Torreko Hodia ikusgai jarriko dute Ekainberrin, duela 12.000 urte grabatutako pieza bat

Duela hirurogei urte topatu zuten Torreko Hodia, eta, urteurrena baliatuz, aldi baterako erakusketa bat ireki dute pieza ikusgai jartzeko. Erakusketa irisgarria izango da ikusmen urritasuna dutenentzat.

Torreko Hodiaren bi erreplikak, eta grabatuak antzemateko plaka. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Torreko Hodiaren bi erreplikak, eta grabatuak antzemateko plaka. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko uztailaren 22a
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Migel Barandiaran arkeologoak topatu zuen, Oiartzungo Torre haitzuloan (Gipuzkoa), duela hirurogei urte: hegazti baten hezur bat, ia hemezortzi zentimetro pasatxokoa, barrutik hutsa. Lehen begiratuan, ordea, Barandiaran ez zen jabetu pieza hark zer garrantzi zeukan. Urteen poderioz, eta teknologiari esker, hezur horrek grabatu batzuk zituela deskubritu zuten. Besteak beste, animalia irudiak topatu zituzten: oreinenak, zaldienak, ahuntzenak... Ikertu, eta ondorioztatu zuten duela 12.000 urte grabatutakoa zela, Madeleine aldiko gizaki batek eginak; Torreko Hodia deitu zioten. Bada, orain, pieza aurkitu zuteneko sei hamarkadak ospatzeko, Ekainberri museoan (Zestoa, Gipuzkoa) ikusgai jarri dute urte amaierara arte: Torreko hodia. 12.000 urteko galdera izena jarri diote erakusketari.

Goi Paleolitoko piezarik nabarmenenetako bat da Torreko Hodia. Horiek horrela, museoko arduradunek aurkikuntzaren historia modu «ulergarri eta erakargarrian» hurbiltzeko ariketa egin dute. Zer zen, zertarako erabiltzen zen, zer irudi dituen, nola grabatu zuten eta ikerketa lana zer-nolakoa izan zen jakin ahal izango dute, besteak beste, bisitariek.

Gainera, Ekainberri eta Gipuzkoako Foru Aldundia —bien artean ondu dute erakusketa— Begiris elkartearekin aritu dira lankidetzan, mostra ikusmen urritasuna dutenentzat ere irisgarria izan dadin. Hori dela eta, berariaz zenbait pieza sortu dituzte: Torreko Hodiaren bi erreplika —bat tamaina errealean, eta beste bat handitua—, eta grabatuak ondo antzemateko plaka bat. «Erakusketa honek aukera ematen du aparteko pieza bat herritar guztiengana hurbiltzeko», esan du Goizane Alvarez Aldundiko Kultura diputatuak. Bestalde, Ekainberrik iragana «zaintzeko» egiten duen lana ere azpimarratu du.

Ekainberri museora joaten den orok izango du erakusketa bisitatzeko aukera. Gainera, publiko orokorrarentzako erakusketarako sarrera doakoa izango da ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara; erreserba egitea nahitaezkoa izango da. Ostiralero, 17:45ean, doako bisita labur bat ere eskainiko dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA