute. «Antzerkigintzaren gakoak azalduko dituzte, modu umoretsu eta jostarian», aurreratu du Mendizabalek. Bigarren ekoizpena, berriz, Patxo Telleriak egin du: «Jaialdirako beren-beregi idatzi du gidoia».

Ekitaldiei dagokienez, askotariko egitaraua prestatu dutela aurreratu dute antolatzaileek. Horien artean egongo da, besteak beste, Cafe Bar Bilbao sariketako aurtengo sariduna: Lutxo Egiaren Hamalau antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo du Mikel Martinez aktoreak. Horrez gainera, aurkezpen bat ere egingo dute: Oier Guillan Susa argitaletxeak kaleratzen duen Ganbila antzerki bildumaren inguruan arituko da.

Era berean, iaz bezala, Ikusle kluba egingo dute aurten ere, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin batera. Ikusle talde batek Maren Basterretxearen Igaro antzezlana aztertuko du otsailaren 8an, eta emanaldia biharamunean izango da, Zazpi Katu gaztetxean. Hala, antzerkizaleen bizipenez hitz egiteko gune bat lortu nahi da.

Jaialdiko bonuak eta sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai, Cafe Bar Bilbaon eta Bira kulturgunean: bonuak zazpi euroan salduko dituzte; pieza bakarra ikusi nahi duenak, berriz, lau euroko sarrera ordaindu beharko du. Bonua erosi dutenen artean, Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura sustatzeko opariak zozkatuko dituzte astero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.