Zubigintza proposamen bat da, funtsean. Durangoko Azokak duela zazpi urte jarri zuen abian Da Pro izeneko programa, eta euskal sortzaileen eta kultur programatzaileen arteko topaketa profesionalak sustatzea izan du beti helburu. Aurten ere bi eguneko egitaraua antolatu dute azokaren atarian. Hamar musikarik hartuko dute parte azaroaren 25eko topaketetan, eta, ondoren, azaroaren 26an egingo dituzte familia ikuskizunen aurkezpenak. Gerediaga elkarteak Musika Bulegoarekin eta Berbaro euskara taldearekin elkarlanean prestatu du programa, eta BBK fundazioa da babesle nagusia. Sortzaileek jada eman dute izena, eta programatzaileek azaroaren 21era arte izango dute horretarako aukera.
Aurreko aldietan, erakunde publikoetan aritzen diren langileak izan dira proiektuan izena eman duten programatzailerik gehienak. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak, ordea, hori baino zabalago definitu nahi izan du Da Pron izena eman dezaketen profesionalen profila: «Nabarmentzekoa da Euskal Herriko musika programatzaileen ugaritasuna: hor daude udaletako teknikariak, baina baita ere liburutegietako teknikariak, jai batzordeak, areto pribatuak eta beste. Askotariko programatzaileak ditugu, beraz, eta guzti-guztiak daude deialdi honetara gonbidatuta».
«Askotariko programatzaileak ditugu Euskal Herrian, eta guzti-guztiak daude deialdi honetara gonbidatuta»
BEÑAT GAZTELURRUTIA Gerediaga elkarteko kudeatzailea
Durangoko Azokak 60 urte beteko ditu aurten, eta, Gerediaga elkarteko ordezkariak gogoratu duenez, esku artean darabilten proiektu gazteenetako bat da Da Pro. Zazpigarren aldia izango du aurtengoa, halere, eta, horregatik, koskortzen hasia den ume batekin alderatu du. Gaztelurrutia: «Da Pro da azokaren semerik edo alabarik txikiena, baina honezkero ibiltzen ikasi du, eta badabil bere bidea egiten».
Orain artean egindako ibilbidea «oso positiboa» izan dela gehitu du. Eta, zehaztu duenez, hain zuzen ere Durangoko Azokari lotuta egoteak egiten du berezi. «Ez da era honetako enkontru bakarra, baina Durangoko Azokak batu dezakeen unibertso horretan egiten da, eta horrek izen emate batzuk eta mugimendua sortzen du. Da Proren ostean Durangoko azoka dator, eta nobedadeak aurkezten dira gunez gune hor ere, eta sortzaileek euren lanak aurkezteko modutzat erabiltzen dituzte gune horiek».
Hamar musikariak
Musika Bulegoarena da musikariei eskainitako topaketak antolatzeko ardura. Aurtengoan 19 proposamen jaso dituztela zehaztu du Maddi Aranak, eta haien arteko hamar hautatu dituzte Da Pro proiekturako. Zehaztu dutenez, aurten, bi profesionalek egin dute galbahe lana: Gorka Erostarbe BERRIAko kazetariak eta Ihintza Orbegozo manager eta musika kazetariak, hain zuzen. Ondorengo artistak izan dira aukeratutakoak: Sueder, Sara Zozaia, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Maialen Ibarra, Uxue Kerejeta, Euskal Barrok Ensemble eta Maider.
Musika Bulegoak, gainera, hitzarmena ere sinatuta du Zornotzako (Bizkaia) Gaztefest jaialdiarekin. Da Pron parte hartzen duten artistei deitzeko konpromisoa ezartzen du lankidetza horrek, baina kopururik zehaztu gabe. Edonola ere, iaz, esaterako, Durangon lanak aurkezten izan ziren hamar taldeen artean sei hautatu zituzten gero Zornotzarako.
Azaroaren 25ean zortzi emanaldiren berri jasoko dute programatzaileek. Familia guztiarentzako emanaldiak dira. Besteak beste, Potx eta Lotx pailazoek, Josan Aramaio musikariak, Grama kolektiboak, Euskal Barrok Ensemblek eta Zurrunka Teatroak hartuko dute parte, eta Lanku ekoizpen etxeak umeentzako bertsogintzarekin lotutako hiru proiektu aurkeztuko ditu.
Euskara hutsezkoak dira Da Pron aurkeztuko dituzten familia ikuskizun guztiak, eta nagusiki euskara hutsez aritzen dira euren lanak aurkeztuko dituzten musikariak ere, nahiz eta baden euskara ez ezik beste hizkuntzaren bat ere erabiltzen duenik ere.
Hamar minutu
Durangoko (Bizkaia) Bizenta Mogel liburutegian egingo dituzte saio guztiak. Eta funtzionamendua antzekoa izango da bai musika proposamenei bai familia ikuskizunei dagokienez. Hamar eta hamabost minutu arteko tartea izango dute sortzaileek programatzaileei euren lana aurkezteko, eta elkarrekin hitz egiteko tarte batzuk ere izango dituzte gero. Sortzaile bakoitzak erabakiko du berea nola erakutsi: dela azalpen bidez, dela zuzeneko emanaldi labur bat eskainiz, dela bideo bat proiektatuz.
Parte hartzen duten artisten proposamenak katalogo batean bilduko dituzte. Durangora gerturatzen diren programatzaileek eskura jasoko dituzte, eta azokaren webgunean ere jarriko dituzte eskuragarri, bertaratzerik izan ez dutenentzat.