Durangoko 60. Azoka

Durangoko Azoka: goranzko joera baten gailurrean

Azken hamar urteetako erakusmahai kopurua, kultur ekitaldi kopurua eta aurrekontuak aztertu ditu BERRIAk. Orain arte hautatutako ereduaren arrakasta erakusten dute datuek, bai eta koronabirusak eragindako etena atzean geratu dela ere.

2024ko Durangoko Azokako irudi bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2024ko Durangoko Azokako irudi bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak goranzko kurba betean irudikatu zuen Durangoko Azoka aurtengo aldiaren programazio osoaren aurkezpenean. Haren hitzetan, urtez urteko datu solteak baino adierazle esanguratsuagoa baita azken urteetako goranzko joera hori azokaren osasuna neurtu ahal izateko. Eta, hain zuzen ere, kurba horren gailurra izango da aurtengoa, inoiz baino erakusmahai eta kultur ekitaldi gehiago izango baitira, eta inoizko aurrekonturik handiena lortu baita. Azken hamar urteetako datuen bilduma egin du BERRIAk, eta Gaztelurrutiak aipatutako kurba horren nondik norakoak xehatu ditu. Bi ondorio nagusi atera daitezke hari begira. Bat: hirurogei urteko esperientzia metatuari eta aldian aldiko aldaketei esker azokak jakin duela gaur egungo egoera eta eskarietara egokitzen. Bi: azokak buelta eman diola 2020an koronabirusaren osasun krisiak eragindako etenaldiari. Eta, azkenik, etorkizunerantz luzatzen den galdera bat ere utzi du airean: igar al daiteke nolakoa izango den hemendik hamar urte barruko Durangoko Azoka? Gaurtik astelehenera bitarteko azoka egunetan ikusiko da, akaso, erantzunaren parte bat.

Azokak mende erdi bete zuen urtea du abiapuntu grafikoak; urteurren borobila, alegia. Horrek berezi egin zuen urte hartako azoka: ekitaldi bereziak antolatu zituzten, omenaldiak, liburu bat ere argitaratu zuten azokaren historia biltzeko, eta, horrekin batera, azken urteetan baino diru sail handiagoak ere jaso zituzten antolatzaileek. Urte berezi bat, beraz, eta ekintza kopuru eta aurrekontu bereziak ere bai. 750.000 euro, eta 250 ekitaldi baino gehiago. Hurrengo urtean apaldu egin ziren kopuru horiek, eta, gerora, urtez urte, gorantz joaten ikus daiteke kurba, harik eta, aurten, ospakizunerako urte haren parera heldu arte, bai aurrekontuari dagokionez —770.000 euro—, bai eta programazioari dagokionez ere —273 ekitaldi—.

2020ko etena

Eta, bi mutur horien artean, grafikoki ere begi bistakoa da koronabirusak eragindako osasun krisiak emandako kolpea. Antolatzaileek eutsi egin zioten urteroko deialdiari, baita mugikortasuna mugatzen zuten arauak zorrotzen zeudenean ere. Erlojuaren kontra arituta, erabat moldatu behar izan zuten azokaren eredua, eta, ondorioz, ia-ia erabat digitala izan zen 2020ko azoka. Denda digitala antolatu zuten, eta nagusiki streaming bidez zabaldu zuten kultur programazioa; ehun emanaldi inguru antolatu zituzten, halere. Salbuespen egoera kontuan harturik, urte hartako aurkezpenean ez zuten aurrekontuari buruzko datuak zehazterik izan, horregatik dago hutsunea datuetan. Edonola ere, urte hori izan zen azken hamarkadan azokak bizi izan duen apalena. 2021ekoa da beste urte apaletako bat.

Murrizketa batzuk indarrean zeuden oraindik ere; ondorioz, azoka erdi digitala eta erdi presentziala izan zen. Aurrez izena emanda bakarrik joan zitekeen Landako gunera, esaterako, eta gehienez ere 1.200 bisitariko bost txanda antolatu zituzten egun bakoitzean. Hurrengo urteetako joerari buruzko kezka piztu zuten bi urte horiek, baina, grafikoan ikusten denez, bost urteren buruan pandemiaren aurreko datuak lortu dituzte.

Durangoko Azokaren sasoi estuenetako bat ere grafikotik kanpo geratu da. Urte hartan nolabaiteko tirabira diplomatikoa izan zuten Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Azokak. Gobernuko ordezkariak kritiko aritu ziren publikoki Durangoko Azokaren antolakuntzaz eta eskatzen zuen babes mailaz, eta Gerediaga elkarteko kideek eta azokaren parte diren guneetako ordezkariek agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarrean, egonkortasun handiagoa ziurtatuko zien babesa eskatzeko. Gero heldu zen azokaren 50. urteurrena, eta, datuek erakusten dutenez, gaindituta dirudi egoera hark, azken urteetan gorantz egin baitu erakunde publikoek azokari emandako diru sailak. Eta, beraz, aurrekontuetan ikus daitekeen goranzko joera hori babes publiko sendoago baten erakusgarri ere izan daiteke.

Gunez guneko hedapena

Emanaldien datuak ere badu garrantzirik. Izan ere, aurten hirurogei urte bete dira azoka antolatzen hasi zirenetik, baina baita hemezortzi urte Ahotsenea gunea martxan jarri zutenetik ere, eta, beraz, grafikoaren kurba hori azoka parte hartzaileago baten arrakastaren erakusgarri ere izan daiteke. Aurrez ere martxan zen ume eta gazteentzako Saguganbara gunea, adibidez, baina sortzaileei leku handiagoa eman behar zitzaiela sinetsita, Ahotsenea abiatu zuten 2003an, eta gune horrekin eraldatzen joan da azokaren egitura bera ere. Geroztik, hazten joan da azokaren parte bilakatu diren guneen kopurua.

Aurten, esaterako, bi gune gehiago izango ditu programak: podcasten inguruko Berbagailua eta arte plastikoei eta ilustrazioari buruzko Atartea. Madalenako ermitan egongo da lehena, eta Durangoko Arte eta Historia Museoan bigarrena.

Koronabirusaren krisiaren aurretik, 100.000 bisitariko langak nahiko errotuta zeuden azokan, baina azken urteetan kopuru hori gainditu egin da. Garai batean estimazio bidez egiten zen datu horren kalkulua, baina kontaketa zorroztuz joan da azken urteetan. Unez une Landako gunean zenbat jende dagoen jakin dezakete orain antolatzaileek, eta, hala, dagozkien erabakiak hartu. Azken urteetan, esaterako, behin baino gehiagotan itxi dute erakusmahaietarako sarbidea.

Ez da, noski, azokak goranzko joera bat erakusten duen lehen aldia. Are gehiago, hazkunde prozesu horren ondorioz hartu du azokak gaur egun duen itxura. 1965etik 1974ra artean Elizpean egin bazuten ere, Durangoko Merkatu plazara eraman zuten gero, eta han egin zuten 1974tik 1995era bitartean. Arazoak zituzten lekuarekin, ordea, eta 1996tik 2002ra karpa bat jartzen hasi baziren ere, 2003an Landako gunera eraman zituzten erakusmahaiak. Geroztik, gunez gune zabaltzen joan da egitaraua.

Landako, txiki?

Aurten inoiz baino erakusmahai gehiago izango dituztela ere ikus daiteke grafikoan: 285, guztira. Eta galdera airean dagoela dirudi: azokari jadanik txiki geratu al zaio Landako gunea ere? Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez, oraingoz, azokan izena eman duten guztiei esan diete baietz. Onartu du, ordea, zenbait parte hartzailek ezin izan dutela hasieran eskatu adina leku hartu. «Eragile guztiei esan zaie baietz, inor ez da kanpoan utzi. Baina eragile batzuei ezin izan diegu hazten utzi, eskatzen zituzten mahai guztiak ezin izan ditugu eman».

2014an, Gerediaga elkarteak adierazi zuen bazuela asmoa Durangoko Azoka pixkanaka eta gunez gune hirirantz zabaltzeko. Azoka hiria deitu zioten proiektu horri, eta, gutxi-asko, eredu hori da egungo azokan indarrean dena. Baina, horrekin batera, programa azoka egunetatik harago luzatzeko urratsak ere egiten ari dira azken urteetan. Horren erakusgarri da, esaterako, Zu non, han DA izeneko programa. Aurten, esaterako, orotara 22 liburu aurkeztu dituzte iragan asteotan, Euskal Herriko hemeretzi liburu dendatan. Eta, azken hamarkadako azokaren datuen grafikotik kanpo egon arren, pentsatzekoa da erabaki horiek ere erakusten dutela hemendik hamar urte barruko azokak zer-nolako itxura izan dezakeen.

OHAR PRAKTIKOAK

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.