Durangoko Azokako bisitari ia-ia guztiak dira euskaldunak —%92, zehazki—, batez beste 45 urte baino gutxiago dituzte, nagusiki emakumezkoak dira —%58,1—, gehien-gehienek lagunekin egin dute azokarako bisita —%80k baino gehiagok— eta kulturazaleak ere badira: urtean gutxienez hiruzpalau liburu erosten dituzte bisitarien %30,6k, eta liburu bat edo bi %25,3k. Durangoko Azokan, 55,19 euro gastatzen ditu haietako bakoitzak —batez ere liburuak erosten dituzte, eta maila apalago batean diskoak—, eta nahikoa da datu hori azokak duen bisitari kopuru orokorrarekin gurutzatzea azoka egunetan bi milioi euro pasatxoko gastua egon daitekeela estimatzeko. Gerediaga elkarteak eskatuta, Durangoko Azokari buruzko ikerketa soziologiko sakona egin zuen Siadeco etxeak iaz. Sortzaileak, eragileak eta bisitariak galdekatu zituzten horretarako, eta orain aurkeztu dituzte emaitzak.
Iazko Durangoko Azokan egin zuen ikerketa Siadeco etxeak. Guztira 100 sortzailek, sorkuntzarekin lotutako erakusmahairen bat zuten 83 eragilek eta 800 bisitarik erantzun zuten inkesta. Talde bakoitzarentzako galdera sorta espezifiko bat prestatu zuten, eta Durangon bertan aurkeztu dituzte emaitzak orain. Ikertzaileen eta Gerediaga elkarteko ordezkarien hitzetan, Durangoko Azokak euskal kulturgintzarako duen garrantziaren erakusgarri dira ondorioak.
Izan ere, ia aho batezkoa da Durangoko Azokari aitortzen zaion garrantzia. Sortzaileen %86k, esaterako, garrantzi handia aitortzen diote; eragileen %87k oso ontzat jotzen dute; eta bisitarien %97k ere oso ontzat. Eta, egitasmoaren dimentsioak kontuan hartuta, azoka «kultur birika» bihurtzen dutela esan dute Gerediaga elkarteko ordezkariek.
Bisitariak gaztetzen
Hobetzeko esparruak ere antzeman dituzte ikerketaren ondorioetan, ordea. Partaide handien eta txikien arteko desoreka aipatu dute antolatzaileek, kasurako, eta logistika alor batzuk ere zorrozteko daudela onartu dute. Besteak beste, ondorengo elementu hauek nabarmendu dituzte inkestatuek hobetzekoen artean: aparkaleku eta komun falta, deskantsurako gunerik ez egotea eta Landako guneko masifikazioa.
«Uste dugu bisitariak gaztetzen ari garela». Beñat Gaztelurrutia Gerediagako kudeatzaileak onartu duenez, helburu hori jarri zion elkarteak bere buruari, eta hainbat neurri hartu dituzte hori sustatzen saiatzeko. Horregatik, pozik daude Siadecoren ikerketak ematen dituen datuekin, bertan azaltzen denez bisitarian %68 direlako 45 urte baino gazteagoak. Horrez gainera, haren hitzetan, datuek agerian uzten dute Durangoko Azokak zenbateko garrantzia duen euskal kulturgintzarentzat ere.
Gaztelurrutiak nabarmendu duenez, gainera, azokaren eragina ez da soilik azoka egunetan sumatzen. Datuek erakusten dutenez, «kontsumo palanka» modura ere funtzionatzen du Durangoko Azokak. Izan ere, Siadecok egindako ikerketaren arabera, Durangoko Azokan ikusitakoak eragina izaten du haren ostean egindako kultur erosketetan ere. Inkestatutako bisitari gehienek azaldu dute horretarako asmoa: %70 inguruk.
Ikusi gehiago
Ikerketaren arabera, liburuak dira bisitariek gehien erosten dituztenak. Eta argi ikusten da inkestan musikagintzak formatuaren inguruan duen krisia ere. Inkestatutakoen %60 inguruk ez baitute diskorik erosi urte osoan. Bisitarien adinaren arabera aldatu egiten dira erosketa joerak ere: zaharrenen artean liburuen erosketa argiago nagusitzen da, eta gazteenen artean pisu handiagoa hartzen du merchandising-ak, adibidez.
Azoka ekonomikoki «fidagarria» dela ere adierazi dute Gerediaga elkarteko kideek. Ikerketak erakusten duenez, erakusmahaia jartzen duten partaideen parterik handienak azken urteetan bezainbeste edo gehiago saldu baitu 2024ko azokan. Zehazki, %26,5ek adierazi dute salmenta gehiago izan dituztela, eta %21,7k antzera saldu dutela. Gutxiago saldu dutela diotenak ere badaude, halere. %25,3 dira azken horiek.
Sortzaile profesionalik ez
Eragileek egindako salmentei dagokienez, haien arteko %25ek lortu dituzte 10.000 euro baino gehiagoren diru sarrerak. Baina tarte horretatik behera daude gehienak, halere. Eragileen %35,5ek lortu dituzte mila eta 5.000 euro artean, eta %18,4 ez dira heltzen mila euroren diru sarrerak izatera.
«Sortzaile onak bai, baditugu, baina ez ditugu sortzaile profesionalak». Hori izan da Gaztelurrutiak inkesta ikusita nabarmendu dituen beste datuetako bat. Inkestatutako sortzaileen artean %20k bakarrik baitute sorkuntza lanbide bakartzat, eta nabarmentzekoa da inkestatutako kulturgileek aipatutako beste datu ekonomiko bat ere. Sortzaileen %55ek urteko diru sarreren %20 baino gutxiago jasotzen dituzte kulturgintzan egindako lanetik.
Aurrez ere, beste bi ikerketa egin ditu Siadeco etxeak Durangoko Azokan. 2018an haren inpaktu ekonomikoa aztertu zuten, esaterako. Eta, harekin konparatuz gero, igoera bat ikus daiteke iaz egindako ikerketan. 2018ko estimazioen arabera, bisitariek 1.737.000 euro gastatu zituzten azokan, eta iazkoan, berriz, 2.104.030. Edonola ere, ikerketaren egileek gogoratu dutenez, kontuan hartu behar da sei urteko tarte horretan KPI indizeak %22 egin duela gora eta, beraz, Durangoko Azokan bildutako datuetan ere eragin zuzena duela horrek. Eta, bestetik, ikertzaileek zehaztutakoaren arabera, azken urteetan bisitari kopurua handitu izanak ere eragin du gorakada hori.