Palestinarekin keinu bat izan du Durangoko Azokak ere. Elkartasuna adierazteko eta Gazako genozidioa salatzeko, azoka gelditu dute ordu erdiz 14:00etan: postu gehienak itxi dituzte —tartean, BERRIArena—, eta ez da aurkezpenik izan, ezta bestelako ekitaldi ofizialik ere.
Gerediaga elkarteak genozidioa salatzeko antolatu duena izan da ekitaldi bakarra tarte horretan: azokako 136 parte hartzaile elkartu dituzte, eta ehunka bisitari ere bertaratu dira.
Gotzon Gomez Gerediagako lehendakariak azaldu du azoka «inguratzen gaituen munduari so» dagoela, eta, horregatik, aurtengo ekitaldian, une batez bada ere, gelditzeko beharra sentitu dutela: «Palestinako genozidioari ezetz esateko geratu gara. Gure buruak astindu eta elkartasuna aktibatzeko. Palestinako herriari esateko ez ditugula bakarrik utziko. Kulturgileok ere zuekin gaude».

Gomezek hitz egin ostean hasi da kultur ekitaldia. Lehenik eta behin, gaurko ekitaldirako Danele Sarriugartek, Itxaro Bordak, Josu Goikoetxeak, Ainhoa Urienek, Leire Bilbaok eta Erika Lagomak idatzitako olerkiak irakurri dituzte.
Jarraian, Laura Mintegik, Gotzon Barandiaranek, Eider Beobidek eta Maria Osesek Rikardo Arregiren, Nazin Hikmeten, Mosad Abu Toharen eta Mohammed el-Kurden poemak errezitatu dituzte, hurrenez hurren.

Olerkiekin amaitzeko, Hawari ahizpek Mahmud Darwixen Lur honen gainean poema irakurri dute, eta, azkenik, abesti bat jo du zuzenean Esanezin taldeak.